Eta... arazoei aurre egitea
Neu naiz eder
|
ETA... ARAZOEI AURRE EGITEA |
NEU NAIZ EDER
|
Pubertaroan, gorputzarekin lotutako arazoak ere izan daitezke; batez ere, nesken kasuan, baina mutilek ere izan ditzakete arazoak. Gu gizarte estereotipatu eta sexista baten hazten gara. Gizarteak adierazten digu gorputz batzuk ederrak direla, eta beste batzuk ez. Hala ere, hori ez da erreala. Gorputz guztiak dira politak, eta pertsona guztiok ikasi ahal dugu geure gorputzak maitatzen eta inorenak errespetatzen. |
HELBURUA
- Lankidetzan aritzea giro ona lortzeko ikasgelan.
- Geure buruaren irudi ez-estereotipodunak eraikitzea.
- Jarrera enpatikoa agertzea
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak ohitu daitezen era horretako jardueretara.
Ikasleekin partekatuko dugu zein diren jardueraren helburuak.
Hausnartuko dugu zer edertasun-eredu dagoen egun, eta azpimarratuko dugu nola teknologiak – eta batik bat argazkiak ukitzeko programak– ari diren erakusten gorputz irrealak, ezinezkoak. Galdera hauek egin ditzakegu eztabaida antolatzeko:
- Zer ezaugarri dute neskei ezartzen zaizkien edertasun-ereduek?
- Zer ezaugarri dute mutilei ezartzen zaizkien edertasun-ereduek?
- Zer ondorio izan dezakete edertasun-kanon horiek neska-mutiletan?
- Ba al dira pertsona batzuk beste batzuk iraintzen dituztenak, gorputzaren itxura dela eta? Pertsona bat iraintzen dutenean, zer uste duzue sentituko duela irainduak?
- Nola amai dezakegu norbaiten gorputzaren itxurarekiko irain horiekin?
Jarduera positiboan amaitzeko, argazki-kamera bat ekarriko dugu ikasgelara, eta ikasleei eskatuko diegu kameraren aurrean azaltzeko nork bere bertsiorik onena: nork bera izan behar du kamera aurrean. Gero, collage bat egingo dugu irudi horiekin, eta inprimatu eta klasean zintzilikatu ditzakegu “denok gara ederrak” izenburupean.
Klase guztiaren aurrean, labur-labur baloratu, eta gogoratuko dugu zer helburu dituen jarduerak. Horretarako, era honetako galderak egingo ditugu:
- Nola sentitu naiz?
- Zer lortu dugu?
- Zer hobetu behar dugu?
- Zer gustatu zaizu gehien?
Irakasleak ikasleen erantzunak jasoko ditu, eta hurrengo saioan gogoratuko ditu.
IRAUPENA
Jarduera ordubeteko bi saiotan egin daiteke: batean, letrak landuko dituzte, eta rap letrak entzungo; bestean, letrak eraikitzen amaituko dute, eta kantatzen saiatuko. Klasean kantatu ditzakegu, edo ikastetxeko ekitaldiren batean.
BALIABIDEAK
- Emakumezkoen eta gizonezkoen irudiak, beste sasoi eta kultura batzuetakoak; kartoi meheak, artaziak, kola, errotuladoreak, argazki-kamera.
GEHIAGO SAKONTZEKO:
- Kilimak. Nerea Sancho. Erein. 2017
- Guztiok. Ikasgelan sexu heziketa lantzeko eskuliburua. Bertan baliabide gehiago agertzen dira. manual_educacionsexual_eusk (1).pdf
- Bideoa: Apariencia física: todos los cuerpos son bellos (Mexiko). AMEZE.ORG https://www.youtube.com/watch?v=fho-uzLFTtU
- Liburua: Tu cuerpo mola (aprende a descubrirlo). https://menstruita.bigcartel.com/product/tu-cuerpo-mola-aprende-a-descubrirlo
- Niñas/os vs moda bideoa. Yolanda Domínguez. https://www.youtube.com/watch?v=LlShHeU2qU4&t=49s
Askotariko familiak
|
ETA... ARAZOEI AURRE EGITEA |
ASKOTARIKO FAMILIAK
|
Maiatzaren 15a da Familien Nazioarteko Eguna, eta maiatzaren 17a, berriz, Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Efemeride biak batu, eta landu dezakegu gaur egungo familia-aberastasuna, ez soilik gizartean ikusten dena, baita eskolan eta ikasgelan ere. |
HELBURUA
- Baloratzea zeinen aberatsa den aniztasun sexuala
- Egungo familia-mota guztiak lantzea eta baloratzea.
- Identifikatzea zer efemeride dauden lotuta aniztasun sexual eta familiarrarekin eta genero-aniztasunarekin.
- Errespetua agertzea, eta elkarrizketarako irekita egotea.
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak ohitu daitezen era horretako jardueretara.
Eskola-eremuak adierazten du zer aniztasun daukagun ingurunean eta gizartean. Egun dauden familia-motak lantzeak aukera ematen digu aniztasuna jorratzeko, bikoteena ez ezik familia-egiturena ere. Horrez gain, nahiz eta gure ikasleen inguruan ez izan aniztasun familiar zabala, etapa egokia da gai horiek egunerokotasunetik lantzeko, mitoak apurtu ahal izateko “familia”tzat jotzen denaren inguruan.
Era berean, funtsezkoa da hurrengo belaunaldiei aditzera ematea ezen familia baten sortzen den maitasunak eta errespetuak definitzen dutela zer den benetako familia bat, berdin delarik zenbat pertsonek osatzen duten, zer sexu duten, zer etniatakoak diren, zein den haien azalaren kolorea, zer eratako bikotea diren edota zer eratako seme-alabak garen: biologikoak, adoptatuak edo familia-harrerakoak. Aukera asko daude, eta denak dira familiak, zeren, familietan, inportantea da elkar maitatzea eta familiak seme-alabak zaintzea eta maitatzea.
Jarduera hau egiteko, ikasleei eskatu ahal diegu collage bat egiteko nork bere familia aurkez diezagun. Hori klasean egin dezakegu, edo eska diezaiekegu etxean egiteko, familiaren laguntzarekin. Maiatzaren 15ean, “Familien Nazioarteko Egunean” hain zuzen, klasean aurkeztu ahal dugu, eta hormetan eseki.
Egun horretarako, Rainbow Projecten laburmetraje bat ikusi ahal dugu; adibidez: Sticks and stones. http://www.rainbowproject.eu/material/es/sticks_and_stones.htm
Era berean, galdera hauek egin ditzakegu eztabaida antolatzeko:
- Zuentzat, zer da familia?
- Berdinak al dira familia guztiak?
- Ikaskideen familietatik, zerk deitu dizue arreta?
- Lagun egiteko animaliak ere geure familiaren parte al dira?
IRAUPENA
Jarduera hau gorde ahal dugu familia-aniztasuna lantzen dugun egun zehatzerako. Dena den, ez dugu zertan landu behar egun berezi batean, aniztasun horrek egunero-egunero egon behar bailuke presente ikasgelan eta ikastetxean. Hala ere, inportantea da ikasle guztien collageak bukatuta egotea egun horretarako.
BALIABIDEAK
- Rainbow Porject: Film Sticks and stones.
http://www.rainbowproject.eu/material/eu/sticks_and_stones.htm
GEHIAGO SAKONTZEKO:
- Kilimak. Nerea Sancho. Erein. 2017
- Guztiok. Ikasgelan sexu heziketa lantzeko eskuliburua. Bertan baliabide gehiago agertzen dira. manual_educacionsexual_eusk (1).pdf
- Ortzadar gara, Unitate didaktikoa.
http://steilas.eus/es/2017/05/03/unitate-didaktikoa-ortzadar-gara/
Gure maitasun-estalkia
|
ETA... ARAZOEI AURRE EGITEA |
GURE MAITASUN-ESTALKIA
|
Nork dio Lehen Hezkuntzan ez dagoela maitasunik, inor ez dela maitemintzen eta erakarrita sentitzen? Adoleszentzian, gaztaroan, helduaroan edota zahartzaroan bezala, txikitatik sentitzen dugu erakarpena. Sentipen hori ere sozialki eraikita dago; beraz, maitasunean hezi behar dugu. |
HELBURUA
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarreraz aritzea lankidetzan
- Ekarpenak egitea ikasgelako giroa hobetzeko
- Jarrera enpatikoa agertzea
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak ohitu daitezen era horretako jardueretara.
Ikasleekin partekatuko dugu zein diren jardueraren helburuak.
Sarritan entzuten dugu ikasleek esaten dutela “Paula Guillenez gustatzen da”, “Pepe maiteminduta dago Andresekin” edo “burrukan egiten dutenek elkar desiatzen dute”. Zerbaitek ulertarazten die maitasuna eta indarkeria edo tratu txarra uztartuta daudela. Baina badakigu hori gezur borobila dela.
Raquel Díaz Regueraren “Yo voy conmigo” ipuina irakurriko edo ikusiko dugu. Bideoan ere badago: https://www.youtube.com/watch?v=jrpxixzQ790; talde handian komentatuko dugu, eta ikusiko dugu zer egiten duen ipuineko protagonistak:
- Zer egiten du?
- Zergatik?
- Zertarako? Zer lortu nahi du?
- Zelan sentitzen da?
- Zer aholku ematen diote lagunek? Azter ditzagun sakon-sakon aholkuok. Zer esan nahi dute?
- Protagonistak bere helburua lortzen du, baina zein da prezioa?
- Eta zer ondoriotara heldu da protagonista?
Jarduera hau amaitzeko, ikasle bakoitzak onartuko du zelan inoiz izan duen bere parteren bat aldatzeko gogoa, bakarrik besteei gustatzeko, eta marraztu egingo du “ni neure kabuz noa” eranskinean. Irakasleak marrazkiak jaso; pintza batekin, kordel baten esekiko ditu ikasgelan, klaseko horma batetik bestera.
Klase guztiaren aurrean, labur-labur baloratu, eta gogoratuko dugu zer helburu dituen jarduerak. Horretarako, era honetako galderak egingo ditugu:
- Nola sentitu naiz?
- Zer lortu dugu?
- Zer hobetu behar dugu?
- Zer gustatu zaizu gehien?
Irakasleak ikasleen erantzunak jasoko ditu, eta hurrengo saioan gogoratuko ditu.
IRAUPENA
Jarduera saio batekoa izan daiteke, baina, galderarik badago edo ikasleek interesa agertzen badute, merezi du luzatzea.
BALIABIDEAK
ERANSKINA: Gure maitasun estalkia
Raquel Díaz Regueraren “Yo voy conmigo” ipuina. Bideoan ere badago: https://www.youtube.com/watch?v=jrpxixzQ790. Ipuina Rolazének kontatzen du, eta sakoneko musika La puerta violetarena da:
https://www.youtube.com/watch?v=gYyKuLV8A_c
GEHIAGO SAKONTZEKO:
- Kilimak. Nerea Sancho. Erein. 2017
- La educación sexual de niñas y niños de 6 a 12 años. Guía para madres, padres y profesorado de Educación Primaria. Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioa. Espainiako Gobernua