
HEZKIDETZAKO ZORTZI ZUTABEAK
Genero-indarkeriari ikasgeletatik aurrea hartzeaz eta ikastetxeetan hezkidetza-planak burutzeaz hitz egiten denean, abiapuntutzat hartzen dugu sexismo soziala dela genero-indarkeriaren kausa, hau da, indarkeria ho- rien prebentzioan txiki-txikitatik lan egin beharko dela genero-desparekotasunaren, sexismoaren eta bizi garen berdintasun-ilusioaren kontra. Hori dela eta, ikastetxeetan, hezkidetzaren zutabe nagusiak barnean hartuko dituzten baterako ekintza sistematikoak garatu beharko dira; horren bidez, berdintasunezko oinarriak eraikiko dira eta oinarri horiek emakumeen aurkako indarkeria prebentzio bikaina izango dira. Emakumeek zein gizonek berdintasunik gabeko gizartea eraiki dugu, eta gizarte horrek markatu du gure izateko modua; berdintasuna, beraz, hezkuntza kontua da, eta desparekotasunaren, sexismoaren eta emakumeen aurkako edonolako indarkeriaren aurrean izpiritu kritikoa duten gizon eta emakume gisa taxutzen laguntzen digu.
Hezkidetza da emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko oinarria, eta hezkidetzak ikastetxe baten ekintza guztiak —ikasgelaren mailan, irakasleen prestakuntzaren mailan eta antolamenduaren mailan— eusten eta zeharkatzen dituzten zenbait gai nagusi edo zutabe jorratzen ditu. Era berean, zutabe horiek hezkuntzaren estamentu guztietan agertu beharko dute, Hezkuntza Sailetik ikastetxeetako Idazkaritzetara eta Atezaintzetara.
Hezkidetza-ekintzek eta ikastetxe bakoitzeko hezkidetza-planek aintzat hartu beharko dute zutabe horien azterketa eta analisia, baita horiek praktikan jartzea ere; hartara, eskolatzearen lehen urteetatik, berdintasuna ikasgelara eramateko lan sistematikoa egingo dugu.
Adin bakoitzak —hezkuntza-maila bakoitzak— ibilbide zehatza izango duenez gero, behar-beharrezkoa da irakasleak trebatzea hezkidetzaren gaiak haien ikasgelako testuinguruan aplikatzeko.
Ondoren, hezkidetzaren zortzi euskarriak hezkuntza-etapa bakoitzean nola garatuko diren zehaztuko da.