BERDINTASUNEZKO HEZKUNTZA AFEKTIBO ETA SEXUALA: BIGARREN HEZKUNTZA
Gure bizitzako funtsezko alderdi bat da hezkuntza afektiboa eta sexuala, batez ere haurtzarotik aurrera; izan ere, giltzarria da garapen integrala izateko. Pertsona guztiak jaiotzen gara sexudun, baina ez daukagu hezkuntza sexual integralik, berdintasunean oinarriturik. Hala, sexualitateaz hitz egiten dugunean, hainbat alderdi aipatzen ditugu, zerikusia dutenak plazerrarekin, komunikazioarekin, interakzioekin, emozioekin, mugekin, eta abarrekin. Beraz, sexualitatea eta sexua ez dira gauza bera. Sexua diogunean, gorputz sexudunak aipatzen ditugu; sexualitatea diogunean, berriz, pertsonen beste dimentsio bat aipatzen dugu. Zentzu horretan, inportantea da argi uztea sexu batek ez daukala besteak baino balio gehiago, eta ez duela erabakitzen zein diren gure portaerak eta ekintzak. Diferente izateak ez du esan nahi desberdin izatea. Hezkuntza sexualean, beste kontu bat ere izan behar dugu aintzakotzat: afektibitatea bilakatzen da ardatz nagusia; hala, sexualitateaz ari garenean, alderdi afektiboa aipatzen dugu. Azken elementu integratzaile modura, sexualitateak aniztasuna ere badakar: pertsona guztiek, gorputz guztiek ez dute sexualitatea berdin bizi edo aditzera ematen; hori dela eta, landu beharko litzateke nola egin ikusgarri LGBT pertsonak eta nola landu haiek jasaten duten bazterkeria ez betetzeagatik espero den arau heterosexuala.
Osasun eta garapen pertsonal gisa, hezkuntza sexualaren helburua da: pertsona modura haztea, eta sexualitatearekiko jarrera baikorra eta arduratsua garatzea, bide emango duena erantzukizunez jokatzeko, ez bakarrik norberaren buruarekin, baita testuinguru sozialean dauden gainerako pertsonekin ere.
Gure sasoiko erronketako bat hezkuntza sexuala da. Hori dio UNESCOk 2018an “Sexualitatearen alorreko hezkuntzari buruzko nazioarteko orientabide teknikoak. Ebidentzian oinarritutako ikuspegia” izenaz bultzatu zuen testuak. Testu hori UNIFECek eta NBEk ere babestu zuten, eta Garapen Jasangarriko Helburu”en artean txertatu da. Dokumentu horretan, planteatzen da goiz hasi behar dela hezkuntza sexuala, eta sistematizatu egin behar dela eskola-etapa guztietan zehar. Horretarako ematen diren arrazoien arabera, hezkuntza sexualak ondorio positiboak ditu, hobetzen duelako zer dakiten pertsonek sexualitateari buruz. Horrenbestez, portaera sexual eta osasun sexual arloko jarrera ere hobetzen du; murriztu egiten dira transmisio sexualeko gaixotasunak eta GIB izateko arriskuak, baina ez da handitzen pertsonen jarduera sexuala. Gainera, genero-ikuspegiaz ematen den hezkuntza sexuala askoz eraginkorragoa da ikuspegi hori sartzen ez duena baino. Hezkuntza sexualak eraginkortasun handiagoa du baldin eta familiekin koordinatuta hezten bada; hau da, etxea eta eskola batera ahalegintzen badira hezkuntza sexual bat ematen, oinarritzat hartzen duena pertsona guztien berdintasuna, osasuna, plazerra eta errespetua, eta aintzat hartzen duena zer desberdinak diren, berez, gizaki guztiak.
UNESCOren txostenaren arabera, ebidentzia enpirikoak daude erakusten dutenak ezen, curriculumean hezkuntza sexual integrala sartzen bada, beranduago hasten direla harreman sexualak, arrisku-portaera gutxiago daudela, edota antisorgailu gehiago erabiltzen direla.
Hori guztia kontuan izanik, hezkuntza sexual integralak sexualitatearen alderdi kognitibo, emozional, fisiko eta sozialak lantzen ditu. Alderdi horiek ikasgelan ezartzen ditu, eta ikasleen adinera egokitzen; hau da, ikasleen premia eta jakinguraren arabera enfokatzen dira. Autonomia lantzen den bezala jorratzen dira: ikasleen heldutasunak bide ematen digun neurrian, ikasleak prestatzen joango dira.
Hainbat azterlanek adierazten dutenez, hezkuntza sexual integralik ez izateak ez dakar abstinentzia; aitzitik, arrisku gehiago eragiten ditu nerabezaroan eta gaztaroan, eta bide ematen du beste tresna batzuek ordezka dezaten eskolan edo familian jorratzen ez den hori. Pornografia “instrukzio sexual faltsua” bilakatzen ari da, eta gero eta goizago iristen da (Luís Ballester eta Carmen Orteren azterlanen arabera, 8 urterekin iristen da). Horrek emakumeen kontrako indarkeria esplizitu bat erakusten du, eta sexulalitate koitozentriko bat, gizonen begiradari zuzendua.
.
Helburuak
- Hiru etapetako helburuek hiru ardatz nagusiri erantzun beharko diote:
- Norbere burua ezagutzea.
- Norbere burua onartzea.
- Norbere erotika adieraztea.
- Ezagutzea zer aldaketa fisiko eta psikologiko gertatzen diren adoleszentzian.
- Norbere gorputza komunikazio- eta plazer-iturri gisa onartzea.
- Errespetatzea zenbat gustu dagoen erakarmen erotikoan.
- Aztertzea zer edertasun-eredu estetiko dauden.
- Ezagutzea zein den gizonezkoen eta emakumezkoen fisiologia eta anatomia.
- Hartu-eman pertsonaletako eta sexualetako etika transmititzea: baimentzea, plazerra partekatzea, osasun sexuala, leialak eta berdinak izatea, eta elkar zaintzea.
- Egoera gatazkatsuak enpatiatik ebaztea, eta onartzea besteek ere eskubideak dituztela.
- Lankidetzan jardutea eta elkarri laguntzea.
- Aniztasunetik eraikitzea imaginario erotikoa, eta ez sexismotik.
- Ezagutzea zer desberdintasun dauden nesken eta mutilen artean.
- Osasun sexualeko eta ugalketako baliabideak erabiltzea.
- Modu kritikoan argudiatzea sare sozialen erabilera etikoari buruz.
- Errespetuz adieraztea norbere desioak.
Lorpen adierazleak
- Ezagutzea zer aldaketa dakartzan pubertaroak neska-mutilen gorputzetan.
- Aniztasun sexuala eta familiarra errespetatzea.
- Ikuspegi kritikoa izatea ezartzen diren edertasun-ereduekiko.
- Identifikatzea zer diren harreman sexual baimenduak eta zer baimendu gabeak.
- Sexualitatearekin lotutako mitoak identifikatzen jakitea.
- Pornografia zalantzatan jartzea eredu sexual eta hezigarri modura.
- Ezagutzea zer arrisku egon daitekeen harreman sexualetan.
- Berdintasuna defendatzea bizitza sexualaren funtsezko ardatz modura.
- Errespetuz adieraztea norbere desioak.
Hezkuntza-etapa guztietarako ebaluazio-irizpide amankomunak
- Analisia
- Pentsamendu kritikoa
- Aktiboki parte hartzea
- Konpromisoa
- Berdintasuna
- Errespetua
Jarduerak
- Erlaxazio zirkularra
- Sexualitatea ez da genitalitatea
- Plazer anitzeko karta
- Geure egunkari sexualak
- Neure sexualitatea zaintzen dut
- Harreman atseginak eta ez-atseginak: baimena, betekizun modura
- Mitoaren aurrean, informa zaitez
- Jarri egiten nau; gustatzen zait: orientazio sexualak
- Pornografiak birziklatzen ditugu
- Hipersexualizazioa, lodifobia eta sare sozialak
- Berdintasunean oinarritutako hezkuntza afektibo sexuala