Egin dezagun behaketa

Gure ikastetxeko jolastokiak behatzen ditugu (irakasleak eta ikasleak)
|
EGIN DEZAGUN BEHAKETA |
GURE IKASTETXEKO JOLASTOKIAK BEHATZEN DITUGU (irakasleak eta ikasleak)
|
Oro har, modu automatikoan onartzen dugu gure ikastetxeko espazioen banaketa eta erabilera diren bezalakoak izan behar direla. Horregatik, ezinbestekoa da espazio horiek analizatzea, erabilera jakinen ondotik sor daitezkeen desberdinkeriez kontziente izateko. Oso adibide esanguratsuak dira, esaterako, ikastetxeko jolastokiaren eta jolas-orduko denboraren erabilera. Gure abiapuntua da pertsona batek ikastetxeko espazio guztietan igarotzen duen denbora guztia dela hezigarria, eta ondorioz, hezkidea ere izan behar dela. Bada, horrexegatik da hain garrantzitsua analisia egitea. |
HELBURUAK (Irakasleak eta/edo ikasleak)
- Gure jolastokiko espazioen egitura eta banaketa objektiboa ezagutzea.
- Gure ikasleek jolas-orduan egiten duten jolastokiaren erabilera genero-ikuspegitik aztertzea.
- Jolas-orduan, jolastokian genero-arrazoiengatiko desberdinkeriak dauden ala ez jakitea.
- Ikastetxearen parte sentitzea
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta era horretako jardueretara ohitzeko
Jardueraren helburuak eta jarduera nola egingo dugun azalduko dugu.
Ikastetxeko espazioen gaiari heltzen zaionean, taldean egin behar da lan; horretarako, gutxienez, zuzendaritza-taldearen eta klaustroaren zati handi baten onarpena behar da. Izan ere, espazioen analisian, hobekuntza-proposamenetan eta proposamen horien inplementazioan parte hartu behar dute nahitaez. Ondorioz, hezkuntza-komunitate osoa inplikatzen duen lana da, eta ezin da indibidualki egin.
Jolastokian benetan gertatzen denaren analisia genero-ikuspegitik egin behar da, banaketa tradizionalaren arabera, jolastokiaren zati handiena mutilek hartu izan baitute baloiarekin jolasean aritzeko, zehazki, futbolean. Gauzak horrela, jolastokia aztertu izan denean ia orokorra izan da argazkia: mutilen talde txiki batek ia eremu osoa hartzen du futbolean jolasteko, eta neska gehienek eta futbolean aritu nahi ez duten mutilek hartzen dute periferia. Ez hori bakarrik, gehienetan baloikadak jasotzen dituzte. Horregatik, funtsezkoa da gure ikastetxean zer gertatzen den behatzea eta “argazki bat egitea”, zehazki jakiteko non dauden mutilak, non dauden neskak, nortzuek hartzen duten espazioaren zatirik handiena, espazioaren okupazioa orekatuta dagoen, etab.
Jolastoki inklusiboak lortzera bideratutako ekintzak egin dituzten ikastetxeetan ere komeni da noizean behin berrikustea nola erabiltzen den jolastokia, gure proiektuan atzera ez egiteko.
Jolastokiaren erabileraren analisi sistematikoa egiteko, oso lagungarria da gure ikastetxeko jolastokiaren eta jolas-orduan erabil daitezkeen espazioen irudi eskematiko bat egitea (adibide bat dago material osagarrietan, irudi- eta esteka-formatuetan), baita aurretik espazio hezkideak lortzera bideratutako jarduketak egin badira ere.
Era berean, ondorio objektiboak ateratzea ahalbidetuko diguten datuen bilketa ordenatua egiteko, lagungarriak izan daitezke Valentziako Generalitatak “Guía de patios coeducativos” argitalpenean editatu dituen taula hauek:
![]() |
![]() |
Taulak pdf formatuan eskuratzeko (30. eta 31. or): https://ceice.gva.es/documents/169149987/172590358/Guia_de_patis_coeducatius_cas.pdf
Jolastokien eta jolas-espazioen egungo egoera eta erabilera analizatzeko lan hori ikasle guztiekin batera egin daiteke (eta egin beharko litzateke); izan ere, ez dago genero-ikuspegia aintzat hartuta aztertzen ikasteko hori baino modu hoberik, eta gainera, ikasleek primeran ezagutzen dute jolastokiak benetan nola erabiltzen dituzten, eta badakite esplizitatzen zer nahi duten eta zerk molestatzen dien. Horregatik, ikasleei jolastokiaren eskema helaraziko zaie, talde handian egin dezaten behaketa.
Jolas-orduan egiten den espazioen erabilera behatzeko fasea amaitu eta gero, datuak txosten batean jaso eta klaustroari helaraziko zaio. Jarraian, egoera hobetzera bideratutako ekarpenak egiteko prozesua hasiko da. Txostena ikasleen artean banatuko da, bi helbururekin: batetik, hain garrantzitsua den proiektu horri egin dizkioten ekarpenei lotutako ondorioen berri ematea haurrei eta, bestetik, txosten-eredu bat erakustea, bizitzaren arlo guztietan hobekuntza-proiektuak egiten ikasten joan daitezen. Ikasleen adinaren arabera, txostena aurkezteko ulertzen dituzten hitzak erabili eta modu argian azaldu behar dira edukiak. Horretan, irakasleak hizkuntza-konpetentziaren eredu izan behar du.
Garrantzitsua da klaustro osoa egotea datu horien jakinaren gainean; izan ere, hobekuntza-ekintzak ezin dira oinarritu sarritan estereotipo sexistak edo aurreiritziak barnebiltzen dituzten iritzi subjektiboetan.
Halaber, familiek ere ezagutu beharko lituzkete analisia eta analisitik eratorritako proiektua; izan ere, familiek hobekuntzetan parte hartzeak proiektu osoa aberastu eta komunitate osoa inplikatzen du hezkidetzarako bidean.
Jarduera amaitzeko, bakoitzak jolas-orduko espazioen erabilera aztertzeko egin duen behaketari buruzko zenbait galdera erantzungo ditugu:
- Nola egin dugu behaketa?
- Zer izan da behaketa honetan zailena?
- Nolakoa izan da ikasleen parte-hartzea eta motibazioa?
- Zein ondorio atera daitezke ekintza honetatik?
- Zein egiteko ematen diegu ikasleei ekintza hauetan? Eta familiei?
IRAUPENA
Jarduketa honek ez du iraupen zehatzik, ikastetxe bakoitzean parte hartzen duten pertsonen araberakoa izango delako.
BALIABIDEAK
- Patios coeducativos: https://www.youtube.com/watch?v=n_6Jkv3zD2s
GEHIAGO JAKITEKO:
- Guía de patios coeducativos, Valentziako Generalitata, https://ceice.gva.es/documents/169149987/172590358/Guia_de_patis_coeducatius_cas.pdf
GURE IKASTETXEKO JOLASTOKIAK BEHATZEN DITUGU (Irakasleak eta ikasleak)
Gure jolas-ordu berdinzalea (ikasleak)
|
EGIN DEZAGUN BEHAKETA |
GURE JOLAS-ORDU BERDINZALEA (Ikasleak)
|
Espazioak beren interesetara egokitzeko haurrei entzutea hezkidetza lortzeko egin beharreko aurrerapausoetako bat da. Zertan jolastu nahi dute? Jolastokian zein espazio hartzen dute eta zein espazio hartu nahiko lukete? Zein jolas ezagutzen dituzte? Zer-nolako harremanak dituzte jolas-orduetan? Horrez gain, jolastokian egin ditzaketen jolas eta ekintzen katalogoa zabaldu beharko litzateke; izan ere, eskaintza zabala izan ezean, ezagutzen dutena bakarrik erantzungo dute, eta horrek estereotipoen errepikapen automatikoa ekar dezake. |
HELBURUAK
- Jolas-orduko jolasei eta pertsonen arteko harremanei dagokienez nik neuk eta nire ikaskideek dituzten interesak ezagutzea.
- Ikastetxeko jolastokian egin daitezkeen jardueren katalogo zabalago bat ezagutzea.
- Jolastokien eta jolas-espazioen erabilerari lotutako ekarpenak egitea.
- Ondo pasatzeko bide berriak baloratzea
GARAPENA
Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia izateko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko.
Jarduera egiten hasi baino lehen, neska-mutilei azalduko diegu zeri buruz hitz egingo dugun. Jarduera hau batzarrean bilduta egin daiteke, ikasle guztiek izan dezaten aukera beren ikuspegia askatasunez eta lasaitasunez partekatzeko. Interesgarria litzateke irakasleek arbelean idaztea ikasleek arian-arian proposatutako ideiak, begien aurrean egon daitezen eta gerora errazagoa izan dadin ideia horiek jasotzea, egingo diren ekintzetan aintzat hartzeko.
Batzarrarekin hasteko, jolas-orduan egiten duten jolastokiaren erabilerari buruzko galderak egingo zaizkie ikasleei, beren interesak zein diren ezagutzeko.
- Zertan jolasten zarete jolas-orduan? Norekin jolasten zarete? Jolastokiko zein eremutan?
- Zein da jolasteko gehien gustatzen zaizun jolastokiko eremua?
- Zertan jolastu nahiko zenuke? Zer gustatuko litzaizuke jolastokian egotea zuek jolasteko?
- Jolastokian egin dezakegun zein jolas ezagutzen duzue?
Azken galdera hori berebizikoa da gure ikasleek duten jolas-katalogoa ezagutu eta jolas berriak proposatzeko. Izan ere, begi-bistakoa da inori ez zaiola otuko ezagutzen ez duen zerbait desiratzea. Horregatik, garrantzitsua da ikasleei erakustea jolaserako zein aukera dituzten. Modu horretan, jolastokiak zein eremu izan ditzakeen azal diezaiekegu, gustatuko litzaizkiekeen ala ez jakin dezaten:
- Natura-eremua.
- Harea-zuloa.
- Haurrentzako parkea.
- Etxetxoa.
- Pneumatikoen eremua.
- Rokodromoa.
- Eta abar
Halaber, berdintasunean sozializatzeko eta genero-estereotipoak hausteko baliagarriak diren jolas ez-lehiakorrak ere plantea diezazkiekegu, nesken eta mutilen parte-hartzea sustatuko dutenak: sokasaltoa, zapi-jokoa, euskal jolas tradizionalak, tokea, eta abar. Era berean, baloi-jolasek eta, batez ere, futbolak jolastokian sortzen dituzten arazoei buruz ere hitz egin dakieke: ez du talde osoak jolasten, lehiakorra da, arriskutsua da jolasten ez duten arren baloikadak jasotzen dituztenentzat, beti dago aukera futbolean eskolatik kanpo aritzeko, eta abar.
Horren harira, taldean egiteko jarduera bat proposa daiteke: talde bakoitzak bilatu egin beharko ditu munduko zonalde eta historiako garai ezberdinetan ezagunak ziren jolasak. Are gehiago, etxeko adinekoei galde diezaiekete zertan jolasten ziren beren adina zutenean. Modu horretan, talde bati Euskadiko herri-jolasak ikertzeko eska dakioke, eta beste batzuei Europakoak, Afrikakoak, eta abar ikertzeko. Horrela, eta ikerketaren esparruan mutilak eta neskak zertan jolasten diren ikusita, genero-ikuspegia aintzat hartzen ariko gara gure ikerketan, eta gainera, beste garai eta toki batzuetako errealitateak ezagutuko ditugu. Ondoren, talde bakoitzak ahozko aurkezpena egingo die gainerako ikasleei, denen artean aukera ditzaten beren jolastokirako apropos ikusten dituzten eta mutilen eta nesken arteko berdintasunean probatu nahi dituzten jolasak.
Batzarrari amaiera emateko, eta taldeko ikerketaren bidez hainbat jolas ezagutu eta gero, ikasleek gehien gustatu zaizkien jolasak hautatu eta planifikatu ditzakete; hau da, jolasten ikasi, jolastokia jolas horietarako egokitu eta jolastu.
Behin jarduera amaituta, dokumentu batean jasoko ditugu ikasleen ekarpenak, azterketa egiteko eta jolas-orduko espazio eta jardueren balizko aldaketetan aintzat hartzeko.
Jarduera amaitutzat emateko, jolas-orduan egiten den jolastokiaren erabilerari buruzko galdera batzuei erantzungo diegu.
- Ikasleen zein ekarpen gauzatu dezakegu?
- Zer prestakuntza beharko genuke jolastokia ahalik eta modu gehienetan erabiltzeko katalogo bat edukitzeko?
- Nondik hasiko gara eta nondik jarraituko dugu? Zein baliabide material daukagu eta nondik lor ditzakegu beste batzuk?
IRAUPENA
Jarduera honek ez dauka iraupen jakinik; izan ere, ikasleen parte-hartzearen, ikasten dugun jolas kopuruaren eta gure jolastokiko espazioek ematen dizkiguten aukeren araberakoa izango da iraupena.
BALIABIDEAK
- Patios inclusivos, patios coeducativos: https://www.youtube.com/watch?v=TaJ1Ylbf16Y
GEHIAGO JAKITEKO:
- Eskoletako jolastokiak eraldatzeko gida, Euskadi: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/patios_escolares/es_def/adjuntos/GUIA_patios_escolares%20final.pdf
Jolastokiak egiteko modu gehiago (hezkuntza komunitatea)
|
EGIN DEZAGUN BEHAKETA |
JOLASTOKIAK EGITEKO MODU GEHIAGO (Hezkuntza-komunitatea)
|
Gure ikastetxean egiturazko aldaketa bat egitea planteatzen dugunean, aldaketa hori edo antzeko aldaketa bat egin duten erreferenteak behar ditugu. Jolastoki hezigarrien kasuan, ibilbide luzea egin da jada, eta ibilbide hori abiapuntutzat erabil daiteke beste esperientzia batzuk ezagutzeko, ideiak hartzeko eta gure errealitatea testuinguruan jartzeko. Horregatik, sustatu egin behar da irakasleek prestakuntza espezifikoa jasotzea eta hezkuntza-komunitate osoak prozesuan parte hartzea. |
HELBURUAK
- Jolastoki hezkideak lortzera bideratutako aldaketa egiteko beste modu batzuk ezagutzea.
- Gure ekintzaren oinarri izango den corpus teoriko bat osatzea.
- Gure ikastetxearen testuinguruan jartzeko ideiak hartzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta mota honetako jarduerak ohikoak izan daitezela lortzeko.
Jarduera hau irakasleei eta, oro har, hezkuntza-komunitate osoari prestakuntza ematera bideratuta dago zuzenean, gure ikastetxean jolastoki hezkideak lortzeko lana egiteko. Horregatik, jarduera honen helburuak informazioa eta prestakuntza ematea, ideiak biltzea eta jolastokia hobetzeko plana abiatzea dira.
Helburu horrekin, Valentziako Generalitatak jolastoki hezkideekin izandako esperientziari buruzko bideo bat ikustea gomendatzen da. Erabat eguneratuta egoteaz gain, argitalpen honek aintzat hartu beharreko alderdi guztiei heltzen die, eta pista asko ematen ditu gure jolastokietako espazioetan benetako lana egiten hasteko.
Gauzak horrela, bideo hau proposatzen da: “Guía Patios Coeducativos”
Ahal bada, prozesuan aurrez aurre inplikatuta dauden irakasleei jarriko zaie bideoa, horrela berehala eta une horretan bertan egin daitezen gogoeta eta hobekuntza-planerako ideien bilketa. Ezin bada, bideoak iraupen jakin bat duelako, norberak bere kabuz ikus dezake, eta gero lan-bilera bat egin ikasitakoa partekatzeko.
Xedea da bideo hezigarri horren bidez aukera berriak bisualizatzea, bai analisiari, bai jarduketari dagokionez, eta ideia-jasa bat egitea entzundako guztia gure jolastokien eta jolas-espazioen testuinguruan jartzeko.
IRAUPENA
Bideoak ordu eta erdiko iraupena du, eta gogoeta egiteko eta testuinguruan jarritako hobekuntza-plana planifikatzeko denbora ere gehitu behar zaio.
BALIABIDEAK
- Guía Patios Coeducativos
https://www.youtube.com/watch?v=uWxWrv9FP9Y&t=1340s
GEHIAGO JAKITEKO:
- El patio que soñamos: https://www.youtube.com/watch?v=vzMo0dkCOWI
- Renaturalización de los patios escolares: https://www.youtube.com/watch?v=n07ogbwg_nI
https://www.youtube.com/watch?v=ZlMlf-A1rt0
- Experimento para cambiar los patios escolares: https://www.youtube.com/watch?v=1Oq5sZQRzCY
- Vídeo de un patio diferente: https://www.youtube.com/watch?v=tT4YlssFU7Q
- Guía de patios coeducativos, Generalitat Valenciana, https://ceice.gva.es/documents/169149987/172590358/Guia_de_patis_coeducatius_cas.pdf
JOLASTOKIAK EGITEKO MODU GEHIAGO (hezkuntza-komunitatea)

