Berdintasuna eta desberdinkeriak

Nire eguneroko sentimenduak

BERDINTASUNA ETA DESBERDINKERIAK

 

 NIRE EGUNEROKO SENTIMENDUAK

Sentimenduak eta emozioak bizitza osoan zehar izaten ditugu. Alabaina, sentimenduak garatzean desberdinkeriak eta genero-estereotipoak pairatzen ditugu, eta horregatik, mutilek eta neskek batzuetan ez dituzte sentimenduak modu berean adierazten. Gainera, heziketa emozional gutxi jasotzen dugu, eta oraindik ere oso garrantzi gutxi ematen zaio heziketa emozionalari hezkuntza-curriculumean.

 

HELBURUA

  • Eguneroko egoeren aurrean ditugun sentimenduak identifikatzea.
  • Generoak sentimenduen adierazpenean duen eragina ezagutzea
  • Sentimenduen kudeaketak bizitzarako tresna gisa duen erabileraren inguruan gogoeta egitea.
  • Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea. 
  • Jarrera enpatikoa agertzea.

 

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da  ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko. 

Hasteko, ikasleei jardueraren helburuak azalduko dizkiegu.

Jardueraren hasieran, banan-banan hasiko dira ikasleak lanean. Ikasle bakoitza bere sentimenduetan zentratuko da, gero talde guztiarekin partekatzeko. Horretarako, “Nire eguneroko sentimenduak” fitxaren kopia bana emango diegu. Hogei bat minutu emango dizkiegu lan hori egiteko. Bitartean, jarduera egiten lagunduko duen musika lasaia jar dezakegu. Bukatzen dutenean, talde osoarekin partekatuko dute idatzitakoa.

Elkartrukea egiteko, borobilean jar ditzakegu ikasleak elkarri aurpegiak ikus diezazkieten, edo bestela, borobil erdian, arbela erabili ahal izateko. Arbela bitan banatuko dugu: alde batean mutilek esandakoa eta bestean neskek esandako idatziko dugu. Ikasleek beren lana partekatzen duten neurrian, batzuen eta besteen sentimenduak idatziko ditugu. Horrez gain, sentimendu horietan oinarrituta partekatzen ari diren egoerak ere azter ditzakegu.

Behin ikasle guztiek egin dutenean, eztabaida baten bidez eman diezaiokegu amaiera jarduerari. Adibidez, galdera hauek egin dakizkieke:

  • Zein sentimendu agertu dute gehien neskek eta mutilek?
  • Ba al dago ezberdintasunik neskek eta mutilek idatzitakoaren artean?
  • Zein sentimendu dira gutxien aitortzen ditugunak? Eta gehien aitortzen ditugunak?
  • Zein sentimendu ez dugu gogoko sentitzea? Eta zein bai?

Eztabaidan garrantzitsuena da argi geratzea sentimenduak dauzkagula, sentitu egiten dugula, eta horregatik garrantzitsua dela sentimenduak modu egokian aitortu eta kudeatzea.

 

IRAUPENA

Jarduera ordu eta erdi edo bi ordu luza daiteke, sortzen den eztabaidaren arabera.

 

BALIABIDEAK

Orriak eta boligrafoak.

Fitxa honen fotokopia: “Nire eguneroko sentimenduak”.

 

GEHIAGO JAKITEKO:

 

NIRE EGUNEROKO SENTIMENDUAK

Emakumeak: munduko herritar

BERDINTASUNA ETA DESBERDINKERIAK

 

 EMAKUMEAK: MUNDUKO HERRITAR

Herritartasuna kide guztiei eskubide eta betebehar berberak aitortzen dizkien gizarte baten parte izatea dela uler daiteke; hau da, pertsona guztiek (emakumeek eta gizonek) aitorpen juridikoa duten gizarte baten parte izatea. Gaur egun, gure gizartean eta munduko herrialde gehienetan, emakumeak gizonen maila bereko herritartzat hartzen dira. Alabaina, hori ez da beti horrela izan gure testuinguruan, eta gaur egun, munduko toki askotan ez da betetzen. Sufragio unibertsalerako eskubidea mugimendu feministak nazioartean egin zuen lehen aldarrikapenetako bat izan zen: kargu politikoak aukeratzeko eta kargu politikoak hartzeko aukera izateko eskubidea, hain zuzen. Alabaina, ordutik aldaketa asko egon dira legerian gaur egun “legezko berdintasuna” ezagutzen dugunera iritsi arte. Hala ere, ez da “berdintasun errealarekin” nahastu behar. Azken hori lortzeke dago oraindik.

 

HELBURUA

  • Berdintasunaren arloko legeriak ezagutzea, nazioartekoak, Europakoak, estatukoak eta autonomia-erkidegoetakoak.
  • Mugimendu feministak emakumeen eskubideen arloko legeria ugaritan izandako eraginaren inguruan gogoeta egitea.
  • Pentsamendu kritikoa garatzea munduan barna emakumeek pairatzen dituzten desberdinkeriei eta diskriminazioei dagokienez.
  • Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea. 
  • Jarrera enpatikoa agertzea.

 

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da  ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko. 

Hasteko, ikasleei jardueraren helburuak azalduko dizkiegu

Jarduera hasi baino lehen  “Emakumeak beti izan dira protagonistak”   bideoa jarriko dugu

Emakume askok borrokatu dute lehen mailako herritar gisa aitortuak izateko; gizonen eskubide berberak edukitzeko, alegia. Borroka horretan erreferente nagusietako bat Olympe de Gouges izan zen; 1871n Emakumearen eta Emakumezko Herritarraren Eskubideen Adierazpena idatzi zuen, Frantziako Iraultzan gertatzen ari ziren aldaketa politiko eta sozialek emakumeak aintzat hartzen ez zituztela salatzeko. Erail egin zuten horregatik, berdintasuna lortzearen alde borrokatu zuten beste emakume asko bezalaxe.

Gure ikasleek ez dute ezagutzen emakumeen eskubideen konkistaren historia. Are gehiago, pentsa dezakete gaur egun berdintasun erreala dagoela eta horregatik ez dela berdintasuna aldarrikatu behar edo, bestela, emakumeen eskubideak gizonen eskubideekin batera lortu zirela, inplizituak zirelako. Horren gaineko kontzientzia har dezaten eta emakumeen herritartasunaren aldeko borroka-prozesua ezagut dezaten, taldeka jarriko ditugu (talde kopuruak 4ren multiploa izan behar du; hau da, 4 edo zortzi talde egingo ditugu, ikasle kopuruaren arabera), eta berdintasunaren arloko legeak bilatzeko eskatuko diegu, lau esparrutan:

  • Nazioartean
  • Europan
  • Estatuan
  • Autonomia-erkidegoan

Talde bakoitzak esparru bat hartuko du, eta bertan berdintasuna, botorako eskubidea, indarkeria matxistarik gabeko bizitza bizitzeko eskubidea, sexu- eta ugalketa-osasunerako eskubidea, hezkuntzarako eskubidea, aborturako eskubidea eta beste eskubide batzuk aitortzen dituzten onetsitako legeak bilatuko dituzte. Ildo horretan, garrantzitsua da azpimarratzea lehen emakumeei ez zitzaizkiela eskubide horiek aitortzen eta aldarrikatu egin behar izan zituztela. Gaur egun ere eskubideak aldarrikatzen jarraitzen dute herrialde askotan.

Talde bakoitzak aurkezpen digital batean sistematizatu beharko ditu emaitzak, honela: izenburua, urtea, legearen esparrua, azalpena (5 lerro, gehienez ere) eta aurreko egoerarekiko aurrerapena. Nazioarteko esparruarekin hasi eta autonomia-erkidegoko esparruarekin bukatuko dugu, Asturiasko Printzerriak berdintasunaren arloan egin duen legeriarekin.

Azkenik, talde osoarekin komentatuko dugu zer izan zaien deigarriena, zer ezagutzen zuten eta zer ez, eta oraindik ere zer egin behar den herritartasun feminista lortzeko. Behean proposatzen den bideoren bat ere jar dezakegu.

 

IRAUPENA

Jarduera pare bat ordu luza daiteke, baina ezinbestekoa da ikasleek ikerketa-lana egitea. Era berean, ordu horretan denbora sobera badaukagu, ondoren azaltzen den bideoren bat jarri ahal diegu.

 

BALIABIDEAK

 Emakumeak beti izan dira protagonistak  bideoa: https://youtu.be/BLXdq2LCw6U

 

GEHIAGO JAKITEKO:

•Ilunpetik Argitara - Emakume langileak iruditan (Hernani, 1939-1975) https://www.youtube.com/watch?v=17d11roHYJE

https://www.inmujeres.gob.es/areasTematicas/AreaEducacion/MaterialesDidacticos/docs/GuiaCiudadania.pdf

 

EMAKUMEAK: MUNDUKO HERRITAR