Geure gorputza, geure sexualitatea

Gure gorputzak: berdinak, diferenteak

GEURE GORPUTZA, GEURE SEXUALITATEA

 

 GURE GORPUTZAK: BERDINAK, DIFERENTEAK

Gorputza da geure etxe fisikoa. Ispilu aurrean geure buruari begiratzen diogunean, nork bere gorputza ikusten dugu. Besteek ere geure gorputza ikusten dute begiratzen digutenean. Haur Hezkuntzako etapan, oso normala da norbere burua ikustea, norbere buruari begiratzea, norbere burua ukitzea eta ezagutzea. Haurrak sasoi horretan hasten dira konturatzen desberdintasun sexualez. Ondorioz, areagotu egiten da diferentea ezagutzeko jakin-mina. Hezkuntza sexualean, esku-hartzeko beste lerro batzuen artean, funtsezkoa da naturaltasunez ezagutzea kontzeptua, izendatzen jakitea eta kontzeptuok jorratzea.

 

 

HELBURUAK

  • Naturaltasunez eta lotsarik gabe ezagutzea geure gorputzak.
  • Identifikatzea zer desberdintasun dauden gorputzetan, eta desberdintasunok positibo modura baloratzea. 
  • Geure gorputz-atalak izendatzea.
  • Errespetua agertzea, eta elkarrizketarako irekita egotea. 
  • Jarrera enpatikoa agertzea.

 

GARAPENA

Jarduerari ekin baino lehenago, garrantzitsua da nabarmentzea helburua ez dela bakarrik desberdintasun genitaletan zentratzea, baizik eta aukerak zabaltzea, gorputzen aniztasuna ezagutzea: besteak beste, begi-koloreak, altuerak, azal-koloreak, ile-koloreak oin-eskuen koloreak.

Jarduera hasi baino lehen, ikasleek lan indibiduala egin behar dute. Horretarako, folio, arkatz eta goma bana emango diegu pertsona guztiei, eta eskatuko diegu nork bere gorputzaren marrazki bat egiteko, arroparik gabe. Lana egiten laguntzeko, haur-gorputz biluzien argazki bat jarri ahal dugu; horrela, gorputz-atal batzuk ikusiko dituzte, beharbada ez zaie-eta burutik pasa ere egin atalok marrazkian jartzea. Zenbat eta osatuago egon marrazkia eta gorputz-atal gehiago seinalatu, orduan eta aberatsagoa izango da talde- eta azalpen-lana.

Norberaren gorputzaren autorretratu guztiak bukatu eta gero, ikasgela taldeetan banatuko dugu, ahal dela lau neska-mutiletako taldeetan; izan ere, hobe da beti taldeetan aniztasuna egotea. Talde horietan, pertsonek bina errotuladore izango dituzte: bata, berdea; bestea, morea (edo beste kolore batekoa, baina beti kolore berak talde bakoitzean). Kontua da talde bakoitzak morez seinalatu behar duela zer gorputz-atal dituzten antzekoak taldekide guztiek: zer atal jotzen duten berdintzat. Berdez seinalatu beharko dute, berriz, zer gorputz-atal jotzen duten desberdintzat. Jarduera hori Haur Hezkuntzako azken urtean egiten badugu, beharbada jakingo dute zerbait idazten; beraz, amankomunean azaldu aurretik, marrazkian idatzi ahal izango dute.

Talde txikietan amaitzen dutenean seinalatzen zer den diferentea eta zer antzekoa, amankomunean jarriko dugu klase guztiarekin, komentatu dezaten zer seinalatu duten. Amankomunean jarri ahala, gorputz-atalak komentatu ditzakegu, batez ere izendatzen zailak direnak edo seinalatu ez dituztenak: bekainak, zilborra, belaunak, orkatilak, betileak, alua, zakila, bularra, sabela, eztarria, eta abar. Inportanteena da ezagutu dezatela zer izen duten gorputz-atal guztiek.

Amaitzeko, hitz-erronda bat egin dezakegu. Hitz-erronda horretan, ikasle bakoitzak esan beharko du zer atal gustatzen zaion gehien bere gorputzetik eta zergatik. Parte horretarako, zirkuluan jar gaitezke, eta musika erlaxagarriren bat jarri, dinamika amaitzeko.

Balorazio labur bat egingo dugu klase guztiaren aurrean, eta gogoratuko dugu zein izan diren jardueraren emaitzak; horretarako, era honetako galderak egin ditzakegu:  

  • Zer egin dugu ondo?
  • Zer hobetu behar dugu?
  • Zer gustatu zaizu gehien?

Irakasleak ikasleen erantzunak jasoko ditu, eta hurrengo saioan gogoratuko ditu.

 

IRAUPENA

Jarduera ordubete luza daiteke, ikasleekin landu nahi dugunaren arabera.

 

BALIABIDEAK

  • Ikasle guztiak zirkuluan jartzeko moduko gela bat, denok batzartzeko modukoa.
  • Folioak, arkatzak eta gomak, koloreetako errotuladoreak.
  • Musika.

 

GEHIAGO SAKONTZEKO:

http://www.juntadeandalucia.es/iam/catalogo/doc/iam/1999/82_guia_profesorado.pdf

  • Haur-gorputz biluzien argazki bat prestatu eta eraman dezakegu, erakusteko ikasleek nork bere autoerretratuak egin bitartean.

https://www.argentina.gob.ar/sites/default/files/nuestro_cuerpo.pdf

  • Educación Sexual Integral para la Educación Inicial. Hezkuntza Ministerioa. Nazioko Lehendakaritza. Argentina.

https://www.argentina.gob.ar/sites/default/files/cuaderno-esi-inicial.pdf

 

GURE GORPUTZAK: BERDINAK, DESBERDINAK

 

Nondik gatoz?

GEURE GORPUTZA, GEURE SEXUALITATEA

 

 NONDIK GATOZ?

 

Haur Hezkuntzako etapako sasoi baten, haurrak hasten dira era honetako galderak egiten: nondik datoz haurrak? Galdera horien erantzunak funtsezkoak dira; izan ere, zerikusia dute sexualitatearen aurrean har dezakegun jarrerarekin: gaia naturaltasunez landu nahi badugu (gaia bere horretan hartuko dugu, baina ikasleen adinera egokituta), gaia ezkutatu nahi badugu (gaia ukatuko dugu, eta era horretako galderak saihestu) edo gezurrak esaten nahi baditugu (benetakoak ez diren kontuen bidez erantzuten badugu; esaterako, behin eta berriz emanda haziaren edo zikoinaren azalpena).

 

 

HELBURUAK

  • Informazio gehiago ematea ernalketari, haurdunaldiari eta erditzeari buruz.
  • Hausnartzea zer modu desberdin dauden ugaltzeko. 
  • Ideiak ematea adopzioari buruz.
  • Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea. 
  •  Jarrera enpatikoa agertzea.

 

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da   ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak ohitu daitezen era horretako jardueretara.

Jarduera hori batzartuta egin dezakegu, klase guztia zirkuluan jarrita, elkarren aurpegiak ikusteko eta elkarrizketan jarduteko. Hasteko, ideia-jasa: Nondik datoz haurrak? Hor, hainbat erantzun jaso ditzakegu; koaderno batean idatziko ditugu, gero berreskuratzeko ipuina landu ahala. Batzuetan, errazagoa da galdetzen hastea, azaltzen edo argitzen hastea baino. Hala, ikusiko dugu zer jakingura duten eta zer hiztegi erabiltzen duten gaiaren inguruan.

Gero, hasiko gara “KIli Kontuak” ipuina irakurtzen. Ipuinean galderak azaltzen direnean, geratu egingo gara. Ildo horretatik, galderak gai hauei buruzkoak izan daitezke:

  • Mitoak, hala neska-mutilei buruzkoak, nola ernalketari buruzkoak.
  • Ernalketa-prozesua.
  • Organo sexualak eta ugalketa-organoak.
  • Laguntza bidezko ugalketa
  • Adopzioa.

Testuak planteatzen digun galdera bakoitzean, berriro aipatu ditzakegu haien dudak eta hausnarketak; horretarako, haien hizkera bera erabiliko dugu, baina zuzen adieraziz sortzen diren izen edo kontzeptu guztiak. Inportanteena da desegitea ernalketaren edo erditzearen inguruko mitoak, ikasleek izan ditzaketenak, edota haurdun geratzeko aukeren ingurukoak.

Amaitzeko, galdera-erronda bat egingo dugu galde dezaten ikasitakoari buruz, deigarri iruditu zaienari buruz edo gehien harritu dituenari buruz. Ekografiaren bat ere erabil dezakegu, baldin eta etxean badaukate amaren sabelean zeudenekoa, edota neba-arrebaren batena. Era berean, interesgarria litzateke ama haurdunen bat konbidatzea, galde diezaioten; bestela, bideo bat jar daiteke ikusteko zer mugimendu egiten duen sein batek amaren sabelean.

 

IRAUPENA

Jarduera ordubete luza daiteke, segun eta zer eztabaida dezakegun ikasleekin.

 

BALIABIDEAK

  • Kili kontuak: Arrasateko udala. Sexologia Zerbitzua. 2010.

https://www.elkar.eus/eu/liburu_fitxa/pack-kili-kontuak-sexualitatea-haurrekin-lantzeko-ipuinak/arrasateko-udala-sexolog-zerb/8435226122892

  • Ipuina: Carlos De la Cruz eta Mario de la Cruz. (2011) No le cuentes cuentos. CEAPA. Hemen eskuratu daiteke:

https://www.ceapa.es/wp-content/uploads/2021/01/NO-LE-CUENTES-CUENTOS.pdf

 

GEHIAGO SAKONTZEKO:

https://www.txalaparta.eus/eu/liburuak/kili-kiliak

https://es.scribd.com/document/433680534/Sexu-heziketa

  • Educación Afectivo-Sexual en la Educación Infantil. Hezkuntza eta Zientzia Kontseilaritza. Andaluziako Junta.

http://www.juntadeandalucia.es/iam/catalogo/doc/iam/1999/82_guia_profesorado.pdf

 

NONDIK GATOZ?

Sexualitatea zentzumenetatik zehar

GEURE GORPUTZA, GEURE SEXUALITATEA

 

 SEXUALITATEA ZENTZUMENETATIK ZEHAR

 

Zentzumenak geure sexualitatearen funtsezko alderdi bat dira. Zentzumenen bidez, hasten gara esperimentatzen zer gustatzen zaigun eta zerk nahigabetzen gaituen; era berean, geure ingurunea aztertzen dugu, bai eta inguruko mundua ere. Sentimen-organo bakoitzak ezaugarri bereziak ditu, eta geure autonomia zabaltzeko balio digu. Hala ere, kontuan izan behar dugu ezen, zentzumen horietako bat ezin badugu garatu –dela gorrak edo itsuak garelako, dela desgaitasun fisikoren bat dugulako–, beste zentzumen guztiak areagotu egiten direla. Horrek ez du esan nahi ezin dugula landu bizitzaren alderdi hori. Bakarrik adierazten digu kontuan hartu behar dugula era guztietako ikasleak ditugula eta kontuan hartu behar ditugula.

 

 

HELBURUAK

  • Zentzumenak erabiliz, hausnartzea zer dugun gustuko eta zerk nahigabetzen gaituen. 
  • Lankidetzan jardutea. 
  • Jarrera enpatikoa agertzea.

 

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da  ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak ohitu daitezen era honetako jardueretara.

Ondo dakigunez, bost zentzumenek (usaimena, dastamena, ikusmena, ukimena eta entzumena) ezagutzak zabaltzen laguntzen digute; baita gure sentsazioak eta emozioak ere. Horretarako, lantegi bat prestatuko dugu. Lantegi horretan, zentzumen guztiak landuko ditugu geure sexualitatearekin lotuta.

Adibidez:

  • Ikusmena: irudi atseginak bilatu ahal ditugu, hala nola paraje, ozeano, animalia, besarkada eta laztanenak, eta abar. Aldi berean, beste irudi batzuk ere bilatuko ditugu, ez hain atseginak; esaterako, haserrealdi batenak, baso bat erretzen, edota itsaso bat, kutsadura dela-eta hildako arrainak dituena.
  • Usaimena: hemen, usain gozoa duten objektuak erabil ditzakegu, hala nola kolonia-ontzi bat edo dutxako xaboia; bai eta usain gozoa ez duten beste objektu batzuk ere, hala nola arrautza egosi bat, kipula bat edo baratxuri bat.
  • Dastamena: zentzumen hau lantzeko, familiei eskatu ahal diegu laguntzeko, eta zeozer ekartzeko, oso gustukoa dutena, egun horretako askarirako. Kontrara ere, beste jaki batzuk ere eraman ditzakegu; adibidez, limoiak, piperrak edo brokolia.
  • Entzumena: zentzumen honetarako, musikara jo dezakegu; ez dago ezer hoberik. Horretarako, aukeratu ahal dugu musika erlaxagarriren bat, eta beste bat, fuerteagoa, entzuten nekezagoa.
  • Ukimena: zentzumen hau lantzeko, benda bat erabili ahal dugu, errazagoa izan dadin ukimenean kontzentra daitezela. Begiak bendaturik eta pareka, ikasleei eskatuko diegu sentimendu batzuk adierazteko eskuen bidez. Adibidez: haserrea, poza, tristura, beldurra.

Dena antolatuta daukagunean, ikasle guztiekin lan egingo dugu, eta banan-banan landuko ditugu zentzumen guztiak. Komeni da benda batzuk edukitzea begiak estaltzeko, ikus ez dezaten zer landuko dugun; salbu ikusmena lantzen dugunean, jakina.

Lantzen dugun guztiarekin, gure ikasleek esan ahal izango dute zer gustatzen zaien gehienei, eta zer gustatzen zaion pertsona bakar bati edo batzuei. Are gehiago, gerta daiteke talde guztiari gustatzea gauza bera, edo nahigabetzea gauza berak. Kontua da esperimentatzea, eta zentzumenen bidez, ikastea antzematen zer gustatzen zaigun eta zer ez. Zentzumen batekin lan egin eta gero, amankomunean jarriko ditugu geure sentsazioak eta hausnarketak, eta beste zentzumen bati ekingo diogu. Bost zentzumenekin lan egin eta gero, taldeko eztabaida bat antolatu dezakegu, gai batzuk lantzeko; adibidez:

  • Zer zentzumen egin zaizu deigarrien?
  • Zer zentzumen gustatu zaizu gehien? Eta gutxien?
  • Erabili ditugun objektu guztietatik, zein gustatu zaizue gehien? Eta gutxien?
  • Zer zentzumenekin sentitu zarete erosoen?
  • Zerk harritu zaituzte gehien?
  • Zentzumenen bidez, ba al dago jakiterik zer gustatzen zaigun eta zerk nahigabetzen gaituen?

 

IRAUPENA

Adinaren arabera eta kontuan izanik zenbat sakondu ahal dugun ikasleekin zentzumen bakoitzean, jarduera ordubete eta erdi luza daiteke.

 

BALIABIDEAK

Gela bat behar dugu, leku nahikoa izateko dinamika lantzeko, eta gero talde osoa zirkuluan jartzeko.

 

GEHIAGO SAKONTZEKO:

  • Guztiok. Ikasgelan sexu heziketa lantzeko eskuliburua. Bertan baliabide gehiago agertzen dira.  

https://es.scribd.com/document/433680534/Sexu-heziketa

  • Lehen haurtzaroko hezkuntza sexuala. Haur hezkuntzako guraso eta irakasleentzako gida.

https://sede.educacion.gob.es/publiventa/la-educacion-sexual-de-la-primera-infancia-guia-para-madres-padres-y-profesorado-de-educacion-infantil/educacion/11476

  • García, P., eta Martí, M. C. (2019). «El taller de los sentidos». una experiencia inclusiva para facilitar el ajuste a la discapacidad visual en Educación Infantil. Revista digital sobre discapacidad visual, 74, 70-88.

https://www.once.es/dejanos-ayudarte/la-discapacidad-visual/revista-red-visual/numeros-anteriores-revista-integracion/2019-integracion-74-75/numero-74-de-la-revista-integracion

 

SEXUALITATEA ZENTZUMENETATIK ZEHAR