EAE-KO IKASTETXEETARAKO HEZKIDETZA PLANA EGITEKO GIDA

SARRERA

Aurkezten den materiala hausnarketara eta hezkuntza ekintzaren hobekuntzarako erabakiak hartzera bideratuta dagoen proposamena da.

Tresnek eztabaida, elkarrizketa eta zalantza, iritzi edo ikuspuntuen trukea eragin nahi dute. Diagnostikoa eta honen ondoriozko jardueren planifikazioa egiten lagunduko duten tresnak dira, bestalde.

Lan honi eskaini behar zaion denbora eta sakontasunaren arabera erabili ahal izango diren artikulu, material osagarri eta sakontzekoak ere proposatzen dira. Ikastetxe bakoitzean azken hauek zein neurritan erabili erabaki beharko da.

Ondoren agertzen den proposamenak modu ordenatuan azaltzen ditu bai tresnak eta bai gainontzeko materialak ere, prozesua dinamizatzen duten pertsonek momentu bakoitzean jakin dezaten zein tresna edo material erabili eta zein ordenetan.

HEZKIDETZA PLANA GARATZEKO FASEAK

Lan hau egiteko hiru fase gauzatzea proposatzen dira:

 

  • Sentsibilizazioa
  • Diagnostikoa
  • Planifikazio, jarraipen eta ebaluazioa
Hauetariko bakoitzean lanerako erreminta eta material ezberdinak proposatuko dira, egiten dena hausnartu eta birpentsatzeko aukera emango digutenak, baita nola egiten dugun eta nola hobetu dezakegun, hezkuntza komunitateko kide guztion artean.

 

Fase bakoitzean hausnarketarako, azterketarako eta erabakiak hartzeko erremintak zehazten dira; ikusi eta eztabaidatu daitezkeen bideoak, irakurri daitezkeen artikuluak eta gelarako beste materialak ere bai.

 

Material batzuen kasuan, aurkitu daitezkeen web orriari erreferentzia egingo zaio, eta beste batzuen kasuan aipamen bibliografikoa agertuko da. Edozein modutara ere, aipatzen den material asko Interneten aurki daiteke. Aukeraketa bat egin da, eta erabilerarako proposamen bat.

 

>Gida hau proposamen irekia da, eta ikastetxe bakoitzak prozesuari zenbat denbora eskainiko dion, jarraituko duen erritmoa, nortzuk hartuko duten parte... erabaki eta definituko du, erreminta zein proposatutako gainontzeko materialen aukeraketa egin ahal izango duelarik. Ikastetxe bakoitzak bere ezaugarri eta beharretara egokitutako prozesua diseinatu ahal izango du.

 

Edozein modutara ere, interesgarria da fase guztiak lantzea; ez litzateke komenigarria izango ikastetxearen diagnostikoa egitea lehenago sentsibilizazio fasea jorratu gabe, honek errealitatea modu kritikoan begiratzen lagunduko gaitu eta, arreta non ipini jakiteko. Modu berean, ezin izango dira hobekuntzarako helburuak lehenetsi eta planifikatu ikastetxe bakoitzaren errealitateari egokitutako diagnostikorik egin gabe, hau oso ezberdina izango delarik, noski, hezkuntza etaparen, ingurunearen, ikastetxea osatzen duten pertsonen... arabera.

 

Bai materialak eta bai lan proposamena ere ikastetxean lan egin edo eragiten duten beste pertsonekin ere jorratu daitezke modu paraleloan, hala nola Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalarekin (AZP), Hezkuntza Laguntzako Espezialistekin, Jangelako langileekin, Eskola Kirola, Eskolaz Kanpoko ekintzak, eta bar.

 

 

 

1.-SENTSIBILIZAZIOA

Fase honetan gure iritzien inguruko hausnarketa egingo da hezkuntza komunitateko kide guztiekin, estamentu bakoitzaren ekarpen eta proposamenak jasoz.

 

Horretarako, hezkidetzaren eta genero berdintasunaren inguruko oinarrizko kontzeptu batzuei buruzko azterketa egitea proposatzen dugu, pertsona bakoitzak kontzeptu bakoitzaz zer ulertzen duen jakiteko eta hizkuntza partekatu batera iritsi ahal izateko, honek akordioetara iristen lagundu gaitzan eta honela hezkuntza ekintza definitu eta planifikatu ahal izateko.

 

Guztion hausnarketa honen bitartez, ikastetxean eta geletan lan egiten duten pertsonek eta familiek hizkera berdina izango dute, neska eta mutilenganako itxaropen berriak sortuko dira, genero gaien inguruan begirada aldatuko dugu...

 

Azkenik, eta fase honekin bukatu baino lehen, ikastetxe bezala eta kolektibo bezala hezkidetzaz zer ulertzen duten eta genero berdintasun eraginkorra lortzera nola iritsiko garen definitu beharko dute.

 

MATERIAL OSAGARRIAK

2.-DIAGNOSTIKOA.

Diagnostikoa ikastetxeko benetako egoeraz jabetzeko ezinbesteko pausua da. Hau da abiapuntua irakasteko praktiken aldaketari ekiteko: irakaskuntza estiloa; irakasleria-ikasleria harremanak, irakasleriaren artekoak, ikasleria eta irakasleriarena familiekin eta langileria ez irakaslearekin; klaseko klima; material eta baliabideetan begirada kritikoa jarri..., eskola hezkidetzailea bideratu ahal izateko.

 

Diagnostikoa egiterakoan elementu asko hartu behar dira kontutan:

 

  • Ikastetxearen dinamikatik eratortzen diren osagaiak eta ikastetxean ematen diren harremanak.
  • Erabiltzen den hizkuntza eta nola erabiltzen den.
  • Helburu, eduki, jarduera, metodologia eta ebaluazioaren bitartez transmititzen den curriculuma, hala nola egiteko, esateko... modu ez esplizituen (curriculum ezkutua) eta erabiltzen diren materialen bitartez transmititzen dena ere.
  • Espazioen erabilera.
Diagnostikoa egiteko eremu ezberdinen azterketa proposatzen dugu; eremu hauek harremana dute irakaskuntza-ikaskuntza prozesuarekin, hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsonen arteko harremanekin, espazioen erabilerarekin, ikasle mutil zein neskenganako itxaropenekin, gure inguruko jendeari euren sexuaren arabera ezartzen dizkiogun rolekin,...
  • Ikastetxearen antolakuntza eta kudeaketa. Ikasgelaren antolakuntza eta kudeaketa, irakasle-estiloa. Partaidetza eta ordezkaritza.
  • Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean.
  • Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista.
  • Emakumeen jakintza eta haien ekarpen sozial eta historikoa txertatzea.
  • Gatazkak modu baketsuan eraldatzea, hezkidetzako bizikidetzako proiektuen bidez. Ikastetxea eta ikasgela.
  • Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa. Eremu pertsonala eta profesionala.
  • Ikastetxeko espazioak eta eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak.
  • Hezkuntza afektiboa eta sexuala berdintasunean.
  • Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea eta haren aurrean jardutea.

Azterketa honek eskola eremuan bertan egon daitezkeen ezberdintasun eta diskriminazio egoerak antzematea du helburu. Zaila bada ere, hurbilpen hoberena egiten saiatu behar da, honek gure hurrengo zeregina erraztuko baitu, ekintza plan bat planifikatu eta garatzearena.

MATERIAL OSAGARRIA

AUTODIAGNOSI TRESNA

3.-PLANIFIKAZIOA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA.

Behin sentsibilizazio eta diagnostiko faseak gauzatu ondoren, hezkuntza komunitatean pertzeptzio argiago, egokiago eta partekatuagoa izango da gai hauen inguruan:

 

  • Zein da ikastetxearen abiapuntua hezkidetzari dagokionean: non gaude eta zer nahi dugu, antzemandako ongieza eta gatazken arrazoiak, ikastetxean dauzkagun kontraesanenak...
  • Zeintzuk diren indarguneak eta lorpenak.
  • Zer behar da gure irakaskuntza praktika hobetzeko, antzemandako ezberdintasun edo ahultasunak gainditzeko asmoz.
  • Hezkidetza Planaren bitartez garatu nahi ditugun helburuak definitu.
  • Planteatutako helburu guztien artean lehentasunak finkatu, garrantzitsuago bezala sentitzen ditugunak eta egingarriago direnak.
Hurrengo ikasturterako helburuak lehenetsi eta aukeratu ondoren, berauek lortzeko garatuko diren jarduerak diseinatuko dira, ekintza bakoitzean pertsona arduradunak zehaztuko ditugu, egiteko beharko ditugun baliabideak, denbora, lorpen adierazleak...

 

Ondoren, jarraipen eta ebaluazio plana jorratuko ditugu. Horretarako, garatu beharreko ekintzen planifikazioan finkatutako lorpen adierazleetatik abiatuz eta prozesua bere osotasunean kontutan hartuz, finkatutako helburuen lorpen maila baloratuko dugu.

 

Azken finean, genero berdintasuna lortzeko egiten dugun guztiak gure elkarbizitza hobetzeko prozesuarekin bat egingo du.

 

Prozesu hau bukatzerakoan Hezkidetza eta Genero Berdintasunaren Plana egitera iritsiko gara, eta hezkuntza komunitateari (Klaustro eta OGGari edo Eskola Kontseiluari) aurkeztuko zaio.

 

Hezkidetza Planak ezin du kontraesanean egon Elkarbizitza Plana eta Tutoretza Planarekin, hirurak harreman estuan daudelako eta Tutoretza Plana zein Hezkidetza Plana Elkarbizitza Planaren barruan egongo liratekelako, aldi berean osagarriak izanik.

 

Azkenik, aipatu nahi dugu lehenetsitako helburu eta jardueren inplementazioa Ikastetxeko Urteko Planean jaso beharko dela, eta Ikasturtearen Memorian ebaluatu.

 

MATERIAL OSAGARRIAK

HEZKIDETZA-PLANA EGITEKO MATERIALAK. IRAKASLEAK

Irakasleak. Plana sortzeko gida.

                                 Ikastetxeetarako hezkidetza-plana egiteko gida irakasleak