5. Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa
Hezkidetzak etxeko espazioan ere jartzen du arreta, eta hori hiru norabidetan egiten du: lehendabizi, pertsona guztiek behar dute autonomia izan beren egunerokotasunean; bigarrenez, pertsona guztiei aitortu behar zaie (gehienak emakumeak) beste pertsonen zaintzetan ardatz izan direla, eta egun direla; eta hirugarrenez, etxeko eremuaren errealitatea aztertzea, etxeko lanen eta gizon eta emakumeen zaintzaren banaketa desorekatuan historikoki eta gaur egun ematen diren desparekotasunak aztertzea. Horren ondorioa da lanaren banaketa sexuala eta, hortaz, desparekotasuna eta diskriminazioa azaleratzea.
Era berean, eta aurrekoarekin oso lotuta, independentzia ekonomikoa landu behar da, independentzia pertsonala eskuratzeko oinarri gisa. Jakina da independentzia ekonomikoa funtsezkoa dela tratu txarreko harremanetatik ihes egin eta bizitza genero-indarkeriatik urrun berregiteko. Gainera, lan ordainduaren gaiari dagokionez, azpimarratzekoa da oraindik ere emakumeak gehiengoa direla okerren ordaindutako lanpostuetan, baita menpeko pertsonak zaintzeko kontziliazio-neurriak eskatzen dituztenak ere. Kristalezko sabaia ere errealitate dugu gaur egun, soldata-arrakala, hainbat lanposturen eta ibilbide akademikoen feminizazioa, beste hain- baten maskulinizazioa, etab.
Hori dela eta, hezkidetzak oreka lortu nahi du, etxeko eremuan eta eremu publiko eta okupazionalean; etxean gizonen eta emakumeen arteko benetako erantzunkidetasunik gabe, desoreka handia egongo da eremu publiko edo profesionalean gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna alderantzikatzeko.