AUTONOMIA PERTSONALA ETA INDEPENDENTZIA EKONOMIKOA

Autonomia pertsonalaren gakoetako bat gure emozioekin lan egitea da, haiek izendatzen, era baketsuan adierazten, partekatzen eta kontrolpean edukitzen jakitea. Horretarako, ardatz honetan, adimen emozionalari, emozioei eta giza izaera autonomiaz eta independentziaz eraikitzeari lotuta dauden jarduketak ageri dira.

Bestalde, oraindik ere agerikoa da sexuaren araberako bereizketa lan-merkatuan eta ikasleen ikasketa-hautuan; lanak eta zereginak sexuaren arabera bereizita egotea berezkoa dela pentsatzen da maiz, eta norbere hautuen ondorio dela, baina ez gara ohartzen etengabe ari garela jasotzen lanen bereizketa hori ezagutarazten diguten mezuak, hots, txikitatik ikasten dugula lanbide batzuk gizonen kontua direla eta beste batzuk emakumeena; esaterako, oraindik ere zabalduta dago mutilak matematiketan hobeak diren ustea, eta neskak idatzietan hobeak direna.

Askotan, lana sexuaren arabera bereizita egotearen gaineko mezuak inkontzienteak dira, eta ez gara ohartzen mezu horiekin etorkizuneko lan- edo ikasketa-hautua «bideratzen» ari garela. Oso txikitatik helarazten zaizkie bereizketa horren gaineko mezuak. Adibidez, honela:

  • Familietan, etxeko lanetan eta kideen zaintzan erantzukidetasunik ez badago, lanok emakumeen kontua direla ikasten dute txikiek.
  • Esku artean dituzten liburuetan, izan etxean izan eskolan, kirolen eta abenturen irudietan gizonezkoak ikusten badituzte, kontuok gizonezkoenak direla ikasten dute.
  • Jostailuen katalogoetan, apainketan eta etxeko lanetan beti neskak ikusten badituzte, horiek emakumeen kontuak direla ikasten dute, eta autoak, berriz, gizonen kontuak.
  • Mendeko pertsonen zaintzan emakumeak bakarrik ikusten badituzte, lanok emakumeenak direla ikasten dute; zientziaz hizketan zientzialari gizonezkoak bakarrik ikusten badituzte, lanok gizonenak direla, etab.

Gainera, emakumeek eta gizonek baldintza berdinetan eskuratuko badituzte lanak, bermatuta egon behar da etxeko lanak erdi bana egiten direla. Horretarako, ardatz honetan, etxeko lanen gaineko ezagutzen garapenean egingo da azpimarra, sexu-bereizketarik egin gabe, neskek eta mutikoek etxeko lanak nahitaez egitekoak direla ikas dezaten, eta, ondorioz, beharrezkoa dela horien banaketa orekatua izatea emakumeen eta gizonen artean.

Autonomia pertsonalaren eta interdependentzia ekonomikoaren alde lan egiteko, gaitasun sorta bat landu behar da, tartean, jakitea, egiten jakitea eta aurre egitea. Beraz, jarduerek apartatu horiek hartuko dituzte barnean.

Apartatu guztietatik, garrantzitsua da, gutxienez, dinamika edo jarduera bat egitea (zenbat eta gehiago gauzatu, hobe).

Zenbait dinamika proposatzen dira helburu batzuk lortzeko, eta ikasle bakoitzari zuzendutako autoebaluazio-tresna bat eskaintzen da, hirugarren apartatuko azken jardueraren ondoren egiteko.

 

Helburuak

  • Emozioak bizi-egoera desberdinetan ezagutzea, eta izendatzen eta doitzen ikastea.
  • Orotariko zainketak ikastea, eta horiez arduratzen diren pertsonei aintzatespena egitea.
  • Berdintasuneko erreferenteak edukitzea txikitatik.
  • Genero-desberdintasunak aztertzea etxean eta lanean.
  • Harreman erantzukideen kulturan heztea, arduraldiak eta lanak orekaz banatuta.

Ebaluazio-irizpideak

  • Analisia
  • Pentsamendu kritikoa
  • Parte-hartze aktiboa
  • Konpromisoa
  • Berdintasuna
  • Errespetua

Lorpen-adierazleak

  • Genero-perspektiba duten analisi-estrategiak ulertu eta erabiltzen ditu etxean eta lanean.
  • Bizimodu independenterako behar diren zainketak eta autozaintza-lanak identifikatzen ditu.
  • Jasotako zainketak estimatzen ditu, eta zainketez arduratu direnak.
  • Etxeko lanetan, erantzukidetasunaren alde ageri da, eta lanean, genero-diskriminazioaren aurka.
  • Ohiko bizitzako egoerek sorrarazten dizkioten sentimenduak izendatzen ditu.
  • Ikaskideen zainketak laguntzen du.

Actividades