Elkar zaintzen dugu
Guk hauek zaintzen ditugu...
|
ELKAR ZAINTZEN DUGU |
GUK HAUEK ZAINTZEN DITUGU
|
Bizitza osoan zehar ikasten dugu zaintzen. Alabaina, lehen urteak funtsezkoak dira besteak eta geure burua zaintzeko estrategiak eta trebetasunak garatzeko. Batzuetan nahastu egiten ditugu zaintza eta gehiegizko babesa, baina ez dira gauza bera. Zaintzea gure seme-alabei autonomia ematea ere bada, hanka-sartzeetan oinarrituta heztea. |
HELBURUA
- Zaintzak genero-ikuspegitik aztertzea.
- Zaintzetan haurrentzako funtsezko elementu gisa trebatzea.
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea.
- Jarrera enpatikoa agertzea.
- Zaintzen gozatzea
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko.
Hasteko, ikasleei jardueraren helburuak azalduko dizkiegu
Dinamikari hasiera emateko, etxetik gustatzen zaien panpina edo pelutxe bat ekartzeko esango diegu ikasleei. Astebetez erabiliko dugu.
Lehenik, borobilean jarriko gara; haur bakoitzak bere “jostailu pertsonifikatua” aurkeztuko du. Jostailuaren izena esan eta horrenbeste zergatik gustatzen zaien azaldu behar dute. Gero, jostailua nola zaintzen duten kontatzeko eskatuko diegu: zer egiten dioten, nola egiten duten eta noiz egiten duten.
Ondoren, aste osoan ikasgelan zaintzeko eskatuko diegu; etxera eraman dezakete, baina egunero ekarri behar dute jarduera egiteko. Zaintza-lanek iraupen mugatua izango dute, 15 minutu, adibidez. Tarte horretan, jostailua zaindu eta zaintza-lana ikaskideekin partekatuko dute.
Zaintzen astea bukatzeko, batzartu egingo ditugu berriro, galdera hauek erantzun ditzaten:
- Zer da zaintzetik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
- Zenbat denbora ematen duzue egunean maite duzuena zaintzen?
- Nola zaintzen dugu familia?
- Nola zaintzen ditugu lagunak?
- Nola zaintzen ditugu ikaskideak?
- Zaintzen ez gaituztenean, nola sentitzen gara?
IRAUPENA
Jarduerak ez du iraupen zehatzik; izan ere, zaintza-lanetan zentratzen da, astebetez.
BALIABIDEAK
- Ikasle guztiak borobilean jartzeko moduko ikasgela bat, denok batzartzeko modukoa.
Nire burua zaintzen dut, zaindu egiten naute, elkar zaintzen dugu
|
ELKAR ZAINTZEN DUGU |
NIRE BURUA ZAINTZEN DUT, ZAINDU EGITEN NAUTE, ELKAR ZAINTZEN DUGU
|
Norberak bere burua zaintzen ikastea funtsezkoa da ikasleek autonomia eta autoestimua berenganatzeko; izan ere, horri esker, autosufizienteagoak sentituko dira egunez egun. Gainera, geure burua zaintzen dugunean, besteak zaintzen eta zainduak izaten ere ikasten dugu, kontziente garelako zer gustatzen zaigun eta zer ez. |
HELBURUA
- Norberak bere burua zaintzeko egiten dituen lorpenak identifikatzea, bai etxean, bai maila pertsonalean.
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea.
- Jarrera enpatikoa agertzea.
- Norberak bere burua zaintzen gozatzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko.
Hasteko, ikasleei jardueraren helburuak azalduko dizkiegu
Autonomia haurtzaroan hasten gara geureganatzen, haurrak garenean gure eguneroko bizitzan hartzen ditugun erantzukizun txikien bidez. Erantzukizunak hartzeak autonomian eta familiaren gaineko erantzunkidetasunean hezten gaitu. Hona hemen erantzukizun horien zenbat adibide: laguntzarik gabe janztea, jostailuak batzea, mahaia jartzea eta mahaia jasotzea. Gainera, autonomia eta autoestimua haurrak modu arduratsuan eta ondo egindakoak eta gaizki egindakoak beren gain hartuta hezteko oinarriak dira.
Ikasleen autonomia sustatzeko eta ikasturtean zehar egindako aurrerapenak ikusteko, jarraian datorren fitxa betetzeko eskatuko diegu. Dokumentua ikasgelan eskegi dezakegu, behar dutenean hartu eta lortu dituzten erronkak idatzi ditzaten. Fitxan zuri utzitako gelaxka batzuk egongo dira, haurrek beren egunerokoan egiten dituzten bestelako atazak idatz ditzaten bertan. Hiruhilekoaren edo hilabetearen amaieran egin dezakegu lorpenen balorazioa; horrek haurren autonomia eta segurtasuna areagotzen ditu, eta bi-biak dira bizitzarako funtsezkoak.
Ikasturte amaieran, ikasleei itzul diezaiekegu orria, lortutako edo eskuratutako autonomiaren errepasoa eginda.
IRAUPENA
Jarduera honek ikasturte osoa har dezake, eta tarte jakin bat eman diezaiokegu hilabetean lorpenak eguneratu ditzaten.
BALIABIDEAK
- “Nire burua zaintzen dut” fitxaren fotokopia
GEHIAGO JAKITEKO:
- Web-orria: Educar en igualdad: https://www.educarenigualdad.org/
NIRE BURUA ZAINTZEN DUT, ZAINDU EGITEN NAUTE, ELKAR ZAINTZEN DUGU
...naiz, gogoko dut, ...ez dut gogoko...
|
ELKAR ZAINTZEN DUGU |
...NAIZ, GOGOKO DUT, ...EZ DUT GOGOKO
|
Heziketa emozionalaren eta gatazkak modu baketsuan konpontzearen ikuspegitik funtsezkoa da esplizituki esatea zer ez dugun gogoko edo zer ezin dugun egin une jakin batean. Pertsona batzuek zailtasun handiak dituzte gauza batzuei ezetz esateko, berezia den pertsona batek eskatzen dizkielako. Alabaina, garrantzitsua da hori ikasleekin lantzea, gai izan daitezen baietz edo ezetz esateko, beren nahien edo interesen arabera. |
HELBURUA
- “Ez dut gogoko” esaten ikastea eta besteek esatea onartzea.
- Gogoko dituztenak eta gogoko ez dituztenak modu egokian adieraztea
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea.
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko.
Hasteko, ikasleei jardueraren helburuak azalduko dizkiegu
Askotan, gure ikasleak kexu dira gogoko ez dituzten gauzak esaten edo egiten dizkietelako. Hala ere, gogoko ez dituzten gauzak esateko zailtasunak dituzten ikasleak ere badauzkagu. Garrantzitsua da hori guztia komunikatzen ikastea haurren autoestimua eta autokontzeptua indartzeko.
Badakigu genero-estereotipoak direla-eta askoz ere onartuagoa dagoela mutilek “ez dut gogoko” esatea neskek baino; horregatik, neskek txiki-txikitatik ikasten dute gogoko ez dutena egiten, atseginak izateko hazten ditugulako, eta ez besteak gaizki sentiarazteko. Estereotipo horiek haustea da, hain zuzen, jarduera honen helburua.
Horretarako, fitxa bat prestatuko dugu ikasleentzat. Fitxa modu honetan egongo da egituratuta:
|
Nire izena... ……………………………………………….da ……………………………….... naiz
Gogoko dut…………………………………………………
Ez dut gogoko………………………………………………………………….
|
Haurrei fitxa banatuko diegu beren izen-abizenak jar ditzaten. Gero, itzuli egingo digute. Jarraian, borobilean jarri eta haur guztiei emango diegu hitza. Fitxak aurrean dauzkagula, haurrek gogoko dituzten eta gogoko ez dituzten bi edo hiru egoera kontatuko dizkigute. Bakoitzaren fitxan idatziko dugu esaten dutena.
Azkenik, fitxa itzuliko diegu, ikus dezaten, eta ikasgelan jartzea proposatuko diegu. Lan honen bitartez, ikasleek hobeto ezagutuko dute zer duten gogoko eta zer ez, eta horrela, desatsegina den zerbait geratzen denean, fitxara jo eta fitxa egin genuenean esan zuen ala ez konprobatuko dugu. Lehendik ez bazegoen fitxan jasota, momentu horretan idatziko dugu. Fitxa ikasturtean zehar joango gara osatzen. Helburua da ikasleek elkar ezagutu eta elkar errespetatzea. Irakasleak ere bete dezake fitxa bat, ikasleek hobeto ezagutu dezaten.
IRAUPENA
Jarduera ordubete luza daiteke, baina esan bezala, epe luzean egiteko lana da.
BALIABIDEAK
“... naiz, Gogoko dut... Ez dut gogoko...” fitxaren fotokopia bana ikasleko.
GEHIAGO JAKITEKO:
- Bideoa: "Ni un besito a la fuerza":
https://www.youtube.com/watch?v=HoUQyo5p-5Q
- Bideoa: "Decir sí, decir no": https://www.youtube.com/watch?v=ibyO7C_TlMI
...NAIZ, GOGOKO DUT, ...EZ DUT GOGOKO...