HIZKUNTZAREN ETA IRUDIEN ERABILERA EZ-SEXISTA. BIGARREN HEZKUNTZA
Hizkuntza da irakaskuntzarako oinarrizko tresna, erlazionatzeko eta ikasteko bidea ematen du-eta. Beraz, zer motatako hizkuntza erabiltzen dugun, nola hitz egiten dugun, zer esaten dugun, nor izendatzen dugun eta nor ez, horiek guztiak hezkuntza-esparru orotan aintzat hartu beharreko oinarri-oinarrizko kontuak dira.
Hizkuntzaren erabilera ez da neutrala: komunikatzeko balio digu, bai eta mundua ulertzeko eta aldatzeko ere; gure pentsamendu osoa igarotzen da hizkuntzatik. «Izendatzen ez dena ez da existitzen» esan zuen Georges Steiner-ek. Hizkuntza erabiltzeko dugun moduaz ari garela, aipu horrek indarrean jarraitzen du oraindik ere.
Berdintasunaren alde dihardutenak jakitun dira hizkuntza bizirik dagoela, aldatu egiten dela, eta garai bakoitzeko erabilerara egokitu beharra dagoela; hortaz, (feminismoari esker) emakumeak arlo publikoan sartu direla agerian uzteko, ikusgai egin behar ditugu, hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren bidez.
Hizkuntza ez-sexista erabiltzeak ez du esan nahi, soil-soilik, gaztelaniaz ari garenean genero maskulinoa eta femeninoa erabili behar ditugula. Hizkuntzaren erabilera ez-sexista askoz kontzeptu zabalagoa da, eta generoen arteko bereizketarik ez dagoen edo bereizketa beste era batekoa den hizkuntzetan ere badu eragina. Ildo horretan, irudiek komunikatzeko ahalmen handia dute, eta imajinario kolektiboa sortzen laguntzen dute; beraz, horiek ere genero-ikuspegitik aztertu beharra dago.
Hizkuntzaren erabilera ez-sexista lantzeko, funtsezkoa da irakasleak zentzu horretan etsenplu emateko gai izatea, eta horretarako, prestakuntza jaso behar dute nahitaez. Hori dela eta, atal honetan proposatutako jarduera batzuk ikasleei baino irakasleei zuzenduta daude, batik bat Haur Hezkuntzako etapaz ari garela.
Inklusioa, diskriminaziorik eza, norbanakoen askatasuna eragozten duten estereotipoen haustura, gure ikasleekiko afektua eta pertsonen arteko berdintasunezko tratua lortu nahi ditugu irakasleok, eta, beraz, ñabardura sexistarik eta androzentristarik gabeko hizkuntza erabiltzea izan behar dugu helburu. Hizkuntza inklusiboa erabiliko dugu, hau da, bizi garen mundua zein anitza den adierazten duena, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lanean ari garela agerian uzten duena, lexikoki zehatza dena, ikastetxeko hizkuntza aldatzen laguntzen duena eta ez dituena ezaugarri maskulinoak proposatzen gizaki guztionak diren gaiak neurtzeko, hots, ezaugarri femeninoak ere ikusgai egiten dituena.
Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista lantzeko, zenbait gaitasun jorratu behar ditugu, besteak beste, jakitea, egiten jakitea eta ekitea. Hori dela eta, jarraian aurkeztutako jardueretan, arlo horiek ageri dira.
Garrantzitsua da, arlo bakoitzeko, gutxienez, dinamika edo jarduera bana egitea (zenbat eta gehiago egin, hobe).
Zenbait dinamika proposatzen dizkizugu, helburu jakin batzuk lortzeko; halaber, ikasleentzako autoebaluazio-tresna bat eskaintzen dizugu, hirugarren arloko azken jarduera amaitutakoan nork bere burua ebalua dezan.
Helburuak
● Ikasgeletan eta, oro har, ikastetxean erabiltzen dugun hizkuntzan sexismoa identifikatzea.
● Ahozko eta idatzizko hizkuntza nola erabiltzen ditugun aztertzea. Halaber, zenbait esparrutan (publizitatea, komunikabideak, aisialdia, testu akademikoak eta abar) erabiltzen diren irudietan ageri den sexismoa aztertzea.
● Hizkuntzaren eta irudien erabilera dela-eta, alternatiba ez-sexistak eskaintzea eta erabiltzea.
● Hizkuntzaren eta irudien erabileran dauden genero-desparekotasunak antzematea, eta estereotipo sexistei aurre egitea.
● Ikasgelako eta ikastetxeko eguneroko zereginetan, hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiltzea.
● Hizkuntzaren erabilera inklusiboa balioestea.
Ebaluazio-irizpideak
● Analisia
● Pentsamendu kritikoa
● Parte-hartzea
● Konpromisoa
● Berdintasuna
● Errespetua
Lorpen-adierazleak
● Hizkuntzaren erabilera sexistaren ezaugarriak antzematen ditu, eta alternatiba ez-sexistak aurkitzen ditu.
● Irudiak genero-ikuspegitik aztertzeko adierazleak identifikatzen ditu.
● Hizkuntzaren eta irudien erabileran dauden genero-desparekotasunak identifikatzen ditu.
● Garrantzia ematen dio hizkuntzaren erabilera ez-sexistari, estereotiporik gabeko ezagutzak norbereganatu eta transmititzeko.
● Hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren aldeko jarrera du, pertsona guztiak barne hartzen dituelako.
● Irudi sexistak baztertzen ditu, desparekotasuna eta diskriminazioa sustatzen dituzte-eta.
● Hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiltzen ditu.
● Talde-jardueretan gozatu egiten du.
● Hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiltzeko ekarpenak egiten ditu.
● Hizkuntza sexista erabiltzen badu, aitortu egiten du, eta ahaleginak egiten ditu berriro horrelakorik gerta ez dadin.
.
Jarduerak
- Neure buruari entzuten
- Hausnartu hizkuntzaren erabilera sexistari buruz
- 48 gauza
- Zertarako balio dute irainek?
- Aztertu zure ikastetxeko hizkuntza
- Aztertu kontsumitzen dituzun ikus-entzunezko produktuak
- Praktikatu hizkuntza ez-sexista
- Hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren aldeko kanpaina
- Eraman berdintasuna Lehen Hezkuntzako ikasgeletara
- Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista