NAHI DUGUN ESKOLA
Nahi dugun eskola. Eskola hezkidetzailearen helburuak
Heziberriren esparru pedagogikoan formulatzen diren hezkuntza-oinarrietako batek ezartzen duenez, Oinarrizko Hezkuntzak hezkuntza-eskubidea bermatu behar die pertsona guztiei; beraz, zuzentasun eta justizia sozialaren planteamendu etiko batetik, hezkuntzak aukera-berdintasuna eskaini behar du, inolako bazterketarik gabe, eta konpentsatu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta pertsonalak. Oinarri horren ara- bera, bai Administrazioak eta hezkuntza-arduradunek bai hezkuntza-komunitateko profesionalek eta partaide guztiek bultzatuko dute inklusioa, hau da, hezkuntza barneratzailea eta pertsonalizatua, oinarrizko eta derrigorrezko hezkuntza amaitu arte. Horrekin batera, modu osagarrian, hezkuntza-sistemak erronkatzat hartu behar du ahalik eta ikasle gehienak bikaintasunera eramatea28.
Bestalde, Hezkuntzaren xedeen artean adierazten da:
b) Pertsonaren garapen integrala, maila guztietan: garapen fisikoa, kognitiboa, komunikatiboa, soziala, kulturala, morala, afektiboa nahiz emozionala, estetikoa eta espirituala.
Esparru arauemailean ezarritakoa bermatzeko ekimen integrala behar da oinarrizko hezkuntzan, ulertuta hezkidetza zeharkako elementu positiboa dela mutilentzat zein neskentzat, berdintasuneko hezkuntzaren ga- rapena eta, aldi berean, genero-indarkeriaren prebentzioa bermatzen baititu.
Hezkidetza defini dezakegu, gaingiroki, neska eta mutilen arteko berdintasuna modu espezifikoan eta aldi berean zeharkako ardatz gisa txertatzea bereizgarri duen hezkuntza gisa. Hezkidetza-eskolaren maisu handietako batek, Mª José Urruzolak, honela definitu zuen: «neska-mutilak genero femeninoa edo maskulinoa alde batera utzita hezten dituena, hots, sexu-desberdintasunetik abiatuta hezten dituena, beren banakotasunaren garapena bultzatuta, baina gizarte sexista batetik sexu batekoa edo bestekoa izateagatik betetzeko eskatzen zaizkien rolak kontuan izan gabe» (1995: 267).
Simonek (2000) eta Subiratsek (2010) ere defendatzen duten moduan, hezkidetza ez da eskola mistoaren sinonimotzat ulertu behar. Hezkuntza mistoa prestakuntza-espazio berean neskak eta mutilak txertatzen di- tuen aldi berean, batzuentzat zein besteentzat curriculum-eredu bera planteatzen duen hezkuntza-ereduari dagokio .Espazio bera eta curriculum bera partekatzeak ez du esan nahi «berdintasunean» eta «berdintasunerako» hezten denik.
Emakumeen eta gizonen arteko eskubideen, aukeren, betebeharren, lanaren… berdintasuna helburu duen hezkuntza-eredua da hezkidetza (Luixa Reizabal, 2016).Desberdintasunetatik abiatuta berdintasunean heztea da, oso xede garbiarekin: etiketarik gabeko mundua eraikitzea, non emakumeak eta gizonak maila berean egongo baitira, beren eskubide eta askatasunekin (Amelia Barquín, 2016).
Hezkuntza-sistemako desparekotasunaren adibide ohikoena androzentrismoa da. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, «munduari eta gizarte-harremanei gizonaren (eta ez gizon-emakumeen) ikuspuntutik begiratzea» da androzentrismoa. Definizio hori hezkuntza-sistemara eramanda, maskulinoa ikaskuntza-foku nagusi gisa kokatzen duen hezkuntza alboratuan hezurmamitzen da androzentrismoa. Hizkuntza sexistaren bitartez, emakumeak eta haien ekarpen historikoa ikusezin bihurtuta, hezkuntza-sistemaren barruan erantzukizuneko lanpostuak emakumeen eta gizonen artean modu desorekatuan banatuta, ikastetxeen barruan aisia-espazioetan kirol «maskulinizatuak» ezarrita, eta beste hainbat modutan. Androzentrismoa, gainera, sexismo-moldea den aldetik, askoz ere sotilagoa da eskola mistoan, genero-berdintasuna inplizitu daramala uste baita.
Eskola androzentrikoak ez du «berdintasunean» eta «berdintasunerako» hezten; aitzitik, «desparekotasunean» eta «desparekotasunerako» hezten du ohartuki edo oharkabean. Marina Subiratsek (2010) defendatzen duen moduan, daukagun eskola mistoak ez die konponbiderik eman gure gizarteak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eta batzuen eta besteen arteko botere-asimetriei loturik dituen arazoei. Gurea bezalako gizarte demokratiko eta berdinzale batek, legez behintzat, ezarritako legeak beteko dituen hezkuntza ez-sexista garatu behar du. Hori lortzeko hezkidetza ezarri behar dugu pedagogia gisa, irakatsi eta ikasteko sistema gisa.
Ez da ulertu behar hezkidetza neskak eredu maskulinora parekatzea denik, horrela androzentrismoan eroriko baikinateke eta ez baikenioke egoki helduko hezkuntza-eredu ez-sexista eratzeko eginkizunari. Hezkidetzak esan nahi du hezkuntza-eredua kutsatzen duen sexismoa sakonki berrikustea eta, azkenik, aldaketarako erremintak eta tresnak abian jartzea.
Aurrekoa kontuan izanik, otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren ildotik, hauek izango lirateke hezkidetza-eskolak planteatzen dituen helburu nagusiak:
- Hezkuntzaren arloan lantzen den araudiak berdintasuneko eta hezkidetzako mandatuak beteko dituela bermatzen jarraitzea.
- Emakumeen jakituria eta ekarpen sozial eta historikoa diziplina guztietan txertatzea. Emakume asko dira eta izan dira historia aldatzen lagundu dutenak eta beren diziplinen barruan erreferente handiak izan direnak. Haiek berreskuratzeak, ikusgai egiteak eta gure ikasleei ezagutzera emateak ezabatu egiten du errealitatearen parte hori ezkutatzean sortzen zen genero-joera, baina gainera, erreferente femeninoak sortzen ditu neskentzat, baita mutilentzat ere.
- Irudien eta hizkuntzaren erabilera inklusiboa egitea, bi sexuen irudi plurala bermatuko duena, genero-rolak eta -estereotipoak alde batera utzita. Generoan ez ezik kultura edo sexu-aukera bezalako alderdietan diskriminaziorik sortzen ez duten hizkuntza eta irudia erabiltzea hezkidetza-eskola sortzeko funtsezko urratsa da.
- Orientazio akademiko-profesional ez-sexista bermatzea: sozializazio-prozesuan zehar kanpo-eraginak izaten dira gazteengan, erabakiak hartzen dituztenean eragin nahian. Eragin horiek familia-ingurunetik bertatik, adiskideengandik, gazteak xede duen ingurunetik eta lan-merkatutik bertatik etor daitezke. Horiek horrela, irakasleak, ikasleak eta familiak irauten duten genero-estereotipoen jakinaren gainean jarri behar dira eta orientazioan eragina izan dezaketen uste eta aurreiritzi sexistak indargabetzeko bideratu.
- Berdintasuna sartzea ezkutuko curriculumean eta ageriko curriculumean. Ageriko curriculumetik kontua izango litzateke, besteak beste, hezkuntza-sisteman ezartzen diren edukien berrikusketa egitea, tradizioz femeninoak izan diren eta ikusezin bihurtu diren esferak sartzeko, adibidez zainketaren etika, ikuspegi feministatik begiratuta. Ildo horretan, behar-beharrezkoa da testuliburuek hizkuntza eta irudi inklusiboak txertatzea eta jakintza-arlo guztietan erreferente diren emakumeak barnean hartzea. Ezkutuko curriculumetik, bestalde, irakasleek, familiak eta ikasleek besteekiko interakzioan gauzatzen dituzten arauak, balioak, jarrerak eta portaera berrikusi behar dira. Genero-sozializazio desorekatua eta horrek ikastetxeetan ezartzen diren harremanetan duen eragina aztertu behar dira.
- Aniztasunaren molde guztiak txertatzea. Ikastetxeetan aurkitzen ditugun desberdintasunak soilik sexuari eta generoari ez dagozkiola kontuan hartuta, hor baitaude, halaber, klase soziala, kultura, jatorriko herrialdea, erlijioa, sexu-aukera eta abar. Hezkuntza-jardunbideari hezkidetzatik ekinez gero, desberdintasun horietako bakoitza aintzat hartzea eta desparekotasunak saihestea bermatuko dugu.
- Baliabideen eta espazioen erabilera bidezkoa sustatzea. Espazioen banaketak eta erabilerak eta hezkuntza-ingurunearen antolakuntzak ere garrantzizko eginkizuna betetzen dute balio eta arau sozialen transmisioan. Horregatik, espazio eta baliabide horiek modu orekatuan erabiliko direla bermatu behar da.
- Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea eta tratu ona sustatzea. Indarkeria gure gizarte desorekatuen osagai estrukturala da. Hori dela eta, kritikoak izan behar dugu nagusitasun eta mendetasuneko eskema patriarkaletan oinarritutako harremanekin, eta tratu onetan hezi, justiziaren etikatik eta zainketaren etikatik.
Hezkidetzarik ezak hezkuntza alboratua ez ezik hezkuntza sexista ere sortzen du. Eskola, ikastetxea, guztiok gure bizitzako denbora luzean hartzen gaituen espazio nagusia da. Hezkuntzak kontuan izan behar du ikasgelek eta ikasleek duten aniztasuna, ikusmolde holistikotik begiratuta (LGBTI ikasleak, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, ikaskuntza-eredu desberdinak dituzten ikasleak, maila sozioekonomiko desberdinetatik datozen ikasleak, ikasle migratzaileak eta abar).
Hezkidetza-eskolak, «berdintasunean» eta «berdintasunerako» hezten duenez, errespetuan, bizikidetzan, gatazka-ebazpenean eta indarkeriarik ezean hezten ari da. Ikastetxe edo ikasgela baten barruan berdintasuna ukatzen dugunean edo behar bezala aintzat hartzen ez dugunean, aurre egin behar diegun gatazkak sortzen dira, baina maiz ez dugu horretarako tresnarik aurkitzen. Ildo horretan, hezkidetzaren ikuspegia da gatazkak aztertzeko kontuan izan behar ditugun ikuspegi nagusietako bat. Horietako askoren atzean genero-sozializazio desorekatua dago, oro har neska-mutilak hezteko modu gisa uler dezakeguna, estereotipo eta rol desberdinak kontuan hartuta batzuentzat zein besteentzat. De Miguelek (2015) defendatzen duen moduan, arrosaren eta urdinaren hezkuntzak oso presente jarraitzen du gaur egun.
Sozializazio desorekatu horrek bideratzen ditu mutilak (ez guztiak), elkarrizketarik ez egitera, enpatiarik ez izatera, indarra eta indarkeria gatazkei aurre egiteko baliozko tresnatzat hartzera, gutxiagotzat jotzen dituztenenganako errespeturik ez izatera (neskak, maskulinitate hegemonikoaren mandatuak betetzen ez dituzten mutilak, bestelako sexu-orientazioak dituzten pertsonak…). Areago, indarkeria ohiko elementutzat duten marrazkiak ikusten eta bideo-jokoetan aritzen sozializatzen dira mutilak. Indarkeria hori haien sozializazioaren parte bada, nola lan dezakegu? Erantzuna sinplea da, baina ez da erraza: genero-sozializazio desorekatuaren «dekonstrukziora» jo eta berdintasunezko maskulinitate berriak erakutsita. Hori erraza ez bada ere, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioaren oinarrietako bat da.
Hezkidetzako pedagogiak, «berdintasunean» eta «berdintasunerako» lan egiteak, genero-indarkeria prebenitzen du (ez ditzagun ahatz Emakunderen 2018. urteko azken txostenean bildutako datuak. Izan ere, bertan jasotzen denez, 18 urte baino gutxiagoko emakumeek jasaten duten indarkeria nagusia etxeko indarkeria eta sexu-indarkeria da, eta kontuan izan behar da hamar biktima nerabetik (14-17 urte) hiruri beren bikotekideak edo bikotekide ohiak eraso ziela), baita LGTBI fobia, jazarpena eta ziberjazarpena, arrazismo-arazoak eta abar prebenitu ere. Berdinen eta desberdinen arteko harremanak sustatzen ditu eta gizarte berdinzale, bidezko eta errespetutsurako prestatzen du