NEURE BURUARI ENTZUTEN
|
SINTONIA-UNEA |
NEURE BURUARI ENTZUTEN
|
Edozein lan egin aurretik, garrantzitsua da etenaldi laburrak egitea, nola gauden, zer behar dugun eta abar jabetzeko. Askotan, etenaldia egitea eta isilpean gaudela arreta gugan, gure emozioetan, gure pentsamenduetan, jartzea besterik ez dugu, horiei alde egiten uzteko eta gure ekintzen agintea hartzeko. |
HELBURUA
- Geure buruari minutu batzuk eskaintzea.
- Gure pentsamenduez eta emozioez jabetzea.
GARAPENA
Norbere buruarekin konektatzeko, leku lasaia behar da, inork enbarazu egingo ez digun lekua, eta isilik egoten saiatu behar dugu. Askotariko posturak erabil daitezke erlaxatzeko. Gela batean egonez gero, eserita egingo dugu erlaxazioa, bizkarra tente dugula, besoak izterren gainean jarrita eta begiak itxita.
Ezinbestekoa da arnasketa sakon eta lasaiari eustea. Erlaxatzeko orduan, burua ere erlaxatu behar da. Ikasleak pentsamenduak ez blokeatzen saiatuko dira: lasai eta era askean sortzen utziko diete, musika egokiaz baliatuta. Kasu honetan, «Bakean» izeneko audioa erabiliko dugu.
Erlaxazio-saioa amaitutakoan, ikasleek sakon hartuko dute arnasa, begiak irekiko dituzte, eta gorputza luzatuko dute, besoak eta hankak astiro mugituz.
IRAUPENA
Audioak 7 minutu irauten du, baina lehenago eten daiteke.
BALIABIDEAK
Audioa: Meditazioa. Marina Pintós