Egin dezakegu
Komunikazio ez-sexista gure ikastetxean
EGIN DEZAKEGU |
KOMUNIKAZIO EZ-SEXISTA GURE IKASTETXEAN
Pixkanaka-pixkanaka ekin behar zaio ikastetxeko esparru guztietan hizkuntza ez-sexista erabiltzeari. Gai horri buruz eskuratu dugun prestakuntzari esker, kapaz izan behar dugu ikastetxe osoa aztertzeko eta hizkuntza idatzirako, ahozko hizkuntzarako eta irudietarako alternatiba ez-sexistak bilatzeko. Berrikuspena erabatekoa izateko, beharrezkoa izango litzateke zeregin horretan denbora emango duen pertsona talde bat egotea, eta zuzendaritza-taldearen nahiz irakasle ez diren ikastetxeko langileen babesa izatea. |
HELBURUA
- Hizkuntzaren erabilera ez-sexista ikastetxe osora zabaltzea.
- Ikastetxean antzemandako hizkuntzaren erabilera sexistak zuzentzea.
- Hizkuntzaren erabilera ez-sexista ikastetxearen identitatearen parte bihurtzea.
- Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekiko gustua eta gogobetetzea transmititzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da jarduera egitea, giro lasaia eta taldekideen arteko sintonia lortzeko.
Jarduera hau egin ahal izateko, beharrezkoa izango litzateke hizkuntza ez-sexistaren erabilerari helduko dion pertsona talde bat egotea. Ikastetxean hizkuntza nola erabiltzen den aldatzea ez da pertsona bakar baten lana; aitzitik, ikastetxearen helburuetako bat izan behar du, ikastetxeko kide guztiek landu behar dute, eta zuzendaritza-taldearen babesa izan behar du, hark koordinatuko ditu-eta egin beharreko lanak.
Aurreko blokeetako jardueretan, hizpide dugun gaiari buruzko prestakuntza jaso duzu, eta ikastetxeko esparru bakoitzean hizkuntza nola erabiltzen den neurtzeko diagnostiko bat egin duzu. Orain, berriz, diagnostiko hori oinarri hartuta ekintzetara igarotzea proposatzen dizugu.
Kontuan hartu honako hauek:
- Ikastetxeko kartelak: irakasle-gela, zuzendaritza, ikasketa-burutza, idazkaritza, atezaintza eta abar. Gaztelaniaz maskulinoan baldin badaude, aldatu.
- Bestelako kartelak: ikastetxe osoan eskegita dauden posterrak, hezkuntza-komunitate osoari zuzendutako iragarkiak, unean uneko abisuak eta abar. Horietan, ez da estereotiporik edo sexuaren araberako lan-banaketarik islatu behar.
- Ikastetxearen dokumentazio ofiziala. Kontua ez da orain arte egindako guztia aldatzea, baizik eta bermatzea hemendik aurrera egingo diren mota horretako dokumentu guztiak hizkuntza ez-sexista erabiliz idatziko direla: hezkuntza-proiektua, urteko programazio orokorra, ikasgelen programazioak, mota guztietako bileren aktak eta abar.
- Kanpokoekiko komunikazioak: ikastetxeak, oro har, edo irakasleek, bereziki, familiekin, udalarekin, elkarteekin eta abarrekin izaten dituzten mota guztietako komunikazioak.
- Web-orria. Ikastetxearen irudi publikoa da web-orria, eta herritar guztiek kontsultatu dezakete, ez bakarrik ikastetxe-esparrukoek pertsonek, baita gizarte osoak ere. Hori dela eta, azterketa sakona egin behar da, irudi publiko horrek berdintasuna adieraz dezan hizkuntzaren bidez.
- Eskolako edo ikasgelako liburutegia. Liburutegi-funtsak hautatzean, hezkidetza kontuan hartzen dutenak, berdintasunezko sozializazioa transmititzen dutenak, emakumeen eta gizonen protagonismo-maila orekatua dutenak, sexuaren araberako lanbide-banaketarik transmititzen ez dutenak, estereotipo sexistaz josita ez daudenak eta abar aukeratu behar dira.
- Ikastetxe gisa, hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekin zerikusia duten zenbait gairi buruzko galderak egin beharko genizkioke geure buruari:
- Berrikuspenaren zer puntutan gaude?
- Zer zailtasun izaten ari gara?
- Nola jarraitu dezakegu hobetzen?
IRAUPENA
Ikastetxea berrikusteko zeregin horrek ez du gutxi gorabeherako iraupenik; izan ere, inplikatuta dagoen pertsona kopuruaren eta ikastetxe bakoitzean egin beharreko zeregin kopuruaren araberakoa izango da.
BALIABIDEAK
- Eranskina: “Hizkuntzaren erabilera eta komunikazioa”. Hezkidetzan esku hartzen
- Gijongo CPRaren argitalpen honek ikastetxe osoan sexismoa aztertzeko behaketa-fitxen katalogo zabala biltzen du: https://elearning3.hezkuntza.net/015253/pluginfile.php/1559/mod_resource/content/1/Hezkidetza/educasturPautas.pdf
Komunikazio ez-sexista gure eguneroko komunikazioan
EGIN DEZAKEGU |
KOMUNIKAZIO EZ-SEXISTA GURE EGUNEROKO KOMUNIKAZIOAN
Pixkanaka-pixkanaka ekin behar zaio ikastetxeko esparru guztietan hizkuntza ez-sexista erabiltzeari. Gai horri buruz eskuratu dugun prestakuntzari esker, kapaz izan behar dugu ikastetxe osoa aztertzeko eta hizkuntza idatzirako, ahozko hizkuntzarako eta irudietarako alternatiba ez-sexistak bilatzeko. Berrikuspena erabatekoa izateko, beharrezkoa izango litzateke zeregin horretan denbora emango duen pertsona talde bat egotea, eta zuzendaritza-taldearen nahiz irakasle ez diren ikastetxeko langileen babesa izatea. |
HELBURUAK
- Ikastetxean hizkuntza ez-sexista erabiltzearen alde egitea.
- Hizkuntzaren erabilera ez-sexista hobetzen parte hartzea, lankidetzan arituz.
- Hizkuntzaren erabilera hobetzeko prozesuan, lankideen laguntza jasotzea.
- Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekiko gustua eta gogobetetzea transmititzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da jarduera egitea, giro lasaia eta taldekideen arteko sintonia lortzeko.
Hizkuntza ez-sexista erabiltzeko ahalegina ez da ikastetxe osoaren kontua soilik; irakasle guzti-guztien lana ere beharrezkoa da, berdintasuna transmititzeko ezinbesteko esparrua baita ikasgela.
Horregatik, eskolako esparru guztietan hizkuntza berrikusteaz gain, funtsezkoa da irakasle bakoitzak egunero-egunero, ikasgelan eta ikasleekin, erabiltzen duen material pedagogikoan, familiekiko komunikazioetan eta abarretan erabiltzen duen hizkuntza berrikustea.
Jarduera hau egiteko, komeni da bikoteka jartzea, eta bikotekide batek bestearen hizkuntzari erreparatzea. Garrantzitsua da hori; izan ere, askotan, ez gara jabetzen nola erabiltzen dugun hizkuntza, eta ikasgelako dinamikak berak ez digu uzten gure komunikazioari era arautuan eta sistematikoan erreparatzen. Horregatik, beste norbaitek gure komunikazioari erreparatzeak asko aberasten ditu hizkuntzaren azterketa eta ondoko berrikuspena.
Hizkuntza genero-ikuspegia aplikatuz erabiltzen dugun aztertzeko, honako alderdi hauek har ditzakegu kontuan, besteak beste:
- Gaztelaniaz ari garela, maskulinoa erabiltzen dugun generikoa balitz bezala, maskulinoa eta femeninoa erabiltzen ditugun edo neskak eta mutilak barne hartzen dituzten benetako generikoak erabiltzen ditugun.
- Adjektiboen erabilera: neskei buruz edo neskekin ari garenean txikigarriak erabiltzen ditugun, nesken itxura fisikoa deskribatzeko zer adjektibo erabiltzen ditugun, mutilei buruz edo mutilekin ari garenean handigarriak erabiltzen ditugun eta abar.
- Erabiltzen ditugun materialetan genero-estereotipoak hausten dituzten pertsonen erreferenteak ageri diren, eta emakumeek protagonismoa duten.
- Zaintza-lanen eta etxeko lanen eremu semantikoa soilik emakumeei buruz aritzeko erabiltzen dugun, maskulinoa baztertzen dugun sentimenduei edo emozioei buruz aritzeko eta abar.
- Ematen ditugun adibideetan, sexuaren araberako lan-banaketa antzematen den («esan amari botoi hori josteko», «ea ba, datozela bi mutil mahai horiek mugitzen laguntzera») edo, gaztelaniaz ari garela, honelako adibideak ematen ditugun: «las profesiones: bombero, enfermera, cuidadora, alcalde...».
- Ahoz ari garela, mutilengan arreta handiagoa jartzen dugun, arauak sarriago urratzen dituztelakoan.
- Neskekin edo mutilekin aritu, ahots-tonu desberdina erabiltzen dugun.
- Kirolari buruz ari garela, maskulinoa erabiltzen dugun.
- Edertasunari edo autozaintzari buruz ari garela, femeninoa erabiltzen dugun.
- Ikasgelako kartelek irudi estereotipatuak, hizkuntzaren erabilera sexista eta abar islatzen dituzten.
Irakaslea naizen heinean, hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekin zerikusia duten zenbait gairi buruzko galderak egin beharko nizkioke neure buruari:
- Berrikuspenaren zer puntutan nago?
- Zer zailtasun izaten ari naiz?
- Nola jarraitu dezaket hobetzen?
IRAUPENA
Ez dago iraupen jakinik. Nolanahi ere, ikasgelan saio bakar bat eginez, alderdi asko ikus eta azter daitezke.
BALIABIDEAK
- “Hizkuntzaren erabilera eta komunikazioa”. Hezkidetzan esku hartzen (eranskina)
- Nola landu eta aukeratu hezkidetzako materialak. https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/pub_folletos/eu_emakunde/adjuntos/folletos.h02.nola.landu.eta.aukeratu.hezkidetzako.ikasmaterialak.pdf
- Gijongo CPRaren argitalpen honek ikastetxe osoan sexismoa aztertzeko behaketa-fitxen katalogo zabala biltzen du: https://elearning3.hezkuntza.net/015253/pluginfile.php/1559/mod_resource/content/1/Hezkidetza/educasturPautas.pdf