BERDINTASUNEZKO HEZKUNTZA AFEKTIBO ETA SEXUALA: LEHEN HEZKUNTZA
Gure bizitzako funtsezko alderdi bat da hezkuntza afektiboa eta sexuala, batez ere haurtzarotik aurrera; izan ere, giltzarria da garapen integrala izateko. Pertsona guztiak jaiotzen gara sexudun, baina ez daukagu hezkuntza sexual integralik, berdintasunean oinarriturik. Hala, sexualitateaz hitz egiten dugunean, hainbat alderdi aipatzen ditugu, zerikusia dutenak plazerrarekin, komunikazioarekin, interakzioekin, emozioekin, mugekin, eta abarrekin. Beraz, sexualitatea eta sexua ez dira gauza bera. Sexua diogunean, gorputz sexudunak aipatzen ditugu; sexualitatea diogunean, berriz, pertsonen beste dimentsio bat aipatzen dugu. Zentzu horretan, inportantea da argi uztea sexu batek ez daukala besteak baino balio gehiago, eta ez duela erabakitzen zein diren gure portaerak eta ekintzak. Diferente izateak ez du esan nahi desberdin izatea. Hezkuntza sexualean, beste kontu bat ere izan behar dugu aintzakotzat: afektibitatea bilakatzen da ardatz nagusia; hala, sexualitateaz ari garenean, alderdi afektiboa aipatzen dugu. Azken elementu integratzaile modura, sexualitateak aniztasuna ere badakar: pertsona guztiek, gorputz guztiek ez dute sexualitatea berdin bizi edo aditzera ematen; hori dela eta, landu beharko litzateke nola egin ikusgarri LGBT pertsonak eta nola landu haiek jasaten duten bazterkeria ez betetzeagatik espero den arau heterosexuala.
Osasun eta garapen pertsonal gisa, hezkuntza sexualaren helburua da: pertsona modura haztea, eta sexualitatearekiko jarrera baikorra eta arduratsua garatzea, bide emango duena erantzukizunez jokatzeko, ez bakarrik norberaren buruarekin, baita testuinguru sozialean dauden gainerako pertsonekin ere.
Gure sasoiko erronketako bat hezkuntza sexuala da. Hori dio UNESCOk 2018an “Sexualitatearen alorreko hezkuntzari buruzko nazioarteko orientabide teknikoak. Ebidentzian oinarritutako ikuspegia” izenaz bultzatu zuen testuak. Testu hori UNIFECek eta NBEk ere babestu zuten, eta Garapen Jasangarriko Helburu”en artean txertatu da. Dokumentu horretan, planteatzen da goiz hasi behar dela hezkuntza sexuala, eta sistematizatu egin behar dela eskola-etapa guztietan zehar. Horretarako ematen diren arrazoien arabera, hezkuntza sexualak ondorio positiboak ditu, hobetzen duelako zer dakiten pertsonek sexualitateari buruz. Horrenbestez, portaera sexual eta osasun sexual arloko jarrera ere hobetzen du; murriztu egiten dira transmisio sexualeko gaixotasunak eta GIB izateko arriskuak, baina ez da handitzen pertsonen jarduera sexuala. Gainera, genero-ikuspegiaz ematen den hezkuntza sexuala askoz eraginkorragoa da ikuspegi hori sartzen ez duena baino. Hezkuntza sexualak eraginkortasun handiagoa du baldin eta familiekin koordinatuta hezten bada; hau da, etxea eta eskola batera ahalegintzen badira hezkuntza sexual bat ematen, oinarritzat hartzen duena pertsona guztien berdintasuna, osasuna, plazerra eta errespetua, eta aintzat hartzen duena zer desberdinak diren, berez, gizaki guztiak.
UNESCOren txostenaren arabera, ebidentzia enpirikoak daude erakusten dutenak ezen, curriculumean hezkuntza sexual integrala sartzen bada, beranduago hasten direla harreman sexualak, arrisku-portaera gutxiago daudela, edota antisorgailu gehiago erabiltzen direla.
Hori guztia kontuan izanik, hezkuntza sexual integralak sexualitatearen alderdi kognitibo, emozional, fisiko eta sozialak lantzen ditu. Alderdi horiek ikasgelan ezartzen ditu, eta ikasleen adinera egokitzen; hau da, ikasleen premia eta jakinguraren arabera enfokatzen dira. Autonomia lantzen den bezala jorratzen dira: ikasleen heldutasunak bide ematen digun neurrian, ikasleak prestatzen joango dira.
Hainbat azterlanek adierazten dutenez, hezkuntza sexual integralik ez izateak ez dakar abstinentzia; aitzitik, arrisku gehiago eragiten ditu nerabezaroan eta gaztaroan, eta bide ematen du beste tresna batzuek ordezka dezaten eskolan edo familian jorratzen ez den hori. Pornografia “instrukzio sexual faltsua” bilakatzen ari da, eta gero eta goizago iristen da (Luís Ballester eta Carmen Orteren azterlanen arabera, 8 urterekin iristen da). Horrek emakumeen kontrako indarkeria esplizitu bat erakusten du, eta sexulalitate koitozentriko bat, gizonen begiradari zuzendua.
Helburuak
- Hiru etapetako helburuek hiru ardatz nagusiri erantzun beharko diote:.
- Norbere burua ezagutzea.
- Norbere burua onartzea.
- Norbere erotika adieraztea.
- Nola identifikatu zer desberdintasun dauden gorputzetan, nola zaindu gorputza eta zer aldaketa fisiologiko gertatzen diren aurrepubertaroan.
- Nola errespetatu eta ezagutu orientazio sexual desberdinak.
- Nola eman aditzera afektuak eta desioak, genero-estereotiporik erabili gabe.
- Onartzea zer muga dagoen harreman afektiboen eta sexualen artean.
- Identifikatzea zer genero-estereotipoak dagoen.
- Ez onartzea afektuen adierazpen bortitzak.
Lorpen-adierazleak
- Identifikatzen du zer aldaketa dakarren pubertaroak neska-mutilen gorputzetan.
- Errespetu-jarrerak azaltzen ditu aniztasun sexual eta familiarrarekiko.
- Identifikatzen du zer desberdintasun sexual dagoen nesken eta mutilen artean.
- Antzematen du zer mito dagoen hilekoaren gainean, eta argudioak ditu mitook indarrik gabe uzteko.
- Badaki antzematen zer edertasun-kanon ezartzen diren.
- Ikaskideen gorputza onartzeko eta errespetatzeko jarrera azaltzen du.
- Modu aktiboan eta interesaz parte hartzen du eztabaidetan.
Hezkuntza-etapa guztietarako ebaluazio-irizpide amankomunak
- Analisia
- Pentsamendu kritikoa
- Aktiboki parte hartzea
- Konpromisoa
- Berdintasuna
- Errespetua
Jarduerak
- Naturarekin esnatuz
Geure gorputza, geure sexualitatea
- Nola ezagutu geure gorputzak, nola ezagutu zuen gorputzak
- Sexualitateari buruzko letra-zopa
- Aniztasuna errealitate bat da
- Gorputzak aldatu egiten dira
- Ikusten dugun guztia ez da sexualitatea
- Araua ere gogoko
- Edertasun-kontzeptua aztertzen
- Emozioak ezagutzen
- Neu naiz eder
- Familia desberdinak
- Geure maitasun-estalkia
- Berdintasunean oinarritutako hezkuntza afektibo sexuala