Berdintasuna eta desberdinkeriak

Elkar ikusten dugu, elkar ezagutzen dugu
|
BERDINTASUNA ETA DESBERDINKERIAK |
ELKAR IKUSTEN DUGU, ELKAR EZAGUTZEN DUGU
|
Eskola-garaian ordu asko ematen ditugu ezagutzen ez ditugun eta gurekin inolako harremanik ez duten ikaskideekin. Elkar ez ezagutzeak distantzia eragin dezake askotan; hala ere, ez dauka zerikusirik laguntasunarekin. Kontua da ez ditugula gure eguneroko bizitzan dauden kideak ezagutzen. |
HELBURUA
- Ikaskideak ezagutzea eta aitortzea.
- Kohesionatuta dagoen talde bat sortzeko urratsak egitea.
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea.
- Entzute aktiborako jarrera erakustea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko.
Hasteko, ikasleei jardueraren helburuak azalduko dizkiegu
Lehen Hezkuntzako ikasgela batean sartu eta haurrei ikaskideei buruz galdetzen badiegu, seguruenik ikasle batzuk ezezagunagoak izango dira beste batzuk baino. Elkar ez ezagutze horrek distantzia eragiten du batzuetan ikasleen artean, eta bakartasuna ere sentiaraz dezake. Dinamika hori hausteko, ikasleak ezagutzeko eta aitortzeko jarduera bat egingo dugu. Ikasturte hasieran egin daiteke, baina baita ikasturtean zehar ere.
Jarduera honetarako, espazio libre handi behar dugu: ikasle guztiak egongo dira zutik eta borobilean jarrita. Ikasleak bi taldetan banatuko ditugu eta bi borobil egiteko eskatuko diegu, bata bestearen barruan. Dinamikarekin hasi baino lehen azalduko diegu helburua: ikaskideak ezagutzea. Horregatik, hauxe galdetuko diegu jarraian:
- Kontatuko didazu zuri buruz ez dakidan zerbait? Gogoko duten zerbait izan daiteke: zaletasunak, janaria, jolasak, etab.
Borobiletako bat geldi egongo da eta bestea, aldiz, bueltaka, ikaskidez ikaskide. Bi borobiletan daudenek egin behar dute galdera; horrela, hurrengo ikaskidera pasatzean, galdera jasoko duen eta galdera egingo dion beste pertsona bat egongo da. Beste kontu garrantzitsu bat da erantzunak ez errepikatzea: landu ditzatela pixka bat.
Bukatzen dutenean, borobil bakarrean jarriko gara eta gure ikaskideei buruz ikasitakoa eta ezagututakoa partekatuko dugu. Horretarako, galdera hauekin has gaitezke:
- Zer deskubritu duzue... (Ikaslearen izena)ren inguruan?
- Zerk harritu zaituzte gehien (ikaslearen izena)rengandik?
- Zer duzue komunean (ikaslearen izena)rekin?
IRAUPENA
Dinamika ordubete inguru luza daiteke.
BALIABIDEAK
Mugitzeko espazio zabala
GEHIAGO JAKITEKO:
- Orientación Andújar. https://www.orientacionandujar.es/tag/dinamicas-de-grupo/
Nire eskuek niri buruz hitz egiten dute
|
BERDINTASUNA ETA DESBERDINKERIAK |
NIRE ESKUEK NIRI BURUZ HITZ EGITEN DUTE
|
Autoezagutza eta autoestimua funtsezkoak dira Lehen Hezkuntzan, orduan hasten baitira haurrak beren burua pertsona autonomotzat ikusten. Beren burua ezagutzen hastea eta zein tasun espezifiko duten deskubritzea denbora eta arreta behar dituen prozesua da. |
HELBURUA
- Ikaskideak gehiago ezagutzea eta aitortzea.
- Norberaren tasunak identifikatzea.
- Kohesionatuta dagoen talde bat sortzeko urratsak egitea.
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea.
- Entzute aktiborako jarrera erakustea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko.
Hasteko, ikasleei jardueraren helburuak azalduko dizkiegu
Jarduera hau estuki lotuta dago norbera eta besteak ezagutzearekin. Orri bat eta nahi duten koloreko errotuladore bat hartzeko eskatuko diegu ikasleei. Beren eskua marrazteko eta mozteko eskatuko diegu. Banan-banan egingo dute hori eta, amaitutakoan, eskuaren erdigunean hau idazteko eskatuko diegu: “...NAIZ”. Atzamar bakoitzean berezi egiten dituzten bost ezaugarri idazteko eskatuko diegu; bost tasun positibo izan behar dira.
Hori egin eta gero, esku guztiak jaso eta kutxa batean sartuko ditugu, eskuak nahasteko. Jarraian, ikasleak borobilean jarriko dira eta esku bana emango diegu, buruz behera. Dena den, eskuak banatzen hasi aurretik esango diegu ezin dutela eskuan idatzita dagoena ikusi ikaskide guztiek esku bana izan arte.
Eskuari buelta ematen diotenean, bertan idatzita dagoena irakurri eta eskua norena den asmatzen saiatu behar dute. Bi minutu emango dizkiogu ikasle bakoitzari eskuan jartzen duena irakurri eta eskua norena den eta zergatik esateko. Aipatu duten pertsonak esango die asmatu duten ala ez. Ez badute asmatzen, ez da ezer gertatzen; gainerako ikaskideei galdetuko diegu, ea asmatzen duten. Banan-banan galdetuko diegu ikasle guztiei, ikasle guztiek egin arte.
IRAUPENA
Dinamikak ordubete inguru iraun dezake; dena den, zer iruditu zaien kontatzeko eztabaidarekin luza dezakegu.
BALIABIDEAK
- Orriak, artaziak eta errotuladoreak.
GEHIAGO JAKITEKO:
- Materiales de autoconocimiento. Kanarietako Gobernua. https://www3.gobiernodecanarias.org/medusa/ecoescuela/recursosdigitales/tag/autoconocimiento/