Gure proiektuak

Gure desirak proiektatzen ditugu (ikasleak)

GURE PROIEKTUAK

 

  GURE DESIRAK PROIEKTATZEN DITUGU (Ikasleak)

Aldaketa esanguratsuak egiteko, askotan beharrezkoa da proiektu bat prestatzea. Gure ikasleek ere har dezakete parte plangintza horretan, eduki nahiko luketen jolastokiaren edo beren jolastoki idealaren proiektua prestatuz. Baldintza bakarra izango da jolastoki horretan berdintasunean jolastu eta elkarreraginean aritu behar direla mutil eta neskak; beste era batera esanda, jolastokia ezin da desberdinkeriaren eta diskriminazioaren espazio izan.

 

HELBURUA

  • Jolastoki idealaren proiektua egitea.
  • Nire desirak errespetuz eta enpatiaz adieraztea
  • Berdintasuna aintzat hartzea jolas-espazioetan egingo diren aldaketak planifikatzeko.
  • Nire interesei lotutako ekarpenak egitea.

 

GARAPENA

Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da  ariketa egitea, giro lasaia izateko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko. 

Jarduera egiten hasi baino lehen, neska-mutilei azalduko diegu zeri buruz hitz egingo dugun. Argi eta garbi adieraziko diegu zer egingo dugun, eta sorkuntzari eta talde-lanari bide emango dion talde-giroa sortuko dugu.

Halaber, interesgarria litzateke jolastokian eta jolas-eremuetan eduki nahiko luketenari buruz hitz egiteko batzartzea, betiere aintzat hartuta ezagutzen dutenari buruz baino ezingo dutela hitz egin, eta ondorioz, beren aukeren katalogoa mugatuta dagoela. Dena den, ideia batzuk eman diezazkiekegu: harea-zuloa, zabuak, soka- eta eskalada-jolasak, baratza, loreen eremua, etab.

Bi-hiru kideko talde bakoitzari DIN-A3 orri bat emango zaio, bertan beren jolastoki ideala marraz dezaten. Marrazkia egitea errazagoa izan dadin, horren aurretik behaketa-paseo bat egingo dugu jolastokian barna, une honetan zer dagoen ikus dezaten. Horrez gain, emango diegun DIN-A3 orri horretan proiektatu nahi dugun espazioaren silueta egongo da marraztuta.

Hortik abiatuta, erabateko askatasuna izango dute beren marrazkia egiteko. Bi-hiru kideko talde bakoitzari silueta horren barruan jolas-ordurako eduki nahiko lukeena marrazteko eskatuko diogu.

Behin marrazkia bukatuta, talde bakoitzak ahoz azalduko du zer marraztu duen. Arbelean jasoko ditugu ikasleek proposatu dituzten ideiak. Ondoren, bozketa egingo da talde osoak zein ideia nahiago dituen jakiteko.

Hori bai, bi baldintza bete behar dituzte proposamen horiek guztiek: batetik, mutilek eta neskek aldi berean jolasteko aukera ematea, eta bestetik, espazioa ez erabiltzea baloi-jolasetarako.

Azalpenak eta ideia-bilketa amaitu eta gero, haur-hezkuntzako gela ezberdinetako irakasleek komunean jarriko dituzte beren geletan atera diren ideiak, gauzatu daitezkeen eta ikasleen interesekin hobeto bat datozen ideiak hautatzeko. Ahal den neurrian, ideia horiek jolastokiak aldatzeko proiektuan txertatuko dira, eta gainera, haur-hezkuntzako ikasleen familiei ere helaraziko zaizkie, nahi izanez gero, ekarpenak egin ditzaten.

 

Jarduera amaitzeko, jolas-espazioen erabilerari eta jolastokia aldatzeko proiektuari buruzko zenbait galdera erantzungo ditugu:

  • Zein zailtasun dago jolas-espazioak aldatzeko?
  • Zein baliabide dugu, baliabide materialak eta giza baliabideak aintzat hartuta, aldaketa egiteko?
  • Nondik has gaitezke, noiz eta noren ardurapean?

 

IRAUPENA

Jarduera honen iraupena aldakorra da, ikasleen erritmoaren eta proiektuan parte hartuko duten gelen kopuruaren araberakoa.

 

BALIABIDEAK

Un patio diferente: https://www.youtube.com/watch?v=tT4YlssFU7Q

 

GEHIAGO JAKITEKO:

Patios coeducativos: https://www.youtube.com/watch?v=n_6Jkv3zD2s

 

GURE DESIRAK PROIEKTATZEN DITUGU (ikasleak)

 

Gure jolastokia deskubritzen dugu (ikasleak)

GURE PROIEKTUAK

 

  GURE JOLASTOKIA DESKUBRITZEN DUGU (Ikasleak)

Batzuetan ezin da gure jolastoki edo jolas-espazioetan egiturazko aldaketarik egin, eta zenbaitetan denbora behar da aldaketa horiek gauzatzeko. Horregatik, interesgarria da, halaber, gaur egun daukagunari eman dakizkiokeen beste erabilera batzuk ere aztertzea. Are gehiago, gune naturalik (lorategia, belarra, zuhaitzak...) ez duten espazioei ere erabilera ez-tradizionala eman dakieke.

 

HELBURUA

  • Jolastokiak eman diezagukeen guztia ikertzea
  • Jolastokiaren erabilera berriekin disfrutatzea
  • Jolastokian dagoena analizatzea eta sailkatzea
  • Gehien gustatzen zaidana hautatzea

 

GARAPENA

Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da  ariketa egitea, giro lasaia izateko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko. 

Jardueraren hasieran, ikasleei esango diegu txango bat egingo dugula ikastetxeko jolastokira, bertan, iker daitezkeen animaliak aurkitzeko. Horretarako, haur bakoitzari galdera hauek edo interesekoak izan daitezkeen beste galdera batzuk dituen orri bana emango zaio:

  • Zein animalia da ikusten ari naizena? Badakit  nola deitzen den?
  • Zein koloretakoa da?
  • Hankak ditu? Ikus dezakezu zenbat hanka dituen?
  • Non dago? Landare batean, zuhaitz batean, lurrean, horma batean, harri baten azpian?
  • Handia da ala txikia?
  • Azkarra da ala mantsoa?
  • Nolakoa ditu burua eta gorputza? Handiak, txikiak, kolore berekoak, begiak ikusten zaizkio...?

Galdera horien helburua da ikasleen arreta gauza jakin bat behatzean zentratzea. Behaketa da ikerketa zientifiko guztien lehen urratsa, eta horregatik, aldi berean neska-mutilekin STEM diziplinak (diziplina zientifikoak) berdintasunean lantzen ere ariko gara.

Bakoitzak bere orria daukanean, jolastokira atera eta animaliaren bat bilatuko dugu: intsektuak, inurriak, barraskiloak, txoriak (nahiko ohikoa da are gune berderik ez duten hirietako ikastetxeetan txolarreak, buztanikarak, karnabak, buztangorri ilunak, txantxangorriak, kaioak, ipar-beleak, belatxikiak, etab. aurkitzea).

Animalia jakin baten behaketa banaka, talde txikietan edo talde handian egin daiteke; pertsona bakoitzak daturen bat gehitu beharko du behaketa zorrotz horretan. Helburua da behaketan ahalik eta datu gehien biltzea: zenbat eta gehiago, hobeto. Irakasleak koaderno batean jasoko ditu animalia bakoitzean behatzen diren datuak. Jarduera luzatu egin daiteke aurkitu eta aztertu nahi ditugun animalien kopuruaren arabera.

Behin informazioa bilduta, gelara itzuli eta behatutako datuak partekatuko ditugu. Gero, animalia horri buruzko informazioa bilatuko dugu Interneten, eta ikasleei arreta gehien ematen dien informazioa betetzen joango gara. Jardueraren beste helburu bat da animaliak bizitza errealean ezagutzea eta animaliak errespetatzen ikastea.

Horrez gain, aukera eman dakieke ikasleei ikusitako animaliak marrazteko, eta ondoren gure jolastokiko faunaren marrazki-erakusketa txiki bat egin.

Modu horretan, ikaskuntzak ikaskuntza esanguratsu bihurtzen dira jolastokian egindako jarduera osagarri baten bidez. Jarduera horrek espazioen erabilera ezberdinak egiteko aukerak erakusten ditu, eta gainera, ikasleak behaketan eta ikaskuntzan oinarritutako dinamika zientifikoetan sartzen ditu.

Jarduera amaitutakoan, egin galdera hauek zeure buruari:

  • Nola atera da jarduera, esanguratsua izan da?
  • Oztoporen bat egon da jarduera egiteko?
  • Jolastokian natura integratzera bideratutako aldaketaren bat plantea dezakegu?

 

IRAUPENA

Iraupena taldearen erritmoaren eta parte hartzen duten irakasleen kopuruaren araberakoa izango da.

 

BALIABIDEAK

Eranskina I. Gure jolastokiko animaliak

Eranskina II: Gure jolastokiko landareak

Eranskina III: Gure jolastokiko objektuak

 

GEHIAGO JAKITEKO:

https://www.youtube.com/watch?v=ZlMlf-A1rt0

 

GURE JOLASTOKIA DESKUBRITZEN DUGU (ikasleak)

 

Berdintasuna eskolaz kanpoko jardueretan eta jarduera osagarrietan (hezkuntza komunitatea)

GURE PROIEKTUAK

 

  BERDINTASUNA ESKOLAZ KANPOKO JARDUERETAN ETA JARDUERA OSAGARRIETAN (hezkuntza-komunitatea)

Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak berdintasuna transmititzeko eta estereotipo sexistak hausteko tresna bihur daitezkeen ikaskuntza-espazioak dira. Hala ere, horretarako, analizatu egin behar dira gaur egun egiten diren jarduerak, zehazki, genero-desbiderapenik duten eta mutil eta neska izateari buruzko ideiak desberdinkeriatik eta diskriminaziotik transmititzen ari diren jakiteko.

 

HELBURUA

  • Ikastetxeak gaur egun eskaintzen dituen eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak genero-ikuspegitik aztertzea.
  • Familiak berdintasuna transmititzen duten eskolaz kanpoko jardueretan eta jarduera osagarrietan inplikatzea.
  • Eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak ikastetxeari izaera hezkidea emateko aprobetxatzea.

 

GARAPENA

Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia izateko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko. 

Jarduera hau irakasleei eta familiei egongo da zuzenduta batez ere; dena den, aintzat hartu behar da, halaber, ikasleek egiten dituzten eskolaz kanpoko jarduerei buruz duten iritzia.

Askotan, jarduera osagarriak gela bakoitzak planifikatzen ditu modu isolatuan, ikastetxeko planifikazio orokorra gehiegi aintzat hartu gabe. Jarduera horiek aukera ona izan daitezke berdintasuna sustatzeko eta ikastetxearen izaera hezkidea eraikitzeko. Horretarako, denek ezagutu behar dituzte genero-ikuspegia aintzat hartzen duten gure inguruko jarduerak: antzerkia, txotxongiloak, emanaldiak, ipuin-kontalariak, eta abar. Zein aukera dauden dakigunean, gutxienez hiruhilabetekoan behin ikasleek jarduera osagarri horietakoren batez gozatzeko aukera izatea programatu beharko litzateke.

Eskolaz kanpoko jarduerei dagokienez, ikastetxe askotan gurasoen elkartea arduratzen da jarduera horiek antolatzeaz. Horregatik, garrantzitsua da elkarte horiei eta familiei, oro har, eskolaz kanpoko jardueretan berdintasunak duen garrantzia transmititzea.

Ikasturte hasieran, hezkidetzari buruzko solasaldi bat planteatu daiteke familiekin. Bertan, irakasleak hezkidetza-helburuen eta horien beharraren berri eman diezaieke gurasoei. Horrez gain, informazio-bilera horretara ikastetxean azken urteetan eskainitako eskolaz kanpoko jardueren analisia ere eraman daiteke, jarduera bakoitza egin duten mutil eta nesken kopuruaren berri eman, genero-desbiderapenik egon den aztertu eta horrelakorik izango ez duen programazio bat planteatze aldera.

Halaber, une egokia da ikastetxeko jaietan estereotipo sexistekin eta nesken hipersexualizazioarekin zer egin daitekeen pentsatzeko, jaialdi eta efemerideek gure ikastetxearen izaera hezkidea eraikitzen lagunduko duen berdintasun-ikuspegia izan dezaten.

Azkenik, ikasleei galdetu beharko litzaieke eskolaz kanpoko zein jarduera egin nahiko luketen, betiere aintzat hartuta orokortutako sozializazio sexistaren ondorioz, ideia estereotipatuekin erantzungo dutela. Hala eta guztiz ere, baliagarria izan daiteke galdetzea, ikasleek dituzten genero-estereotipoen berri eman diezagukeelako. Hori guztia dela eta, eskolaz kanpoko jarduerak aukera ona izan daitezke estereotipoak hausteko.

Galdera hauek planteatu daitezke informazio guztia –gure ikastetxeko jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren errealitatea, familien ideiak eta ekarpenak eta ikasleen eta irakasleen ekarpenak– bildu eta gero:

  • Nola lor dezakegu jarduera osagarriek eta eskolaz kanpoko jarduerek berdintasuna transmititzea?
  • Jarduera horien zein planifikazio jartzen dugu martxan estereotipo sexisten aurka lan egiteko?
  • Zein oztopo egon daiteke horretarako?

 

IRAUPENA

Denbora nahikoa behar da jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak genero-ikuspegia aintzat hartuta planifikatzeko; izan ere, hezkuntza-komunitate osoa inplikatu behar da eta baliabideak bilatu behar dira inguruan.

 

BALIABIDEAK

 

BERDINTASUNA ESKOLAZ KANPOKO JARDUERETAN ETA JARDUERA OSAGARRIETAN (Hezkuntza-komunitatea)