AUTONOMIA PERTSONALA ETA INDEPENDENTZIA EKONOMIKOA: HAUR HEZIKETA

Autonomia pertsonalaren gakoetako bat gure emozioekin lan egitea da, haiek ezagutzen, izendatzen, era baketsuan adierazten, partekatzen eta kudeatzen jakitea. Besteen emozioak interpretatzen eta horien aurrean modu egokian jokatzen lagunduko digu horrek. Horretarako, ardatz honetan, adimen emozionalari, emozioei eta giza izaera autonomiaz eta independentziaz eraikitzeari lotuta dauden jarduketak ageri dira.

Autonomia pertsonalaren beste alderdi bat norbera eta ingurunea zaintzeko gaitasunak garatzea da. Gaitasun horien garapenean, sexu- eta genero-bereizketa argia ikusten dugu, eta sexuaren araberako lan-banaketa eragiten du horrek, gero.

Oraindik ere agerikoa da sexuaren araberako bereizketa lan-merkatuan eta ikasleen ikasketa-hautuan; lanak eta zereginak sexuaren arabera bereizita egotea berezkoa dela pentsatzen da maiz, eta norbere hautuen ondorio dela, baina ez gara ohartzen etengabe ari garela jasotzen lanen bereizketa hori ezagutarazten diguten mezuak; hots, txikitatik ikasten dugula lanbide batzuk gizonen kontua direla eta beste batzuk emakumeena; esaterako, oraindik ere jarraitzen da uste izaten mutilak hobeak matematiketan eta neskak, berriz, idatzizko jardueretan.

Askotan, oharkabean botatzen dira lana sexuaren arabera bereizita egoteari buruzko mezuak, eta ez gara jabetzen mezu horiekin etorkizuneko lan- edo ikasketa-hautua Ā«bideratzenĀ» ari garela. Oso txikitatik helarazten zaizkie haurrei bereizketa horren gaineko mezuak. Adibidez, honela:

  • Familietan, etxeko lanetan eta kideen zaintzan erantzukidetasunik ez badago, txikiek ikasten dute lanok emakumeen kontua direla.
  • Esku artean dituzten liburuetan, izan etxean izan eskolan, kirolen eta abenturen irudietan gizonezkoak ikusten badituzte, ikasten dute kontuok gizonezkoenak direla.
  • Jostailuen katalogoetan, apainketan eta etxeko lanetan beti neskak ikusten badituzte, ikasten dute horiek emakumeen kontuak direla, eta autoak, berriz, gizonen kontuak.
  • Mendeko pertsonen zaintzan emakumeak bakarrik ikusten badituzte, ikasten dute lanok emakumeenak direla; zientziaz hizketan zientzialari gizonezkoak bakarrik ikusten badituzte, lanok gizonenak direla, etab.

Gainera, emakumeek eta gizonek baldintza berdinetan eskuratuko badituzte lanak, bermatuta egon behar da etxeko lanak erdi bana egiten direla. Horretarako, ardatz honetan, etxeko lanen gaineko ezagutzen garapenean egingo da azpimarra, sexu-bereizketarik egin gabe, neskek eta mutikoek ikas dezaten etxeko lanak nahitaez egitekoak direla eta, ondorioz, beharrezkoa dela horien banaketa orekatua izatea emakumeen eta gizonen artean.

Autonomia pertsonalaren eta interdependentzia ekonomikoaren alde lan egiteko, konpetentzia sorta bat landu behar da, tartean, jakitea, egiten jakitea eta aurre egitea, eta ez da ahaztu behar ongizate pertsonala eta kolektiboa lortzeko bide direla. Horregatik, atal horiek barne hartzen dituzte aurkeztuko ditugun jarduerek.

Irakasleen eginkizuna eta kontzientziazio-maila garrantzitsuak dira adin guztietan, baina, etapa honetan, are garrantzitsuagoak dira ikasgelan esku hartzean, ikasleentzat eredu izan daitezen, bai eta familiekin ezartzen den lankidetzari dagokionez ere. Hori dela eta, irakasleentzako jardueraren bat ere eskainiko dugu.

Apartatu guztietatik, garrantzitsua da, gutxienez, dinamika edo jarduera bat egitea (zenbat eta gehiago gauzatu, hobe).

Zenbait dinamika proposatzen dira helburu batzuk lortzeko, eta ikasle bakoitzari zuzendutako autoebaluazio-tresna bat eskaintzen da, hirugarren apartatuko azken jardueraren ondoren egiteko.

 

Helburuak

  • Bizitzako hainbat egoeratan sentitzen ditugun emozioak ezagutzea eta izendatzen eta egokitzen ikastea.
  • Orotariko zainketak ikastea, eta zaintzen gaituztenei aintzatespena egitea.
  • Trebetasunak garatzea, genero-bereizketarik gabe, eta txikitatik berdintasunezko erreferenteak ezagutzea.
  • Genero-desberdintasunak aztertzea etxean eta lanean.
  • Harreman erantzukideen kulturarekin konprometitzea, arduraldiak eta lanak orekaz banatuta.

Ebaluazio-irizpideak

  • Analisia
  • Pentsamendu kritikoa
  • Parte-hartze aktiboa
  • Konpromisoa
  • Berdintasuna
  • Errespetua

Lorpen-adierazleak

  • Zenbait emozio izendatzen ditu
  • Egoera jakin batzuek eragiten dizkioten emozioak identifikatzen ditu
  • Etxeko lanen banaketa identifikatzen du
  • Zer gustatzen zaion eta zer ez zaion gustatzen esaten du
  • Zaintzen duten pertsonak balioesten ditu
  • Etxeko lanen banaketa bidegabearekin identifikatzen ditu emozio desatseginak
  • Bere ikaskideak zaintzeko interesa agertzen du
  • Erraz hausten ditu etxeko lanekin eta beste pertsona batzuen zaintzarekin lotutako estereotipoak
  • Zailtasunik gabe sortzen ditu estereotiporik gabeko pertsonaiak
  • Talde-lanetan parte hartzen du

Jarduerak

  • Sintonia unea
    1. Bihotzaren sekretua
  • Badakigu zer nahi dugun
    1. Zer sentitzen dut?
    2. Haur-literatura eta sexismoa (irakasleentzat)
    3. Zer gustatzen zait eta zer ez?
    4. Bonobo betaurrekodunen istorioa
  • Elkar zaintzen ikasten dugu
    1. Ipuin batetik beste ipuin batera (irakasleentzat)
    2. Familien jolasa
    3. Maitasunaren txokoa
    4. Zorioneko hondamendia
  • Elkar zaintzen dugu
    1. Eskolan ere laguntzen dut
    2. Geure burua berrikustea (irakasleentzat)
    3. Lalo, printze arrosa
  • Autoebaluazioa
    1. Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa