Aurkitu egingo ditugu
Emakumeak historian
|
AURKITU EGINGO DITUGU |
EMAKUMEAK HISTORIAN
|
Emakumeek testuliburuetan duten presentzia handitzen joan da azken urteotan; alabaina, beren presentzia oso txikia da oraindik ere gizonen presentziarekin alderatuta. Ana López Navajasek DBHko 100 testuliburu baino gehiago aztertu zituen, eta lan horrek erakutsi du emakumeek testuliburuetan duten presentzia ez dela % 15era iristen eta gehiago murrizten dela ikasmailetan gora egin ahala. Ikerketa mota horiek funtsezkoak dira, ez bakarrik emakume garrantzitsuek esparru eta une historiko guztietan izan duten presentzia eskasaren berri emateko, baizik eta gure ikasleekin emakumeak testuliburuetan ez egotearen arrazoiaren inguruko gogoeta egiteko. Zentzu horretan, hezkuntza-sisteman dagoen androzentrismoari buruz hitz egitea lagungarria izan daiteke absentziak interpretatzeko. |
HELBURUAK
- Testuliburuetako androzentrismoa aztertzea.
- Modu egokian erabiltzea androzentrismoaren analisi-adierazleak.
- Informazio berria bilatzea eta ikaskideekin partekatzea.
- Errespetuz eta aktiboki entzuteko jarrerarekin parte hartzea
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko
Hasteko, jardueraren helburuak azalduko dizkiegu ikasleei.
Androzentrismoa mundua ikuspegi maskulinotik, hau da, mundua gizonen ikuspegitik bakarrik interpretatzea da, eta hori eginez, ikuspegi femeninoa edo emakumeena ezeztatzea. Interpretazio horrek gizartearen esparru guztietan du eragina: historian, ekonomian, medikuntzan, hizkuntzan, etab.
Emakumeek testuliburuetan duten ikusezintasunari lotutako androzentrismoari aurre egiteko, 3 edo 4 pertsonako taldetan banatuko ditugu ikasleak. Talde bakoitza curriculumeko irakasgai batez arduratuko da; hau da, irakasgai nagusietako testuliburuetako bat aztertuko du. Dena den, beste aukera bat da jarduera hau irakasgai jakin batean egitea eta irakasgai horretako testuliburu espezifikoa analizatzea.
Dinamika honetan, talde bakoitzak jarraian datorren fitxaren fotokopia bat izango du, eta fotokopia hori erabiliko du testuliburu bat edo testuliburu baten kapituluak aztertzeko, emandako adierazleen arabera.
Taldeak antolatuta eta aztertuko dituzten testu motak erabakita daudenean, galdera hauek egin diezazkiekegu jarduerarekin hasi baino lehen:
- Zuen ustez, zenbat emakume daude testuliburuan?
- Zuen ustez, ba al dago alderik emakumeek eta gizonek testuliburuetan duten presentzian?
- Baietz uste baduzue, bietako zeinek du presentzia handiagoa? Bietako zein dago absenteago eta zergatik?
Aztertuko dituzten testuliburuetan emakumeek duten presentziari buruz uste dutenaz hasierako eztabaida egin eta gero, hautatutako testuak jarduerarako fitxa erabilita aztertzeko eskatuko diegu. Bukatzen dutenean, emaitzak aurkeztuko dituzte. Talde bakoitzak besteekin partekatuko du aurkitutakoa, eta lan honekin ikasitakoari buruz eta ezagutzaren transmisioan emakumeak eta gizonak egotearen garrantziari buruz hitz egingo dugu.
Denbora badugu eta ildo horretan sakontzen jarraitu nahi badugu, laguntza eska diezaiekegu ikasleei: bila ditzatela, Interneten, aztertutako testuan agertzen ez diren emakume garrantzitsuak. Helburua ez da oro har garrantzitsuak diren emakumeak bilatzea, baizik eta dagokion irakasgaian eta aztertzen ari garen une historikoan garrantzitsuak diren emakumeak. Adibidez: geografia eta historiako testu bat lantzen eta garai zehatz bat aztertzen ari bagara, une historiko horretan garrantzitsuak izan ziren eta testuliburuan edo testu horretan agertzen ez diren emakumeak bilatuko ditugu.
IRAUPENA
Iraupena neurri handi batean taldearen araberakoa izango da, baita irakasleek lortu nahi duten sakontasunaren araberakoa ere. Orokorrean, ordubete eman dezakegu jarduera hau egiteko.
BALIABIDEAK
Eranskina: “Historia egin duten emakumeak”
GEHIAGO JAKITEKO:
Jarduera honekin zerikusia duten gaietan sakontzeko, material hauek erabil ditzakezue:
- Análisis de la ausencia de las mujeres en los manuales de la ESO: una genealogía de conocimiento ocultada, Ana López Navajas.
- Esteka honetan TRACE Las mujeres en los contenidos de la Enseñanza Secundaria Obligatoria (PET2008_0293) proiektuaren webgunea dago, eta bertan editorialaren arabera emakumeek DBHko irakasgaietan duten presentzia kontsulta daiteke. http://meso.uv.es/informe/index.php
Konta itzazu
|
AURKITU EGINGO DITUGU |
KONTA ITZAZU
|
Emakumeak gizartean ikusezin bihurtuta egotea nahiko esanguratsua da, eta edozein hezkuntza-etapatako testuliburuetan ikusten jarraitzen dugu. Ikusezintasun horrek hezkuntza-sisteman genero-alborakuntza sortzeaz eta emakumeen presentzia ukatzeaz gain, neskatoei emakume erreferenteak ukatzen dizkiete txiki-txikitatik. |
HELBURUAK
- Testuliburuetan agertzen diren emakumeei buruz ikertzea.
- Ikuspegi kritikoa garatzea emakumeek testuetan duten ikusezintasunari dagokionez.
- Errespetuz eta aktiboki entzuteko jarrerarekin parte hartzea
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko
Hasteko, jardueraren helburuak azalduko dizkiegu ikasleei.
Dinamika honen helburua da emakumeek testuliburuetan duten ikusezintasuna ikertzea ikasleek, eta horren gaineko kontzientzia hartzea. Horretarako, binaka edo hirunaka egingo dugu lan. Talde bakoitzak guk erabakitako denbora-tartean aztertuko duen testuliburua hautatuko du; adibidez, astebetez.
Zehazki, xedea da testuliburuan emakumeek duten presentziaren adierazle hauek sistematizatzea:
- Hautatutako testuliburua.
- Testuliburuan aipatzen den emakume kopurua.
- Testuliburuan aipatzen den gizon kopurua.
- Testuliburuan dauden emakumeen argazki kopurua.
- Testuliburuan dauden gizonen argazki kopurua.
Lana eginda daukatenean, eskolan aurkeztuko dute. Horretarako, Power Point motako edo antzeko aurkezpen bat prestatzeko eskatuko diegu, beren ikerketaren euskarri gisa erabiltzeko. Bertan, testuliburuaren argazkia jar dezakete portadatzat, eta ondoren aurkitutako datuak eta arreta eman dieten emakumeen argazkiak jar ditzakete. Azkenik, lanaren ondorioei buruzko gogoeta txiki bat eskatuko diegu.
Jarduerari amaiera emateko, bideo hau jarriko diegu: “Ez dezagun sinetsi ez zirenik izan” audioa. Gero, denon artean komentatuko dugu eta, besteak beste, galdera hauen inguruan eztabaidatuko dugu:
- Zergatik uste duzue emakume hauek hain ezezagunak direla?
- Zergatik ez dira gure testuliburuetan agertzen?
- Uste duzue garrantzitsua dela emakume adierazgarriak testuliburuetan sartzea?
IRAUPENA
Iraupena talde bakoitzaren aurkezpenaren iraupenaren araberakoa izango da, baina orotara bi ordu ingurukoa izan daiteke.
BALIABIDEAK
Ordenagailua eta kanoia, aurkezpenak egin ditzaten.
“Ez dezagun sinetsi ez zirenik izan” audioa
GEHIAGO JAKITEKO:
- Análisis de la ausencia de las mujeres en los manuales de la ESO: una genealogía de conocimiento ocultada, Ana López Navajas.
Zergaitik ez dira iristen emakumeak?
|
AURKITU EGINGO DITUGU |
ZERGATIK EZ DIRA IRISTEN EMAKUMEAK?
|
Lan-mundua genero-diskriminazioz beteta dago oraindik ere. Ikasleentzat positiboa da egoera horien inguruan gogoeta egitea, bai egoera horien kontra borrokatzeko, bai beren lan-bizitzan egoera horiei aurre egiteko prestatzeko. |
HELBURUAK
- Argudiatzea, lan-arloko genero-desberdinkeriarekin lotutako kontzeptuak ondo erabiliaz.
- Soldata-arrakalaren atzean dauden desberdinkeriak ikertzea.
- Emakume askok lan-merkatuan bizi dituzten zailtasunetatik eratorritako egoerak herrialdez herrialde konparatzea.
- Errespetuz eta aktiboki entzuteko jarrerarekin parte hartzea
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko
Hasteko, jardueraren helburuak azalduko dizkiegu ikasleei.
Gure gizartean dagoen soldata-desberdinkeria aztertu beharreko kontu asko dituen gertakari deigarria da. Batzuetan, futbolarien, influencerren, youtuberren soldatak eta osasun-arloko langileenak, irakasleenak eta garbiketako langileenak konparatzen ditugu, eta horrek gogoeta eragiten digu.
Gai hori gure ikasleekin lantzeko, jarraian datozen profesionalen batez besteko soldatak zein diren bilatzeko eskatuko diegu, binaka. Beste batzuei galdetu edo Interneten bila ditzakete:
- Lehen Hezkuntzako irakaslea.
- Lehen mailan jokatzen duen gizon futbolaria.
- Lehen mailan jokatzen duen emakume futbolaria.
- Influencerrak.
- Familia-medikua.
- Tabernaria.
- Zientzialaria.
- Taxi-gidaria.
- Igeltseroa.
- Etxeko langilea.
- Mendekotasuna duten pertsonen zaintzailea.
Ikerketa egin eta gero, bikote bakoitzak aurkitutakoaren berri emango die besteei, lanbide ezberdinetan hautemandako balizko soldata-desberdinkeriei buruzko eztabaida eta gogoeta sustatze aldera. Gero, lanbide bakoitzari beren ustez bidezkoa den soldata bat ezartzeko eskatuko diegu.
Ondoren, beren ustez lan berdina eta erantzukizun-maila bera edukita emakumeek eta gizonek soldata berdina kobratzen duten galdetuko diegu. Erantzuna ezezkoa da. Euskadin soldata-arrakala dela eta, 7.213 euroko aldea dago urtean gizonek eta emakumeek kobratzen duten soldatan, eta 2015etik 1,5 puntu murriztu bada ere, oraindik ere % 22,6koa da, gizonek 31.790 euro eta emakumeek 24.757 euro[1] irabazten baitituzte. Diskriminazio hori ikasgelan ikusarazi dezakegu otsailaren 22an, Soldata Berdintasunaren aldeko Europako Egunean. Halaber, hainbat herrialdetan emakumeek eta gizonek kobratzen dituzten soldatak ikertzeko proposamena egin diezaiekegu: Norvegia, Portugal, Txile, Estatu Batuak, Txina, Senegal.
Lan hori oinarritzat hartuta, galdera hauek planteatu ditzakegu:
- Munduko zein herrialdetan daude soldatarik onenak? Eta kaxkarrenak?
- Munduko zein herrialdetan dago emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakalarik handiena? Eta zein herrialdetan da arrakala hori txikiagoa?
- Zein herrialdetan dauzkate lan-baldintzak hobeak? Eta zeinetan okerragoak?
IRAUPENA
Talde-lanak eta garatzen den sistematizazioak eta analisiak asko baldintzatuko dute iraupena. Hala ere, ordubete inguru luza daiteke talde-lana, ikerketa eta aurkezpena aintzat hartuta.
BALIABIDEAK
- Interneterako sarbidea duten ordenagailuak eta kanoiak.
GEHIAGO JAKITEKO:
Bideo hauetako batzuk erabil ditzakegu gaiari heltzeko:
- Un sueño imposible. https://www.youtube.com/watch?v=4UvE-zIsRYg
- La desigualdad laboral más allá de la brecha salarial: https://www.youtube.com/watch?v=RrHxqbbU-nw
ZERGATIK EZ DIRA IRISTEN EMAKUMEAK?
[1] 2021eko iraileko datuak