Ikasgela toki segurua da
Askatasunez sentitzea
|
IKASGELA TOKI SEGURUA DA |
ASKATASUNEZ SENTITZEA
|
Heziketa emozionala funtsezkoa da adin guztietan, baina are garrantzitsuagoa da lehen haurtzaroan. Haurrak emozioen izenak ikasi behar dituzte, baita emozioak izendatzen eta noiz sentitzen dituzten identifikatzen ere. Gainera, garrantzitsua da haurrek ikustea pertsona bakoitzak modu batera adierazten dituela bere emozioak. Besteen emozioekiko enpatia da elkar ondo tratatzeko eta tratu txarrak prebenitzeko lehen urratsa. Horregatik, hezkidetzatik abiatuta, emozioak izendatzea da gure proposamena, ikasleen adierazpen-askatasuna mugatzen duten estereotipo sexistarik gabe, ikasgela espazio seguru bilakatzeko. |
HELBURUA
- Gure emozio eta sentimenduak talde osoarekin partekatzea
- Besteen sentimenduak errespetatzea.
- Emozioak estereotipo sexistarik gabe adierazten laguntzea.
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea.
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko.
Hasteko, jardueraren helburuak azalduko dizkiegu ikasleei.
Emozioak ezagutzen hasteko, emotikonoak erabiliko ditugu. Irudi sinple eta eskematikoak dira, oso ezagunak; adingabeek ere ezagutzen dituzte. Oinarrizko emozioak har ditzakegu abiapuntutzat: poztasuna, tristura, haserrea, beldurra eta lasaitasuna.
Irakaslearen esku egongo da emozio kopurua eta emotikonoak hautatzea. Emotikonoen irudiak ikasgelako horman jarriko ditugu, tamaina handian, ondo ikus daitezen. Orrietan irudiak ordezkatzen duen emozioaren izena jarriko dugu ikasleen laguntzarekin. Gero, modu horretan sentiarazi duten esperientzien berri emateko eskatuko diegu; ikasle guztiei emango diegu hitza.
Hau izango da abiapuntua.
- Pozik nago, baldin eta...
- Triste nago, baldin eta...
- Haserretu egiten naiz, baldin eta...
- Beldur naiz, baldin eta...
- Lasai sentitzen naiz, baldin eta...
Haurrek esandakoa jasotzeko, orri bat hartuko dugu sentimendu bakoitzeko, eta bertan apuntatuko dugu haur bakoitzak esandakoa; zehazki, izen-abizenak eta partekatu duen egoera. Amaitutakoan, orria dagokion emotikonoaren azpian jarriko dugu, haurrek gertu izan dezaten.
Jarduera hau ikasturte osoan zehar egin daiteke, sentimendu eta emozio gehiago jasota.
IRAUPENA
Jarduerak ez du iraupen zehatz bat. Ikasturte osoan zehar egin daiteke.
BALIABIDEAK
Emotikonoak marrazteko materialak.
GEHIAGO JAKITEKO:
- “Koloreetako munstroa “ emozioak izendatzen laguntzen digun bideo-ipuina: https://www.youtube.com/watch?v=awLOH4AeZjY
- “El rock de las emociones” talde osoarentzako abestia. Emozioak izendatu eta enpatia lantzen dugu: https://www.youtube.com/watch?v=hX60bIksDsU
- Emoziotegia. Palabras Aladas.
https://www.palabrasaladas.com/di_lo_que_sientes/emoziotegia.html
Errespetatuz, gerundioa da eta
|
IKASGELA TOKI SEGURUA DA |
ERRESPETATUZ, GERUNDIOA DA ETA
|
Haur Hezkuntzako ikasgelen helburu nagusietako bat da erasorik gabeko elkarbizitza erraztea; horregatik, gatazkak modu baketsuan konpontzeko bideak bilatzen dira, pertsonek merezi dituzten tratu onen oinarri utziezina baitira. Etapa honetan bizi ohi dira lehen erasoak: haurrak lehen aldiz daude erabateko protagonista ez diren gune batean elkarbizitzen. Hala ere, agresibitatearekin lotutako esperientziek irakurketa sexista ere badute, eta testuinguru horretan mutilek eraikuntza hegemonikoagoa dute, “gehien jotzen dutenak” dira, beti horrela ez bada ere. |
HELBURUA
- Indarkeria sexista desnaturalizatzea.
- Gatazkari modu baketsuan heltzea.
- Gatazkak modu baketsuan heltzen trebatzea.
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea.
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko.
Hasteko, ikasleei jardueraren helburuak azalduko dizkiegu
Etapa honetan gertatzen dira lehen gatazkak, baita, askotan, ikasleen arteko lehen erasoak ere. Batzuetan ez zaie behar besteko arreta ematen mota horretako egoerei jolasaren parte direlako, baina garrantzitsua da egoera horiei heltzea indarkeria gelditu eta ikasleen arteko errespetuzko harremanak sustatzeko. Helburua ez da inor etiketatzea, baizik eta justu kontrakoa: haur hezkuntzatik jartzen diren etiketak saihestea. Jakin badakigu neurriak hartzen ez baditugu, haur batzuk asko jotzen dutenaren etiketarekin hazten direla, eta etiketa horrekin iristen dira Lehen Hezkuntzara. Askotan, horrek ikasleek beraiengandik espero den hori egitea eragiten du. Bada, Pablok jotzea espero bada, orduan Pablok jo egingo du, berarengandik espero denari erantzuteko. Egoera horietan, dena den, haurrak erasoak izatera ere ohitzen dira, ordainetan inolako erreparaziorik jaso gabe. Ez dugu eraso baten ondorengo erreparazioa barkamena eskatzea eta besarkada bat ematea izan behar denik proposatzen. Ez da estrategia ona eraso gaituenak besarkada batematea; izan ere, une horretan gutxien nahi duguna da pertsona horrek gu berriro ere ukitzea, beste era batera bada ere.
Garrantzitsuena erasoa jaso duen pertsona kontsolatzea eta laguntzea da, eta erasotzailearekin gatazka aparte lantzea. Eraso egiten duenarekin gai hauek landu behar ditugu, besteak beste:
- Zer gertatu da?
- Nola sentitu zara?
- Nola sentitu da, zure ustez, erasoa izan den pertsona?
- Zer egin dezakegu sentitu duzuna sentitzen duzunean berriz inor ez erasotzeko?
Kontu horiek guztiak talde osoarekin ere landu daitezeke baina modu orokorrean, pertsonalizatu gabe. Helburua da eraso egiten duten haurrek zergatik erasotzen duten identifikatzea eta gatazka konpontzeko bide ez-bortitzak bilatzea. Kontua da oso txikiak direla eta alternatibak eskaini behar dizkiegula, adibidez:
- Margo bat kendu didate:
- Nola erreakzionatzen dut? Jo egiten dut
- Beste zer egin dezaket? Irakasleari laguntza eskatu, pertsona horri berriro ez egiteko esan, ez zaidalako gustatzen.
Halaber, modu enpatikoan hel dakioke gaiari berdinen arteko lanaren bidez. Laguntza hori gatazkak kudeatzen ez dakitelako gatazkak sortzen dituzten ikaskideei egongo da zuzenduta, betiere errespetutik eta hobekuntza-proposamenetatik abiatuta. Binaka (edo hirunaka) jarrita landu ditzakete mota hauetako gaiak, harremanak eta elkarbizitza hobeto kudeatzen ikas dezaten txiki-txikitatik. Bikoteak irakasleak egingo ditu ikasleen gaitasunen edo trebetasunen arabera, eta elkarbizitzarekin eta harremanekin zerikusia duten helburuak jarriko dira, betiere haurrak oso txikiak direla kontuan hartuta.
Bikoteei oso denbora gutxi ematen zaie gaia lantzeko, eta gero beraiekin aztertzen da gertatu dena, funtzionamendua baloratu eta hobetu daitekeen ikusteko.
Hori ikasleak gazte-gaztetatik ikasgelako elkarbizitzaren eta pertsonen arteko harremanen kudeaketan inplikatzeko modu bat da, eta gerora ere horretan inplikatzea sustatzen du.
IRAUPENA
Jarduera hau ikasturte osoan zehar egingo da; gaia oso maiz ateratzen da, eta unean-unean heldu behar zaio.
BALIABIDEAK
- Ikasgelan gai horiek ikasleekin lantzeko gune bat presta dezakegu.
GEHIAGO JAKITEKO:
- Guía práctica coeducación.
https://www.inmujeres.gob.es/publicacioneselectronicas/documentacion/Documentos/DE1487.pdf
- La magia de los buenos tratos.
https://buenostratos.larioja.org/descargas/fichas_magia_bt.pdf