Landu
Geure gorputz-aldaketak
|
LANDU |
GEURE GORPUTZ-ALDAKETAK
|
Zalantzarik gabe, haur-hezkuntzako etapan eta beste etapa guztietan, ikasleek ikusi eta bizi egingo dute nola aldatzen diren beren gorputzak. Batzuek harritu eta guzti egiten dira txikitako argazkiak ikusten dituztenean: beren gorputza, aurpegia, ilea eta abar ikusten dutenean. Gorputza geure bilgarria da, baina uneoro aldatuz doa, eta ez bakarrik kanpotik, barrutik ere bai. |
HELBURUA
- Identifikatzea eta baloratzea pertsonen zer desberdintasun fisikok egiten gaituzten paregabe.
- Ulertzea zer inportantea den gorputz- eta pertsona-aniztasuna.
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz lan egitea.
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak ohitu daitezen era horretako jardueretara.
Nork bere garapena, aldaketa fisikoak eta desberdintasunak ulertzeko, funtsezkoa da haurrak konturatzea zelan aldatu diren jaio direnetik. Hori lantzeko, ikasle guztiei eskatuko diegu nork bere familiarekin hitz egiteko eta argazki batzuk aukeratzeko, erakusten dutenak zenbat urte duten. Bost urterekin lantzen badugu jarduera, bada, argazki bat edo bi aukeratu dezakete bizitzako urteko; horrenbestez, 10 bat argazki ekar dezakete, guztira. Inportantea da familiek jakitea argazki horiekin lan egin behar dugula ikasgelan, eta beharbada hondatuko direla; hori dela eta, argazkien kopiak ekar ditzakete, jatorrizkoak galdu nahi ez badituzte.
Material hori guztia klasean daukagunean, ikasleak hiruko taldeetan antolatu ditzakegu, modu parte hartzailean lan egiteko, nahiz eta nork bere lana egin beharko duen. Koloreko kartoi mehe bana emango diegu, bakoitzak aukeratu duena; bestela, etxetik ekar dezakete gehien gustatzen zaien kolorekoa. Lan-mahai horietan, punta borobileko artaziak egongo dira, baita barrako kola eta errotuladoreak ere, nork bere gorputzaren collagea egin dezan. Horretarako, esan ahal diegu tarte bat uzteko goialdean, izenburua jartzeko, eta kartoi mehearen beste zati guztia ataletan banatzeko: zenbat urte, hainbat atal: 5 urte badira, bost atal. Hala, argazkiak jarriko dituzte dagokien urteko atalean, desberdintasunak ikusteko. Argazkiak itsatsi ahala, marrazkiak egin ditzakete haien inguruan, edo hitzen bat, edota nahi duten marrazkia.
Amaitzen dutenean, eskatuko diegu ikasgelako mahai baten gainean uzteko lanak. Gero, goizero, batzartu, eta collage guztiak aurkeztu ahal izango ditugu; hala, ikasleen adinerako, ez da oso dinamika luzea egingo. Era berean, hainbat saio hartu ahal ditugu collageak lantzeko.
Aurkezpen honetan, ikasle jakin batek azalduko du zer argazki jarri duen, non zegoen eta nola ikusi duen zelan aldatu den bere gorputza jaio zenetik gaurko eguna arte. Amaitzen duenean, klaseko beste ikasleek galderaren bat egin diezaiokete argazkiei buruz. Adibidez:
- Zenbat urterekin hasi zinen oinez?
- Zer gertatzen zitzaizun argazki honetan?
- Zergatik zenbiltzan barreka argazki honetan?
- Non zeunden?
Irakasle modura, galdera zehatzagoak ere egin ahal dizkiegu. Adibidez:
- Zer alde dago jaiotzako argazkitik urtebeteko argazkira? Horrela, ikasleek aipatzen ez badute, esan ahal diegu ezen, urtebetean, oinez hasi zirela edo lehenengo hortzak irten zaizkiela, dagoeneko zeozer mastika dezaketela, eta abar.
- Zer egiten duzu orain ez zenekiena egiten bi urte zenituenean? Erantzun hauek aurki ditzakegu: bakarrik janztea, bakarrik jatea, hobeto hitz egitea.
Azken finean, jarduera honekin, ikasleei ikustarazi nahi zaie zer aldaketa izan dituen gorputzak urteetan zehar eta zer autonomia lortu dugun.
IRAUPENA
Jarduerak ez du iraupen zehatz bat. Hainbat saiotan egin dezakegu.
BALIABIDEAK
Gure collage-albuma eraikitzeko materialak: argazkiak, kartoi meheak, kolak, errotuladoreak, punta borobileko artaziak, eta abar.
GEHIAGO SAKONTZEKO:
- Guztiok. Ikasgelan sexu heziketa lantzeko eskuliburua. Bertan baliabide gehiago agertzen dira. manual_educacionsexual_eusk (1).pdf
- Hezkuntza Afektibo Sexuala Haur Hezkuntzan. Hezkuntza eta Zientzia Kontseilaritza. Andaluziako Junta.
http://www.juntadeandalucia.es/iam/catalogo/doc/iam/1999/82_guia_profesorado.pdf
- Hezkuntza afektibo sexuala 3 urtetik 6 urtera bitarteko Haur Hezkuntzarako. HARIMAGUADA taldea. Kanarietako Gobernua http://www.gobiernodecanarias.org/educacion/dts/publicaciones_ceus/pdf/EducacionAfectivoSexual_infantil3-6%20anos.pdf
- Lehen haurtzaroko hezkuntza sexuala. Haur hezkuntzako guraso eta irakasleentzako gida. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa. https://sede.educacion.gob.es/publiventa/la-educacion-sexual-de-la-primera-infancia-guia-para-madres-padres-y-profesorado-de-educacion-infantil/educacion/11476
Askotariko familiak
|
LANDU |
ASKOTARIKO FAMILIAK
|
Maiatzaren 15a da Familien Nazioarteko Eguna, eta maiatzaren 17a, berriz, Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Efemeride biak batu, eta landu dezakegu gaur egungo familia-aberastasuna, ez soilik gizartean ikusten dena, baita eskolan eta ikasgelan ere. |
HELBURUA
- Aniztasun sexualeko aberastasuna baloratzea.
- Egungo familia-mota guztiak lantzea eta baloratzea.
- Identifikatzea zer efemeride dauden lotuta aniztasun sexualarekin, familiarrarekin eta genero-aniztasunarekin.
- Errespetua agertzea, eta elkarrizketarako irekita egotea.
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak ohitu daitezen era horretako jardueretara.
Eskola-eremuak adierazten du zer aniztasun daukagun ingurunean eta gizartean. Gaur egun dauden familia-motak lantzeak aukera ematen digu jorratzeko zer eratako bikoteak dauden eta zenbat familia-egitura desberdin dauden. Horrez gain, nahiz eta gure ikasleen artean ez egon aniztasun familiarrik, etapa egokia da gai horiek egunerokotasunetik lantzeko, eta mitoak apurtzeko, “familia”tzat ulertzen dutenaren inguruan egon daitezkeenak.
Era berean, funtsezkoa da hurrengo belaunaldiei aditzera ematea ezen familia baten sortzen den maitasunak eta errespetuak definitzen dutela zer den benetako familia bat, berdin delarik zenbat pertsonek osatzen duten, zer sexu duten, zer etniatakoak diren, zein den haien azalaren kolorea, zer eratako bikotea diren edota zer eratako seme-alabak garen: biologikoak, adoptatuak edo familia-harrerakoak. Aukera asko daude, eta denak dira familiak, zeren, familietan, inportantea da elkar maitatzea eta familiak seme-alabak zaintzea eta maitatzea.
Jarduera hau egiteko, ikasleei eskatu ahal diegu collage bat egiteko nork bere familia aurkez diezagun. Hori klasean egin dezakegu, edo eska diezaiekegu etxean egiteko, familiaren laguntzarekin. Maiatzaren 15ean, “Familien Nazioarteko Egunean” hain zuzen, klasean aurkeztu ahal dugu, eta hormetan eseki.
Egun horretarako, bestalde, aniztasun familiarrari buruzko ipuinen bat aukeratu ahal dugu; adibidez:
- Sticks and Stones. Bideoa Berritzeguneetan eska daiteke. Gida didaktikoa:
http://www.rainbowproject.eu/material/eu/sticks_and_stones.htm
- Familia mila kolore. Pirritx, Porrotx eta Marimotots.
https://www.youtube.com/watch?v=YBNi5dv42qo&t=13s
- Familia giroan ipuina. Béatrice Boutignon.
- Ametsek bi ama ditu. Ophelie Texier
- Tango iritsita hiri dira. Justin Richardson eta Peter Parnell.
https://www.youtube.com/watch?v=hyy0Cp1GJ1g
- Iris eta Lila.
https://www.aldarte.org/comun/imagenes/documentos/iris-lila%20EUSK%20baja.pdf
- Las cosas que le gustan a Fran, Antonia Santolaya eta Berta Piñánena. Hotel papel argitaletxea.
- Paula tiene dos mamás, Newrman Leslearena. Bellaterra argitaletxea.
- Con tango son tres, Justin Richardson, Peter Parnell eta Henry Coleren. Kalandraka argitaletxea.
- En familia, Olga de Diosena. https://olgadedios.es/obra/en-familia/
Ipuin horietakoren bat irakurri aurretik, eztabaida bat antola dezakegu era honetako galderekin:
- Zuentzat, zer da familia?
- Berdinak al dira familia guztiak?
- Ikaskideen familietatik, zerk deitu dizue arreta?
- Lagun egiteko animaliak ere geure familiaren parte al dira?
IRAUPENA
Jarduera hau erreserbatu ahal dugu familia-aniztasuna lantzen dugun egunerako. Hala ere, inportantea da ikasle guztien collageak bukatuta egotea egun horretarako.
BALIABIDEAK
Kartoi meheak, artaziak, errotuladoreak, barrako kola, familia-argazkiak.
GEHIAGO SAKONTZEKO:
- Ortzadar gara. Unitate didaktikoa.
http://steilas.eus/es/2017/05/03/unitate-didaktikoa-ortzadar-gara/