GUIA PARA LA ELABORACIÓN DEL PLAN DE COEDUCACIÓN EN LOS CENTROS EDUCATIVOS DE LA CAPV

SARRERA

Hezkidetza gaingiroki defini dezakegu neska-mutilen berdintasuna era espezifikoan lantzen duen eta aldi berean zeharkako ardatz moduan txertatzen den hezkuntza gisa. Hezkidetza-eskolako maisu handienetako bat izan zen Mari Jose Urruzolak honela definitu zuen hezkidetza: “Neskak eta mutilak genero femeninoaren eta maskulinoaren arteko desberdintasuna alde batera utzita heztean datza, hau da, abiapuntu modura sexu mailako desberdintasuna hartuko da, norberaren indibidualtasuna sustatuz, baina bizi garen gizarte sexistatik betearazten zaizkien rolak kontuan hartu gabe” (1995: 267).

Simonek (2000) eta Subiratsek (2010) ere baieztatzen duten bezala, hezkidetza ez da hartu behar eskola mistoaren sinonimotzat. Hezkuntza mistoa esaten zaio formazio-espazio berean neskak eta mutilak txertatzen dituen eta, aldi berean, batzuentzat zein besteentzat curriculum-eredu bera proposatzen duen hazkuntza-ereduari. Espazio eta curriculum bera partekatzeak ez du esan nahi berdintasunean eta berdintasunerako hezten ari denik.

Emakumeen eta gizonen arteko eskubideen, aukeren, betebeharren, lanaren eta abarren berdintasuna helburu duen hezkuntza-eredua da hezkidetza (Luixa Reizabal, 2016). Desberdintasunetatik abiatuta berdintasunean heztea da, oso xede garbiarekin: etiketarik gabeko mundu bat eraikitzea, non emakumeak eta gizonak maila berean egongo baitira, beren eskubide eta askatasunekin (Amelia Barquin, 2016).

Jende asko inplikatzen gara ikasleen heziketan eskolatze-prozesu osoan: ikastetxeko zuzendaritza, gurasoak, irakasleak, orientatzaile taldeak, irakasleak ez diren langileak (jantokia, mantentze-lanak, ikastetxeko garbiketa...). Badakigu ikastetxean egingo duten egonaldia erabakigarria izango dela, eta saiatuko gara haien gaitasun intelektual, fisiko, emozional eta sozial guztiak gara ditzaten. Gure nahia da haiek ikastea harremanak izaten elkarrenganako errespetutik eta errekonozimendutik; haien eta ingurukoen bizitzen zaintzarekin konprometitzea; haien etorkizun profesionalari aurre egiteko prestatzea estereotipo sexistarik gabe, norbera bere trebetasun eta gaitasunekin; eta era arduratsuan eta aktiboan parte hartzea, herritar gisa, gizartean eta bizitzea egokitu zaien garaian.

Egunero, ordu batzuez harremanak izaten dituzte gelan, korridoreetan, jolastokian, gimnasioan... Ikasgelako espazioa partekatzen dute, beren parekoak direnekin identifikatzen dira, sentimenduak aztertzen dituzte, ikasgela norekin konpartitzen duten ulertzen ahalegintzen dira, bakarrik nahiz lagunekin ikasten dute eta beren kezkez eta interesez jarduten dira. Harremanak berdintasunean izaten ikasi behar dute aldi horretan.

Batzuetan, berdintasun hitza oker ulertzen da, kontua balitz bezala neska-mutilen desberdintasunak ezabatzea, berdin bihurtzea, edo neskak mutilak bezalakoak izaten saiatzea. Baina ez du hala behar. Hain zuzen ere, berdintasunak balioa ematen dio desberdintasunari, aberastasuna baita, baina ez desberdinkeriari; azken horrek bidegabekeria, indarkeria eta sexu batekoak bestearen gainetik jartzea esan nahi du.

Hezkidetza-eredua garatzeko, komenigarria da hezkidetza-plan bat prestatzea hezkuntza-komunitatea osatzen duten kide guztiekin, eta hala ezarrita dago plan honetan: EAEko Hezkuntza Sistemarako Hezkidetzaren II. Plana, berdintasunaren eta tratu onaren bidean, 2019-2023.

Hala, ikastetxeko hezkidetza-plana prestatzeko prozesuan, ardatz nagusietako bat da ikasleekin ikasgelan egiten den lana.

Alde horretatik, oinarrizkoa da ikasleak aintzat hartzea plan hori egiteko; alegia, haien pentsamenduak, iritziak eta proposamenak ezagutzea. Hori dela-eta, lan-proposamen bat aurkezten dugu Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasgeletara eramateko.

Lan-proposamen hori landu daiteke tutoretzako saioetan (Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), konpetentzia sozial eta zibikoetan (Lehen Hezkuntza) eta balio etikoetan (Bigarren Hezkuntza), eta, hala, konpetentzia sozial eta zibikoaren eta bizikidetzarako konpetentziaren garapenean lagundu. Hala berean, ikasleen partaidetza-egituretan ere aplika daiteke, hala nola Bizikidetza Behatokia, Ordezkarien Batzordea, bizikidetza zirkuluak... baina interesgarria izango litzateke, halaber, ahalik eta irakasle gehienak inplikatzea, ikasleek ikus dezaten ikastetxeko irakasle guztiak inplikatuta gauden gaia dela, eta ez dela "gutxi batzuen gauza" eta curriculumeko ikasgai guztiak ukitzen dituela.

Jardueretako batzuek hasierako gogoeta bat izango dute ipuinen batetik, istorioren batetik edo bideoren batetik abiatuta. Beste batzuetan, horretarako berariaz egindako lanabesak erabiliko dira. Nolanahi dela ere, hasieran gogoeta pertsonal batekin eta talde txikietan egindako lanketa batekin hasiko dira, eta ikasgela osoko eztabaida batekin edo bateratze-lan batekin amaituko da.

Beti emango zaizkie jarduera gauzatzeko behar diren materialak, praktikan jartzea erraza izan dadin.

Ikasleek egindako proposamenak Hezkidetza Planean jasoko dira.