IZENDA NAZAZU
SINTONIA-UNEA |
IZENDA NAZAZU
Jarduerak egin ahala, konturatuko zara hizkuntza erabiltzeko moduak esparru askotan axola duela. Baina pertsona bat izendatzeko moduak, zehazki, zuzenean eragiten die haren identitatearen garapenarekin zerikusia duten zenbait alderdiri, taldean onartzeari edo ez onartzeari... Horregatik, garrantzitsua da jakitea pertsona bakoitzak nola nahi duen besteek izenda dezaten, bere buruarekin eta taldearekin ondo senti dadin |
HELBURUA
- Nork bere buruarekin sintonizatzea, norbere izenaren bidez
- Taldearekin sintonizatzea, besteen nahiak errespetatuz
GARAPENA
Norbere izenaren bidez talde-sintonia sortzeko, bi dinamika ezagun hauetako bat erabiliko dugu:
1. Izen-katea
Biribilean jartzea da, seguru asko, dinamikarik errazena. Parte-hartzaile bakoitzak bere izena zein den, hau da, nola izendatzea nahi duen, eta bere oinarrizko ezaugarriak zein diren esango du. Ondoren, hurrengoaren txanda izango da. Hori egin ondoren, pertsona bakoitzak, txandaka, taldekide guztien izenak esango ditu banan-banan. Gero eta azkarrago egin daiteke, edo norabidea alda daiteke noizean behin, dinamika beti berdina ez izateko.
2. Pilota elkarri pasatzea
Parte-hartzaileek biribilean jarri behar dute. Lehenengo eta behin, txandaka, taldekide bakoitzak bere izena, hau da, nola izendatzea nahi duen, esango die gainerakoei. Ondoren, hartu pilota bat, eta pasa diezaiotela elkarri. Pilota jasotzen duenak pasatu dionaren izena esan beharko du; gero, beste bati pasatuko dio, eta hark ere gauza bera egin beharko du. Ez dago pilota ordena jakin batean pasatu beharrik; ausaz joka daiteke, beti ere parte-hartzaile guztiak integratuta baldin badaude.
Jarduerari amaiera emateko, galdetuko diegu zer iruditu zaien jarduera, eta helburuak errepasatuko ditugu, horiek bete diren ala ez jakiteko. Azken tarte hori baliagarria izango zaigu jardueraren ebaluazio txiki bat egiteko, eta honako autoebaluazioa hau igorriko dugu:
- Zer da gehien gustatu zaizuna? Zer da gutxien gustatu zaizuna?
- Zer ikasi dugu?
- Zein oztopo izan dituzu jarduera egiteko?
- Nola sentitu gara?