Egin dezagun behaketa

Zer gertatzen da gure ikastetxeko jolas-espazioetan (irakasleak eta ikasleak)

EGIN DEZAGUN BEHAKETA

 

 ZER GERTATZEN DA GURE IKASTETXEKO JOLAS-ESPAZIOETAN (irakasleak eta ikasleak)

Oro har, modu automatikoan onartzen dugu gure ikastetxeko espazioen banaketa eta erabilera diren bezalakoak izan behar direla. Horregatik, ezinbestekoa da espazio horiek analizatzea, erabilera jakinen ondotik sor daitezkeen desberdinkeriez kontziente izateko. Oso adibide esanguratsuak da, adibidez, ikastetxeko jolastokiaren eta jolas-orduko denboraren erabilera. Ikasleak erabilera horretan inplikatzea eta errealitatearen behaketa zehatza eta zorrotza egiten irakastea funtsezkoa da zentzu kritikoa eta ikerketa zientifikoa barneratzeko.

 

HELBURUA

  • Gure jolastokiko espazioen egitura eta banaketa objektiboa ezagutzea.
  • Gure ikasleek jolas-orduan egiten duten jolastokiaren erabilera genero-ikuspegitik aztertzea.
  • Jolas-orduan, jolastokian genero-arrazoiengatiko desberdinkeriak dauden ala ez jakitea.
  • Ikastetxearen parte sentitzea

 

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta era horretako jardueretara ohitzeko

Jardueraren helburuak eta jarduera nola egingo dugun azalduko dugu.

Ikastetxeko espazioen gaiari heltzen zaionean, taldean egin behar da lan; horretarako, gutxienez, zuzendaritza-taldearen eta klaustroaren zati handi baten onarpena behar da. Izan ere, espazioen analisian, hobekuntza-proposamenetan eta proposamen horien inplementazioan parte hartu behar dute nahitaez. Ondorioz, hezkuntza-komunitate osoa inplikatzen duen lana da, eta ezin da indibidualki egin.

Jolastokian benetan gertatzen denaren analisia genero-ikuspegitik egin behar da, banaketa tradizionalaren arabera, jolastokiaren zati handiena mutilek hartu izan baitute baloiarekin jolasean aritzeko, zehazki, futbolean. Bigarren Hezkuntzan ikasleek beren aisialdi-uneetan dituzten interesak oso bestelakoak dira Lehen Hezkuntzakoekin alderatuta. Horrexegatik, oso garrantzitsua da, batetik, ikasleei entzutea eta, bestetik, erabilera tradizionalak ordezteko alternatibak biltzea. Horregatik, funtsezkoa da gure ikastetxean zer gertatzen den behatzea eta “argazki bat egitea”, zehazki jakiteko non dauden mutilak, non dauden neskak, nortzuek hartzen duten espazioaren zatirik handiena, espazioaren okupazioa orekatuta dagoen, etab.

Jolastoki inklusiboak lortzera bideratutako ekintzak egin dituzten ikastetxeetan ere komeni da noizean behin berrikustea nola erabiltzen den jolastokia, gure proiektuan atzera ez egiteko.

Jolastokiaren erabileraren analisi sistematikoa egiteko, oso lagungarria da gure ikastetxeko jolastokiaren eta jolas-orduan erabil daitezkeen espazioen irudi eskematiko bat egitea (adibide bat dago material osagarrietan, irudi- eta esteka-formatuetan), baita aurretik espazio hezkideak lortzera bideratutako jarduketak egin badira ere.

Era berean, ondorio objektiboak ateratzea ahalbidetuko diguten datuen bilketa ordenatua egiteko, lagungarriak izan daitezke Valentziako Generalitatak “Guía de patios coeducativos” argitalpenean editatu dituen taula hauek:

 

Taulak pdf formatuan eskuratzeko (30. eta 31. or):

https://ceice.gva.es/documents/169149987/172590358/Guia_de_patis_coeducatius_cas.pdf

Jolastokien eta jolas-espazioen egungo egoera eta erabilera analizatzeko, lan hori ikasle guztiekin batera egin behar da (eta egin beharko litzateke); izan ere, ez dago genero-ikuspegia aintzat hartuta aztertzen ikasteko modu hoberik, eta gainera, ikasleek primeran ezagutzen dute jolastokiak benetan nola erabiltzen dituzten, eta badakite esplizitatzen zer nahi duten eta zerk molestatzen dituen. Horregatik, ikasleei jolastokiaren eskema helaraziko zaie, talde handian egin dezaten behaketa. Ikasleek egin daitezkeen aldaketen protagonista izan behar dute; izan ere, behatze aktiboan, datuen bilketan eta ikerketa horretatik eratorritako hobekuntza-proposamenetan oinarritutako parte-hartze aktibo hori gako da metodo zientifikoak ikasteko eta ikastetxeetako bizitza hobetzen duten taldeko helburuak lortzeko.

Jolas-orduan egiten den espazioen erabilera behatzeko fasea amaitu eta gero, datuak txosten batean jaso eta klaustroari helaraziko zaio. Jarraian, egoera hobetzera bideratutako ekarpenak egiteko prozesua hasiko da. Zentzu horretan, oso interesgarria litzateke ikasleek beraiek azaltzea zer behatu duten klaustroaren aurrean. Horrela, ahozko hizkuntza-konpetentzia eta azalpena egiteko lagungarriak diren baliabide teknologikoak erabiltzeko konpetentzia digitala ere landuko dira.

 Garrantzitsua da klaustro osoa egotea datu horien jakinaren gainean; izan ere, hobekuntza-ekintzak ezin dira oinarritu sarritan estereotipo sexistak edo aurreiritziak barnebiltzen dituzten iritzi subjektiboetan.

Halaber, familiek ere ezagutu beharko lituzkete analisia eta analisitik eratorritako proiektua; izan ere, familiek hobekuntzetan parte hartzeak proiektu osoa aberastu eta komunitate osoa inplikatzen du hezkidetzarako bidean.

Jarduera amaitzeko, bakoitzak jolas-orduko espazioen erabilera aztertzeko egin duen behaketari buruzko zenbait galdera erantzungo ditugu:

  • Nola egin dugu behaketa?
  • Zer izan da behaketa honetan zailena?
  • Nolakoa izan da ikasleen parte-hartzea eta motibazioa?
  • Zein ondorio atera daitezke ekintza honetatik?
  • Zein egiteko ematen diegu ikasleei ekintza hauetan? Eta familiei?

 

IRAUPENA

Jarduketa honek ez du iraupen zehatzik, ikastetxe bakoitzean parte hartzen duten pertsonen araberakoa izango delako.

 

BALIABIDEAK

 

GEHIAGO JAKITEKO:

 

ZER GERTATZEN DA GURE IKASTETXEKO JOLAS-ESPAZIOETAN (Irakasleak eta ikasleak)

 

Gure eskaerak (irakasleak eta ikasleak)

EGIN DEZAGUN BEHAKETA

 

 GURE ESKAERAK (Irakasleak eta ikasleak)

Mutilei eta neskei entzutea espazioak beren interesetara egokitzeko hezkidetza lortzeko aurrerapausoetako bat da. Jolastokian zein espazio hartzen dute eta zein espazio hartu nahiko lukete? Zer egin nahiko lukete jolas-orduan? Zer-nolako harremanak dituzte jolas-orduetan? Zertan igarotzen dute jolas-ordua? Horrez gain, ikastetxeko jolastokian egiteko dauzkaten aukeren katalogoa zabaldu beharko litzateke; izan ere, eskaintza zabala izan ezean, ezagutzen dutena bakarrik erantzungo dute, eta horrek estereotipoen errepikapen automatikoa ekar dezake.

 

HELBURUA

  • Jolas-orduko jolasei eta pertsonen arteko harremanei dagokienez nik neuk eta nire ikaskideek dituzten interesak ezagutzea.
  • Ikastetxeko jolastokian egin daitezkeen jardueren katalogo zabalago bat ezagutzea.
  •  Jolastokien eta jolas-espazioen erabilerari lotutako ekarpenak egitea.
  • Ondo pasatzeko bide berriak baloratzea

 

GARAPENA

Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia izateko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko. 

Jarduera egiten hasi baino lehen, neska-mutilei azalduko diegu zeri buruz hitz egingo dugun. Jarduera hau batzarrean bilduta egin daiteke, ikasle guztiek izan dezaten aukera beren ikuspegia askatasunez eta lasaitasunez partekatzeko. Interesgarria litzateke irakasleek arbelean idaztea ikasleek arian-arian proposatutako ideiak, begien aurrean egon daitezen eta gerora errazagoa izan dadin ideia horiek jasotzea, egingo diren ekintzetan aintzat hartzeko.

Batzarrarekin hasteko, jolas-orduan egiten duten jolastokiaren erabilerari buruzko galderak egingo zaizkie ikasleei, beren interesak zein diren ezagutzeko.

  • Zer egiten duzue jolas-orduan? Norekin elkartzen zarete? Jolastokiko zein eremutan?
  • Zein da jolasteko gehien gustatzen zaizun jolastokiko eremua?
  • Zer da jolas-orduan gutxien gustatzen zaizuna?
  • Zer egin nahiko zenuke? Zer gustatuko litzaizuke jolastokiak edo ikastetxeak edukitzea jolas-orduan hobeto egoteko?

Talde guztiei entzun eta gero, jarduerari amaiera emateko, ikasle guztien artean gehien gustatu zaizkien eta jolas-orduan eta jolas-espazioetan posible diren jarduerak hautatu eta planifikatu ditzakete, mutil eta nesken interesak uztartzeko. Aintzat hartu behar da Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen adinaren arabera, asko aldatzen direla beren interesak. Horregatik, ikastetxeko talde guztiekin heldu behar zaio gaiari, beren premia eta ideien ikuspegi zabala edukitzeko. Jolas-orduko aisialdi-espazioak, ziurrenik, ikastetxe barrualdeko beste batzuetara hedatzen direla ikusiko dugu: bai geletara, bai bilera-geletara eta bai ikastetxeko liburutegira.

Behin jarduera amaituta, dokumentu batean jasoko ditugu ikasleen ekarpenak, azterketa egiteko eta jolas-orduko espazio eta jardueren balizko aldaketetan aintzat hartzeko.

Jarduera amaitutzat emateko, jolas-orduan egiten den jolastokiaren erabilerari buruzko galdera batzuei erantzungo diegu.

  • Ikasleen zein ekarpen gauzatu dezakegu?
  • Zer prestakuntza beharko genuke jolastokia ahalik eta modu gehienetan erabiltzeko katalogo bat edukitzeko?
  • Jolastokiaz gain, zein beste espazio eskatzen dira jolas-orduan erabiltzeko? Nola artikula dezakegu espazio horien erabilera?
  • Nondik hasiko gara eta nondik jarraituko dugu? Zein baliabide material daukagu eta nondik lor ditzakegu beste batzuk?

 

IRAUPENA

Jarduera honek ez dauka iraupen jakinik; izan ere, ikasleen parte-hartzearen, ikasten dugun jolas kopuruaren eta gure jolastokiko espazioek ematen dizkiguten aukeren araberakoa izango da iraupena.

 

BALIABIDEAK

 

GEHIAGO JAKITEKO:

 

GURE ESKAERAK (Irakasleak eta ikasleak)

Jolastokiak egiteko modu gehiago (hezkuntza komunitatea)

EGIN DEZAGUN BEHAKETA

 

 JOLASTOKIAK EGITEKO MODU GEHIAGO (Hezkuntza-komunitatea)

Gure ikastetxean egiturazko aldaketa bat egitea planteatzen dugunean, aldaketa hori edo antzeko aldaketa bat egin duten erreferenteak behar ditugu. Jolastoki hezigarrien kasuan, ibilbide luzea dago jada eginda, eta abiapuntutzat erabil daiteke beste esperientzia batzuk ezagutzeko, ideiak hartzeko eta gure errealitatea testuinguruan jartzeko. Horregatik, sustatu egin behar da irakasleek prestakuntza espezifikoa jasotzea eta hezkuntza-komunitate osoak prozesuan parte hartzea.

 

HELBURUA

  • Jolastoki hezkideak lortzera bideratutako aldaketa egiteko beste modu batzuk ezagutzea.
  • Gure ekintzaren oinarri izango den corpus teoriko bat osatzea.
  • Gure ikastetxearen testuinguruan jartzeko ideiak hartzea.

 

GARAPENA

Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia izateko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko. 

Jarduera hau irakasleei eta, oro har, hezkuntza-komunitate osoari prestakuntza ematera bideratuta dago zuzenean, gure ikastetxean jolastoki hezkideak lortzeko lana egiteko. Horregatik, jarduera honen helburuak informazioa eta prestakuntza ematea, ideiak biltzea eta jolastokia hobetzeko plana abiatzea dira.

Helburu horrekin, Valentziako Generalitatak jolastoki hezkideekin izandako esperientziari buruzko bideo bat ikustea gomendatzen da. Erabat eguneratuta egoteaz gain, argitalpen honek aintzat hartu beharreko alderdi guztiei heltzen die, eta pista asko ematen ditu gure jolastokietako espazioetan benetako lana egiten hasteko.

Gauzak horrela, bideo hau proposatzen da: https://www.youtube.com/watch?v=uWxWrv9FP9Y&t=1340s

Ahal bada, prozesuan aurrez aurre inplikatuta dauden irakasleei jarriko zaie bideoa, horrela berehala eta une horretan bertan egin daitezen gogoeta eta hobekuntza-planerako ideien bilketa. Ezin bada, bideoak iraupen jakin bat duelako, norberak bere kabuz ikus dezake, eta gero lan-bilera bat egin ikasitakoa partekatzeko. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen adinetan, egokia da bideoa geletan jartzea, edo gutxienez, bideoaren zati bat.

Xedea da bideo hezigarri horren bidez aukera berriak bisualizatzea, bai analisiari, bai jarduketari dagokionez, eta ideia-jasa bat egitea entzundako guztia gure jolastokien eta jolas-espazioen testuinguruan jartzeko.

 

IRAUPENA

Bideoak ordu eta erdiko iraupena du, eta gogoeta egiteko eta testuinguruan jarritako hobekuntza-plana planifikatzeko denbora ere gehitu behar zaio.

 

BALIABIDEAK

 

GEHIAGO JAKITEKO:

https://www.youtube.com/watch?v=ZlMlf-A1rt0

 

JOLASTOKIAK EGITEKO MODU GEHIAGO (Hezkuntza-komunitatea)