Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoa da, berdintasunerako politikak diseinatu, bultzatu, haien inguruan aholkatu, koordinatu eta ebaluatzen dituena, bai eta gizartea sentsibilizatzen duena ere, Euskal autonomia-erkidegoko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko xedez.
Erakundeak bi jardute arlo nagusi ditu: alde batetik, administrazio publikoekin burututako lana, berdintasunaren aldeko egiturak sendotzeko eta politika publikoetan generoaren ikuspegia txertatzeko neurriak martxan jar daitezen bultzatzekoa; bestetik, gizartearekin oro har egiten duen lana, emakumeen ahalduntzea bultzatuz, enpresetan berdintasuna egotea sustatuz, emakumeekiko indarkeria prebenitzeko neurriak hartuz, diskriminazio kasuetan aholkularitza eta defentsa eskainiz, bai eta gizartea berdintasunaren alde sentsibilizatuz ere.