EAEko hezkuntza-sistemarako II. Hezkidetza Planak, berdintasunaren eta tratu onaren bidean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren planak, bai gizartean bai hezkuntza-sisteman sexismoaren gaiari aurre egitea dakar berekin, eta baliabideak eta estrategiak eskaintzen dizkio hezkuntza-komunitateari, hezkuntzatik berdintasuna gauzatu ahal izateko. Horretarako, funtsezko oinarri batzuetatik abiatzen da. Oinarri horiek ikastetxeetako lana modu sistematiko batean egituratzeko balio dute, egindako lana eta ikasleengan izan duen eragina ebaluatzeko aukera ematen duen ibilbide batekin.
Oinarri horietako bat da PENTSAMENDU KRITIKOA SEXISMOAREN AURREAN.Lehenengo oinarria da, ezin baita berdintasunari buruz ikasi, lehendik berdintasun eza analizatu ez bada, eta, oraindik ere, sexuagatik edota generoagatik bereiztu, etiketatu eta diskriminatzen gaituen gizartean bizi garela jabetu gabe. Zalantzarik gabe, berdintasun ez horren jabe izan gabe, ez dugu berdintasunaren alde lan egiteko beharrik ikusiko.
Hauek dira Planaren gainerako oinarriak:
- Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista.
- Emakumeen jakituriaren integrazio eta haien ekarpen sozial eta historikoa.
- Gatazken eraldaketa baketsua, hezkidetzako elkarbizitzarako proiektuen bidez.
- Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa.
- Espazioak ikastetxean eta eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak.
- Berdintasunezko hezkuntza afektibo eta sexuala.
- Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta indarkeria kasuetan esku-hartzea.
Plan honen helburuetako bat da ikasleek eta irakasleek pentsamendu kritiko bat eraikitzea desberdintasunen eta diskriminazioen aurrean; errealitatea genero-ikuspegitik aztertzeko gai izan gaitezen lortzea; oinarri kulturala duen zerbait naturaltzat ez hartzea: emakumeen diskriminazioa eta berdintasunerako negatiboak diren maskulinitateen ikaskuntza.
Horretarako, hezkuntza-etapa bakoitzak jarduera desberdinak izango ditu, ikasleen adinetara eta heltze-prozesura egokituak. Ez da gauza bera berdintasuna haur-hezkuntzako ikasgelara eramatea, kontuan hartuta irakasleak egin behar duela bertan lan handiena, erreferente bilakatu behar baitu ikasleentzat. Bigarren hezkuntzan, aldiz, norbere hausnarketak eraman behar ditu ikasleak beren feminitateak eta maskulinitateak berdintasunaren oinarritik eraikitzera.
Sexismoa da sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioen oinarria. Sexismoarekin lotutako zailtasun handienetakoa da, hain zuzen ere, berau identifikatzea, hau da, gure bizipenen, gure kulturaren, harremanak ezarri eta komunitatean bizitzeko moduaren inguruko pentsamendu kritikoa izatea, sexismoa detektatu eta, hortaz, gure gertuko ingurunean, baina baita gizartean ere, errotik kentzeko..
Sexismoaren aurrean pentsamendu kritikoa garatzeko, beharrezkoa da gaitasun batzuk lantzea, jakitea, egiten jakitea eta jorratzea barne hartzen dituztenak. Hori dela eta, jarraian azaltzen diren jarduerek atal horiek barne hartzen dituzte, ikasgelako jardueretan lagundu, eta genero-ikuspegia gure ikasleentzat bizi dugun errealitatea aztertzeko alderdi bat gehiago izatea lortzeko.
Hori dela eta, jarraian proposatzen diren jarduerek honako oinarri hauek dituzte: genero-ikuspegiarekin aztertzen ikastea, gerta daitezkeen diskriminazioak azaleratzea, eta hezkuntza sexistari alternatibak proposatzea, izan familietan edo hezkuntza-sisteman.
Atal guztietatik, garrantzitsua da dinamika edo jarduera bat egitea, gutxienez (ahalik eta gehiago egin, hobe).
Ezarritako helburuak lortzeko hainbat dinamika proposatzen dira, baita autoebaluaziorako tresna bat eskaini ere, ikasle bakoitzari zuzendua, hirugarren ataleko azken jardueraren ondoren egiteko.
Helburuak
- Eguneroko errealitatea genero-ikuspegiarekin analizatzen hastea.
- Sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioak ezagutzea.
- Berdintasunaren alde eta sexismoaren aurka jarrera proaktiboa agertzea.
- Genero-estereotipoak zer diren ezagutzea.
- Ikastetxean berdintasunaren alde aurre egiten parte hartzea.
- Genero-estereotipoen arabera jokatzen ez duten pertsonak errespetatzea.
Ebaluazio-irizpideak
- Analisia
- Pentsamendu kritikoa
- Partaidetza aktiboa
- Konpromisoa
- Berdintasuna
- Errespetua
Lorpen-adierazleak
- Genero-estereotipoak zer diren ezagutzea.
- Estrategiak erabiltzea, ingurunean gertatzen dena genero-ikuspegiarekin analizatzeko.
- Genero-estereotipoen ondoriozko diskriminazioak identifikatzea.
- Genero-estereotipoen arabera jokatzen ez duten pertsonak errespetatzea.
- Ikasgelan eta ikastetxean berdintasunari buruz antolatzen diren jardueretan aktiboki eta errespetuz parte hartzea.
- Berdintasunaren alde eta sexismoaren kontra egitea.
JARDUERAK
- Sintonia-unea
- Hodeia.
- Sexismoa gure ingurunean
- Hau ez da mutilena, hau ez da neskena.
- Jostailuak nire bizitzan.
- Kontatu dizkidaten edo irakurri ditudan ipuinak.
- Sexismoarekin bueltaka
- Sexismoa aztertzen ikasten dut.
- Eta, zer gertatzen da ez badut genero-estereotipoen arabera jokatzen?
- Egia ala gezurra.
- Alternatibak aurkitzen sexismoari
- Berdintasunaren aldeko horma-irudia
- Ipuin berdinzaleagoa asmatzen
- Berdintasunaren aldeko rapa.
- Autoebaluazioa
- Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean