Ikertu

Hausnartu hizkuntzaren erabilera sexistari buruz

IKERTU

 

HAUSNARTU HIZKUNTZAREN ERABILERA SEXISTARI BURUZ

Askotan, hizkuntza inkontzienteki erabiltzen dugu komunikatzeko, hau da, ez dugu hari buruz hausnartzen, eta ez dugu pentsatzen nola erabil dezakegun komunikazioa hobetzeko. Izan ere, norberaren hizkuntza-gaitasunak eragina izaten du gogoetan, eta erabilera ez-sexistaz ari garela, funtsezkoa da pentsatzea zer esaten dugun, nola esaten dugun eta zergatik esaten dugun.

 

HELBURUA

  • Hizkuntzaren erabilera sexistari buruz hausnartzea.
  • Hizkuntzaren erabilera sexistak hartzen dituen formetako batzuk ezagutzea.
  • Hizkuntza ez-sexista erabili beharrari buruz eztabaidatzea.

 

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da jarduera egitea, giro lasaia eta ikasleak mota horretako jardueretara ohitu daitezen.

Ondoren, azaldu zein diren jardueraren helburuak, eta ikusi baliabideetan dagoen Hizkuntza, hitzak baino gehiago bideoa

Nahi izanez gero, eskatu ikasleei bideoa ikusi ahala ondo ulertzen ez dituzten hitzak edo ideiak koadernoan idazteko. Errazagoa izan dadin, bideoa gelditu dezakezu aldiro-aldiro, zalantzak idazteko denbora izan dezaten.

Bideoa amaitutakoan, eman diezaiotela elkarri zalantzen berri, eta argitu zalantzok. Gero, eskatu ikasleei bideoan ageri diren hiru gaiei buruzko adibide gehiago bila ditzatela Interneten (hizkuntzaren erabilera sexistari lotutakoak).

Bideo horren edukia azpimarratzeko, Emakunderen bideoa ere ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=N8OWfhgudU0

Ondoren, jaso talde handian ikasleek bildu dituzten adibideak, lehenengo bideoan aipatutako gaiei buruzkoak. Onuragarria izango litzateke irakasleek ere beste adibide batzuk bilatzea, beren ekarpena ikasleen adibideetara gehitzeko.

Azkenik, ekin hizkuntzaren erabilera sexistari buruzko eztabaidari. Honako galdera hauek erabil ditzakezu:

  • Zuen ustez, zergatik kostatzen zaie hainbeste pertsona batzuei hizkuntza ez-sexista erabiltzea?
  • Hizkuntza ez-sexista erabiltzen al duzue? Eman adibideren bat.
  • Zein dira hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren alde onak?
  • Nola hobetu dezakegu hizkuntzaren erabilera sexismoari dagokionez?

Jarduera amaitzeko, erantzun galdera hauei, nork hizkuntza ez-sexista nola erabiltzen duen aztertzeko:

  • Zer iruditu zaizu ikusitako bideoa? Adi egon al zara?
  • Hizkuntzaren erabilera ez-sexistaz ari garela, zer kostatzen zaizu gehien?
  • Zer iruditzen zaizu hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren gaia?

IRAUPENA

Bi saio egingo dira.

BALIABIDEAK

 

BESTELAKO BALIABIDE LAGUNGARRIAK :

48 gauza

IKERTU

 

48 GAUZA

Hizkuntzak genero-estereotipoak sustatzen ditu, askotan emakumeen eta gizonen bizitza osoan zehar, mutilei eta neskei, emakumeei eta gizonei, behin eta berriro modu desberdinean transmititzen zaizkien mezuen bidez. Hizkuntzaren bidez transmititzen diren genero-estereotipoei buruz hausnartzea ikasgela barruan berdintasunaren alde jardutea da.

 

HELBURUA

  • Hizkuntzaren erabilera sexistaren eta genero-estereotipoen artean zer lotura dagoen identifikatzea.
  • Hizkuntzaren bidez estereotipoak sustatzeak dakartzan ondorioei buruz hausnartzea.
  • Hizkuntza hobeto erabiltzeko proposamenak ezagutzea.

 

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da jarduera egitea, giro lasaia eta ikasleak mota horretako jardueretara ohitu daitezen.

 

Jarduera honetan, hizkuntzaren bidez transmititutako genero-estereotipoak landuko ditugu. Hortaz, funtsean, bi gairi buruz hausnartuko dugu jarduera honetan: estereotipo sexistei buruz eta hizkuntzaren erabilerari buruz.

Lehenengo eta behin, baliabideetan dauden bi bideoak  ikusiko ditugu, bata emakumeei buruzkoa eta bestea gizonei buruzkoa:

 

 

Bi bideoak ikusi ondoren, eman hitza ikasleei, txandaka, neska-mutilek aukera izan dezaten neskak edo mutilak izate hutsagatik entzun dituzten gauza gehiago esateko. Arbela bitan banatu dezakezu, eta esaten duten guztia idatziz jaso.

Gero, hausnartu ikasleek jasotzen dituzten mezuei buruz: zein den haien oinarria, zergatik uste duten ikasleek neskak ala mutilak izan mezu desberdinak jasotzen dituztela, zer ideia dauden mezu horien atzean eta abar.

Horri buruz hausnartu ondoren, entzungo dute Uxue Alberdik “ Emakume batuera”  bideoan esaten duena  

 

Ondoren, eskatu ikasleei esateko zer estereotipo ezagutzen dituzten, eta zehazteko gizonei ala emakumeei esleitzen zaizkien. Egin lehengo gauza bera, banatu arbela bitan, eta idatzi estereotipoak alde banatan: indartsua, ahula, kuxkuxeroa, solidarioa, oldarkorra, arrakastatsua, etxekoandrea, zaintzailea, ama-senduna, profesionala, serioa, abenturazalea eta abar.

Jardueraren osagarri gisa, Yolanda Domínguezek «Poses» izeneko lanean egindako esperimentua egin dezakezue ikastetxe osoan:

https://www.youtube.com/watch?v=GPEcdcmnAA0

Edo, bestela —baliteke errazagoa izatea—, ikasleek modeloen poseak bila ditzakete aldizkarietan, eta, pose horiek imitatzen ari direla, argazkiak atera. Are adierazgarriagoa da emakumezko modeloen poseak mutilek imitatzen badituzte eta alderantziz. Argazkiak egin ondoren, helbide elektroniko batera bidal ditzakete ikasleek, eta ikasgelako arbelean ikus ditzakezue.

Amaitzeko, «Baliabideak» atalean aurkeztutako bideoetako batzuk ikus ditzakezue.

Jarduera amaitzeko, ikasleek galdera batzuei erantzungo diete, hizkuntzaren erabilera eta estereotipoak aztertzeko:

  • Estereotiporik baliatzen al duzu zure pentsamenduan eta hizkuntzan?
  • Zure ustez, zerk eragiten du pertsonok estereotipoak izatea?
  • Estereotipo sexistak hausten zituen norbaiti eraso egin al diozu inoiz (ahoz edo fisikoki)? Mota horretako erasoren baten lekuko izan al zara?
  • Zer egin beharko genuke estereotiporik gabe bizitzeko?

 

IRAUPENA

Jarduera hau ikasleekin eginez gero, bi saioko iraupena izango du gutxienez; nolanahi ere, ondoren argazkien edo performancearen zatia egiten dugun ala ez, horren araberakoa izango da iraupena.

BALIABIDEAK

  • Emakumeek entzuten dituzten 48 gauza

https://www.youtube.com/watch?v=wl3CLakCZmA

  • Gizonek entzuten dituzten 48 gauza

https://www.youtube.com/watch?v=eKWSXBJIpyo&t=1s

  •    Emakume batuera

                  https://bertsoa.eus/bertsoak/14547-uxue-alberdi-bakarka-zer-da-emakume-batuera

 

BESTE BALIABIDE BATZUK

Zertarako balio dute irainek?

IKERTU

 

 ZERTARAKO BALIO DUTE IRAINEK?

Ahozko hizkuntza ez da beti erabiltzen indarkeriarik gabeko komunikaziorako; baliteke, batzuetan, hizkuntza agresiboa erabiltzea, eta horrek kalte egin diezaieke besteei. Askotan, naturalizatu egiten dugu irainak erabiltzea, horri buruz hausnartu ere egin gabe, eta baliozkotzat hartzen dugu beste pertsona batzuen kontra egiteko modu hori. Gainera, oro har, neska-mutilek, beren sexua zein den, ez dituzte irain berberak jasotzen, ezta erabiltzen ere. Beraz, irainen erabilerari aurre egiteko, garrantzitsua da horiei buruz hausnartzea.

 

HELBURUA

  • Irainen bidez hitzezko indarkeria baliatzen dugula jabetzea.
  • Hezkuntza-esparruan berdinen artean erabili ohi diren irainak zein diren jakitea.
  • Generoaren arabera irainetarako zer-nolako joerak dauden identifikatzea.

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da jarduera egitea, giro lasaia eta ikasleak mota horretako jardueretara ohitu daitezen.

Ondoren, azaldu ikasleei zein den jardueraren helburua: komunikazio-foro bat sortzea, eta ikasle guztiak, foroan parte hartzen ari direla, seguru sentitzea. Talde handian egingo da jarduera, asanblada moduan; hala ere, irakasleak ikasleen artean zer behar antzematen dituen, lehenengo urratsak talde txikietan egin daitezke eta, ondoren, bateratze-lana egin. Bi kasuetan, irakasleak ikasleek esandakoak idatziko ditu arbelean.

Hasi baino lehen baliabideetan dagoen “Tratu  onak”  audioa entzungo dugu

Ikasleek, nork bere esperientzia pertsonala oinarri hartuta, irakasleek egindako galdera hauei erantzungo diete:

  • Ba al dakizu zer esan nahi duen «iraindu» hitzak? Definitu hitz hori.
  • Bilatu Interneten edo hiztegian hitz horren definizio zehatza:

«iraindu: du ad. Hitzez edo egitez, norbaiten izenaren kontra egin».

  • Irainik jaso al duzu inoiz? Eta zuk iraindu al duzu inoiz beste norbait? Zer irain erabiltzen dituzu?
  • Zure ustez, zergatik iraintzen ditugu besteak?
  • Nola sentitu zara iraindu zaituztenean? Pentsatu al duzu inoiz nola sentitzen den iraintzen duzun pertsona? Zer irabazi duzu beste norbait irainduta?
  • Mutilentzako eta neskentzako irainak desberdinak al dira? Zein dira irain horiek? Hori horrela bada, zure ustez, zergatik erabiltzen dira irain desberdinak?

 

Behin talde osoak hitz egin eta erantzunak apuntatu ondoren, galdetu ikasleei zer iruditzen zaien idatzitakoa, hau da, idatziz jasotakoa ikusita, zerbait gehitu, aldatu edo kendu nahi ote duten. Ondoren, galdera hauek egin ditzakezu jarduera amaitzeko:

  • Nola komunika gaitezke indarkeria erabili gabe?
  • Zer arau jar ditzakegu ikaskideen artean irainik ez erabiltzeko?

Ondoren, banatuko diegu “Tratu onak” testua, jarriko dugu berriro audioa eta denok batera abestuko dugu.

Jarduera amaitutzat jotzeko, ikasleei eska diezaiekezu, ikaskide bakoitzeko, papertxo bat hartu eta pertsona horren dohain bat idazteko. Papertxoak prest daudenean, banatu, eta bakoitzak besteek idatzi dizkioten dohainak irakur ditzala. Amaitzeko beste modu bat izan daiteke «baliabideak» atalean aipatutako bideoa ikustea eta esperimentu sozial horren hiru zereginak egitea.

Jarduera borobiltzeko , erantzun galdera hauei, nork hizkuntza ez-sexista nola erabiltzen duen aztertzeko:

  • Zer egiten dut ondo hizkuntzaren erabilera ez-sexistari dagokionez?
  • Zer hobetu behar dut?
  • Nola hobetu dezaket?

 

IRAUPENA

Bi saioko iraupena izatea aurreikusten da.

 

BALIABIDEAK

BESTE BALIABIDE BATZUK