Aurkitu egingo ditugu
Nortzuk izaten dira ipuinetako protagonistak?
AURKITU EGINGO DITUGU |
NORTZUK IZATEN DIRA IPUINETAKO PROTAGONISTAK?
Lehen Hezkuntzan, ipuinak bizitzarako ikasteko baliabideak dira oraindik ere. Horregatik, funtsezkoa da ipuinak analizatzen jarraitzea eta ipuinetan dauden sexismoa eta alternatibak, biak, erakustea. |
HELBURUA
- Ipuinetan dagoen sexismoa analizatzea.
- Berdintasuna sustatzen duten ipuinez gozatzea.
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea.
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko.
Haurrek gure ikasleen adina eta beste adin batzuk dituztenean, ipuinak baliabide paregabeak dira gai askori heltzeko. Guk berdintasunari heltzeko baliatuko ditugu. Askotan aurkitzen gara ageriki sexistak diren ipuinekin, baina beste askotan ez gara sexismo horretaz ohartzen.
Ia ipuin tradizional guztiek sustatzen dute sexismoa, ezaugarri fisikoei erreferentzia egiten baitiete (neskak politak eta mutilak indartsuak) eta gainerakoak ikusezin egiten baitituzte (potoloak, handiak, txikiak, beltzak, dibertsitate funtzionala dutenak, homosexualak...). Gainera, maitasuna proiektu zentrala da, baina emakumeentzat bakarrik. Ipuinen bitartez bestelako erreferente batzuk eman behar ditugu; genero-estereotipoak hautsiko dituzten kontakizunak bilatu behar ditugu.
Ipuinetan dagoen sexismoa aztertzen joateko, ikasleei etxetik ipuin bat ekartzeko eskatuko diegu: askotan irakurri duten, atsegin duten eta beraientzat esanguratsua den ipuin bat ekarri behar dute.
Ikasle guztiek ipuinak ekarri dituztenean, ipuina guk emandako fitxari jarraikiz analizatzeko esango diegu. Hasi baino lehen, talde handian irakurriko ditugu galderak, argi gera dadin zer aztertu behar duten beren ipuinetan. Jarraian, 15-20 bat minutu emango dizkiegu fitxa betetzeko. Gero, gainerako ikasleekin partekatuko dute. Aurkezpen horretan ez dute ipuina irakurriko; aitzitik, azkar-azkar laburtu eta fitxan jarri dutena adieraziko dute. Ikasle batek baino gehiagok ipuin berbera ekarri badute, batera egin dezakete aurkezpena, nahiz eta fitxa bakoitzak bere aldetik bete behar duten.
Azkenik, ikasleekin aztertuko dugu nola identifika daitezkeen hezkidetzako ipuinak. Hezkidetzako ipuina izateko, baldintza hauek bete behar ditu:
- Protagonista femenino eta maskulinoak eduki behar ditu.
- Ez du estereotipo sexistarik izan behar.
- Nesken eta mutilen arteko berdintasuna sustatu behar du.
Jarduerari amaiera emateko, hezkidetzako ipuin bat aukeratu dezakegu guk aztertutakoa beste ipuin batzuetan egon badagoela erakusteko, bereziki hezkidetzakoa den ipuinik ekarri ez badute.
- “Ipuin, liburu eta film moreen gida” dagoen baliabideetatik aukera ditzakezue ipuin egokiak http://www.hikhasi.eus/Albistegia/20191206/Ipuin_liburu_eta_film_moreen_gida_hezkidetza_sustatzeko_
IRAUPENA
Dinamikak ordubete inguruko saioa har dezake.
BALIABIDEAK
GEHIAGO JAKITEKO:
- Granadako Diputazioaren “La mochila violeta” Haurrentzako Irakurketa Gida: https://www.educandoenigualdad.com/2015/02/10/la-mochila-violeta-guia-de-lectura-infantil/
Bertan, adin guztietako haurrei zuzendutako hezkidetzako ipuin ugari daude.
Bilatu berdintasuna
AURKITU EGINGO DITUGU |
BILATU BERDINTASUNA
Desberdinkeria identifikatzea berdintasuna ikusaraztea bezain garrantzitsua da gure ikasleentzat. Batzuetan “izendatzen ez dena ez da existitzen” esaten dugun bezalaxe, “ikusten ez dena ez da existitzen” ere aintzat hartu behar da. Ez baldin bagara gai gure inguruan berdintasuna identifikatzeko, askoz ere zailagoa izango da berdintasuna eraikitzea. |
HELBURUA
- Eguneroko bizitzako egoerak genero-ikuspegitik aztertzea.
- Emakumeen eta gizonen roletan egon diren aldaketak baloratzea.
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea.
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko.
Dinamika hau lantzeko modu honetara antolatuko dugu eskola fisikoki: espazio zabal bat libre utziko dugu, ikasleak mugi daitezen. Hasieran, ikasleak espazio horren erdigunean jarriko dira, guk dinamika azaltzeko.
Jarduera honetan, gure ikasleak fisikoki jarri behar dira egoera bakoitzaren arabera ematen dizkiegun bi aukeretako baten aldean. Honako hauek dira aukerak:
- Ikusten dut: bertan jarri behar dira planteatutako egoera ikusi duten ikasleak.
- Ez dut ikusten: bertan jarri behar dira planteatutako egoera ikusi ez duten ikasleak.
Dagokion egoera planteatzen dugunean, ikasleak “ikusten dut” eta “ez dut ikusten” adierazteko guneetan jarriko dira. Gero, egoerari buruz eztabaidatuko dugu eta, amaitzean, ikasgelaren erdigunera itzuliko dira. Horrelaxe arituko gara jarraian datozen egoeretan.
Hauek dira landuko ditugun egoerak:
- Emakume bat autobus bat gidatzen
- Gizon bat etxeko komuna garbitzen
- Neskato bat patinete gainean
- Mutiko bat panpina batekin jolasean
- Emakume bat kirola egiten
- Gizon bat balleta egiten
- Neska bat zuhaitz batera igotzen
- Mutil bat bazkaria egiten
- Emakume zientzialari bat
- Gizon bat haur txiki bat zaintzen
Egoera horietako bakoitzean, hitza emango diegu ikasleei non ikusi duten, ohikoa den, behin bakarrik ikusi duten, hori egin duena ezaguna zen edo kalean ikusi zuen, eta abar komentatzeko.
Dinamika honetan eztabaida sortzeko, galdera hauek egin diezazkiekegu:
- Zein egoeratan ez duzue inoiz mutiko edo gizon bat ikusi?
- Zein egoeratan ez duzue inoiz neskato edo emakume bat ikusi?
Azkenik, funtsezkoa da emakumeen eta gizonen gaineko genero-rolak nola hausten ari garen aztertzea, rol horiek egin nahi duguna eragozten baitute.
IRAUPENA
Jarduerak ordubete iraun dezake.
BALIABIDEAK
- Ikasgela handia, mugitu ahal izateko.
GEHIAGO JAKITEKO:
Esparru ezberdinetan garrantzitsuak izan diren emakumeak hizpide dituzten liburuak balia ditzakegu:
- “Las chicas son de ciencias: 25 científicas que cambiaron el mundo”. Egileak: Irene Cívico eta Sergio Parra
- “Científicas: cocinan, limpian y ganan el premio nobel (y nadie se entera)”. Egilea: Valeria Edelsztein.
- “Mi primer libro sobre ellas”. Egilea: Marta Rivera de la Cruz.
- “Las astrónomas, chicas estrella”. Egilea: Sara Gil Casanova.
- “Mujeres en la ciencia: 50 pioneras intrépidas que cambiaron el mundo”. Egilea: Rachel Ignotofsky
- “Supermujeres, super inventoras: Ideas brillantes que transformaron nuestra vida”. Egilea: Sandra Uve
Neskatoak goitik hegaka
AURKITU EGINGO DITUGU |
NESKATOAK GOITIK HEGAKA
Neskato nahiz mutikoek, denek, dute aukera imajinatzeko, zerbait egin dezaketela sinesteko, eta gaur egun zer diren edo etorkizunean zer izan nahi duten pentsatzeko. Alabaina, bizitzaren bide honetan, generoaren araberako sozializazioarekin egiten dute topo, eta oztopoak eta trabak jartzen dizkiete, “izan behar dutena” gehitzen baitiote horri guztiari, neskato edo mutikoak izatearen arabera. |
HELBURUA
- Genero-oztopoak gainditzeko alternatibak bilatzea
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea
- Norberaren pertzepzioan dauden genero-oztopoak aztertzea
- Norberaren desioak adieraztea, estereotipoak albo batera utzita
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko
Hasteko, jardueraren helburuak azalduko dizkiegu ikasleei.
Neskatoek sozializazio-prozesuan aurkitzen dituzten oztopoei heltzeko,. Nunila López Salamerok “Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi” ipuina erabiliko dugu .
Testuan, autoreak sinbolikoki feminismoa izan daitekeenari, hezkuntzari, berdintasunean oinarritutako hezkuntzari egiten dio erreferentzia:
Jarduera hasteko, ikasle guztiak borobilean eserita egongo dira; lurrean eser daitezke edo, bestela, aulkietan, baina garrantzitsua da borobilean jartzea elkarren aurpegiak ikusteko. Ondoren, ipuina irakurriko dugu, edo ipuina irakurri eta orrialdeak erakusten dituzten Youtubeko bideoetako bat jarriko dugu.
Irakurri eta gero, eztabaida txiki bat sustatuko dugu ikasleekin
- Zer iruditu zaizue ipuinaren amaiera?
- Zer esan nahi du zorioneko galeperrak ez dituela nahi?
- Zer behar du zoriontsu izateko?
Genero-sozializazioaren desberdinkerian sakontzeko, tamaina ezberdinetako harriz beteriko hiru saski jarriko ditugu erdigunean. Harrietako bakoitzak landuko dugun diskriminazio mota bat ordezkatuko du. Ordenan landuko ditugu. Horretarako, eta harri bakoitzak ordezkatzen duenaren arabera, ikasleei noizbait edo askotan esan dizkieten gauzei buruz galdetuko diegu. Harri txikienetatik handienetara joango gara. Jarduera dinamikoagoa izan dadin, ikasleei esan diezaiekegu dagokion saskiko harritxo bat hartzeko adibide bat ematen duten bakoitzean. Gero, ikasle bakoitzak zenbat harri dituen kontatuko dugu, harri gehien nork dituen eta zein tamainatakoak diren ikusteko.
- Harririk txikienek KANPO-EDERTASUN ANDREA ordezkatuko dute. Ikusarazi nahi ditugun mezuak haurrengandik espero den itxura estetikoari lotutakoak dira. Adibidez: neskatoak altuak eta argalak eta mutikoak indartsuak eta ausartak dira.
- Harri ertainek neskatoak edo mutikoak izateagatik jasotzen ditugun irainak ordezkatuko dituzte: ISLA JAUNA da. Adibidez: neskei potolo, itsusi eta tuntun esatea eta mutilei koldar, oilobusti.
- Harri handienek neskatoen eta mutikoen sozializazioaren desoreka ordezkatuko dute; DESBERDINKERIA JAUNA izango da bat. Neskatoei GUTXIAGO ematen die eta mutikoei GEHIAGO. Adibidez: neskatoak ez dira hain indartsuak, ez dute hain azkar korrika egiten; mutikoak indartsuagoak, ausartagoak dira.
Oztopoak identifikatu eta gero, ikasleei desberdinkeriaren harritxoak askatasun-hego bihurtzeko gonbita egingo diegu. Horretarako, kartulina bana hartuko dute haurrek. Bi zatitan banatu eta bi hego irudikatuko ditugu. Ondoren, moztu egingo ditugu. Kontu handiz ibili hego biak uztartzen dituen kartulina zati bat uzteko. Hego zuriak prest dauzkatenean, aurreko saioan identifikatutako harritxoak gogoraraziko dizkiegu eta harri horiek ordezkatzen dutenari buelta eman eta harriez libratzeko proposamenak bilatuko ditugu. Jardueraren atal honetan, garrantzitsua da mezu positiboak bilatzea, hego-ehuleak izatea “NAHI BADUZU, AHAL DUZU” mezuarekin. Gure ikasleak beren hegoen diseinuan mezu positiboak, marrazkiak, koloreak, eta abar jartzera animatuko ditugu. Hegoak bukatuta daudenean, hegoak jantzi eta jolastokira atera gaitezke ikastetxeko gainerako ikasleek ere ikusi eta irakur ditzaten.
Jarduera hau bi saio bereizitan edo saio luze bakarrean egin daiteke. Garrantzitsuena da bi atalak lantzea; hau da, oztopoak ez ezik, oztopo horiei aurre egiteko moduak ere lantzea.
IRAUPENA
Dinamika honek bi ordu inguru iraungo du, baina bi saiotan ere egin daiteke.
BALIABIDEAK
- Kartulina zuri bat neskato eta mutikoko, errotuladoreak eta margoak, tamaina ezberdinetako harriak, harriak sartzeko saskiak, artaziak, proiektorea, proiekzio-pantaila, ordenagailua.
- “Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi” . Nunila López Salamero. Txalaparta.
GEHIAGO JAKITEKO:
Jardueraren azalpenean adierazi bezala, ipuin fisikoa erabil daiteke, (eta ikasgelan bertan irakurri) edo Interneten dagoen bideoren bat jarri.
Hona hemen ipuinerako esteka bat: https://www.youtube.com/watch?v=ctT9uB3Y5Ng