Ordua da

Berdintasunaren aldeko ginkana (ikasleak)

ORDUA DA

 

 BERDINTASUNAREN ALDEKO GINKANA (Ikasleak)

Jolasa ikaskuntzaren parte da, eta horregatik, garrantzitsua da ikastetxeak jolasen bitartez transmititzea berdintasuna. Mutilek eta neskek ikasi egin dezakete berdintasunean aritu gaitezkeela elkarreraginean eta modu baketsu eta gogobetegarrian bizi gaitezkeela elkarrekin, estereotipo sexistak apurtuta eta lankidetza eta elkarrekiko laguntza sustatuta, lehiaketaren ordez. Mota horretako ariketak egokiak dira DBHko ikasleekin egiteko, nagusiagoekin egitea ere planifikatu daitekeen arren.

 

HELBURUA

  • Taldeko jardueretan errespetuz parte hartzea
  • Ondo pasatzea lehiatu beharrik gabe
  • Jolastokian bizipen berriak izatea
  • Behar duenari laguntza eskaintzea

 

GARAPENA

Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia izateko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko. 

Ikasleei azalduko diegu zer den ginkana bat. Horrez gain, argi utziko diegu ez dugula lehiatzeko egingo; hau da, ez du inork irabaziko eta ez du inork galduko. Taldean egiteko jarduera bat izango da, eta elkarri lagundu beharra dago proba bakoitza gainditzeko.

Ginkanan ariketa fisikoak eta trebezia-ariketak uztartuko dira; horregatik, gela barruan eta jolastokian egingo da.

Ariketa fisikoetarako, aulkiak, mahaiak, gainetik edo azpitik pasatzeko objektuak, uztaiak, baloiak, eta abar erabiliko ditugu. Zirkuitu bat prestatuko dugu, eta ekintza hauek egingo dituzte ikasleek: salto egin, azpitik pasa, pilota bat uztai baten erdigunera eraman, uztaian sartu eta uztaitik irten hankak elkartuta, eta abar. Edozer gauza egin dezakegu, betiere ikasleei mugitzeko eta jarraibideak ordenan jarraitzeko aukera ematen badie. Taldekideren batek zailtasunak baditu egin beharreko mugimenduren batekin, gainerakoek lagunduko diote, zirkuitua elkarri lagunduz amaitzeko. Koloretako artileak erabiltzea da beste aukera bat: korapilatutako artileak askatu edo taldean irudi koloretsu bat sortzeko eska dakieke. Soka-saltoa, tokea eta taldekide guztien parte-hartzea behar duen edozein jolas ez-lehiakor ere sar daiteke.

Gela barruko jardueretarako, jolas hauek proposa daitezke, adibidez:

  • Zenbait panpina hartu eta mahai baten gainean jarriko ditugu, arroparik gabe. Arropa eta osagarri guztiak mahaiaren erdigunean egongo dira. Helburua da panpinak ahalik eta azkarren janztea taldekide guztien artean. Proba gainditutzat emango da soil-soilik panpina guztiak jantzita daudenean.
  • Jateko tresnak hainbat mahaitan jarriko ditugu. Taldearen helburua mahaia jartzea izango da.
  • Sukaldaritzako errezeta baten instrukzioak banan-banan moztuko ditugu, eta paper zatiak desordenaturik jarriko ditugu mahai baten gainean. Helburua da errezeta ordena egokian jartzea

Garrantzitsuena ez da horrenbeste zein jolas proposatzen dugun, baizik eta dena talde mistoetan egitea, neska eta mutil kopurua orekatuta dutela. Jardueraren azken helburua da taldean jolasteko, lankidetzan aritzeko eta gela eta jolastokiari ohiz kanpoko erabilera bat emateko une bat izatea.

Irakasleek jolasak koordinatzeko eta beharrezkoa denean laguntzeko ardura izango dute. Horregatik, oso garrantzitsua da irakasleek mutilen eta nesken erreakzioak behatzea, datuak sexuaren arabera bereizita. Modu horretan, gure ikasleen genero-estereotipoak hauteman daitezke, eta gero genero-estereotipo horiek desmuntatzeko jarduketak antolatu.

Jarduera amaitutakoan, galdera hauek egin diezazkioke taldeari:

  • Ginkanaren zein zati gustatu zaizue gehien eta zein gutxien?
  • Badago oso zaila iruditu zaizuen ezer?
  • Okurritzen zaizue ginkanan gehitzeko zerbait?

 

IRAUPENA

Ginkana osoak ordubete edo bi har ditzake, ginkana osoa egiteko daukagun denboraren arabera.

 

BALIABIDEAK

 

BERDINTASUNAREN ALDEKO GINKANA (Ikasleak)

Proiektuaren ordua da (hezkuntza komunitatea)

ORDUA DA

 

 PROIEKTUAREN ORDUA (Hezkuntza-komunitatea)

Jolastokien uneko erabilera erreala aztertu eta gero, lanari ekiteko eta gure ikastetxerako proiektu errealista bat prestatzeko unea da. Berdintasunaren aldeko aldaketa bat ekarriko duen proiektu bat izan behar da, espazio berdinzaleak sortu eta gure ikasleei munduan egoteko beste modu batzuk erakutsiko dizkiena, estereotipo sexistetatik, lehiatik eta distantzia emozionaletik urrun. Hezkuntza-komunitate osoarekin lankidetzan aritzeko proiektua egiteko ordua da.

 

HELBURUA

  • Jolastokiaren eta jolas-espazioen erabilera berdinzalea egiteko proiektua prestatzea.
  • Hezkuntza-komunitate osoaren arteko lankidetza koordinatzea, jolastoki hezkidea lortzeko.
  • Espazioak genero-ikuspegia aintzat hartuta aldatzeko baliabideak bilatzea.

 

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak ohitu daitezen era horretako jardueretara.

Jarduerarako sarrera gisa, baliabideen atalean eskainitako bideoetako batzuk ikusiko ditugu.

Puntu honetara iritsi izanak berekin dakar gure jolastokiaren erabilera erreala, jolastokiaren egitura eta mutilek eta neskek egiten dituzten erabileren arteko aldeak aztertu ditugula. Horrez gain,  zenbait aldaketa-ekintza ere abiarazi ditugu. Horregatik, orain da unea epe ertain eta luzera espazio horietan hezkidetza sustatzera bideratutako emaitzak emango dituen proiektua abiatzeko. Horretarako, hezkuntza-komunitate osoaren babesa behar dugu; izan ere, zenbat eta hezkuntza-eragile gehiago inplikatu, orduan eta errazagoa izango da baliabideak eta ideiak bilatzea.

Proiektu guztietan bezalaxe, ezinbestekoa da puntu hauek betetzea:

  • Ekintzaren funtsa izango den sarrera, hezkidetzan oinarrituta egongo dena. Sarrera horretan gure ikastetxeko jolastokien erabileraren analisiaren emaitzen berri emango dugu.
  • Helburuak.
  • Garatuko diren ekintzak, ekintza bakoitzaren egikaritze-epea eta ekintza horiek koordinatzeko eta jarraitzeko arduradunak.
  • Helburuak lortzeko beharrezkoak diren baliabideak.
  • Proiektuari jarraipena egiteko ebaluazio-adierazleak, zuzenean lotuta egongo direnak lortu nahi diren helburuekin eta garatuko diren ekintzekin.

Ikastetxea arduratuko da sarrera eta helburuak azaltzeaz, eta zehatz-mehatz azaldu behar zaizkie familiei; izan ere, planifikatzen diren ekintza guztietan senideek aktiboki parte hartzea izango da helburua. Horregatik, ezinbestekoa da familiekin batzar bat egitea, eta batzar hori aldi berean egotea bideratuta informazioa (ikastetxeko jolastokien erabileraren datu zehatzak) eta prestakuntza ematera (hezkidetza, jardunbide egokiak jolastoki hezkideetan, berdintasunaren oinarriak, eta abar).

Batzar horretan, gainera, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzeari ireki behar zaio proiektua: familiei, ikasleei, irakasle ez diren langileei, eta abar.

Proiektuan aintzat hartu beharreko kontu garrantzitsu bat da proiektuak errealista izan behar duela nahitaez. Beste era batera esanda, egingarria izan behar du ikastetxeak dituen baliabideekin edo inguruan lor daitezkeen baliabideekin: familien laguntza (jardunbide egokien kasu askotan familiek materiala eta eskulana jarri izan dute), udala, komunitatea oro har, dirulaguntzak, eta abar.

Zehazten dugun ekintza bakoitzean, aldiz, garrantzitsuena izango da egikaritze-epe bat eta arduradun bat edo batzuk zehaztea. Modu horretan, jarraipena eta koordinazioa esanguratsuak izango dira helburuak lortzeko. Beharrezkoa da ikasleei parte hartzeko aukera ematea. Bigarren hezkuntzan erantzukizunak hartzea oso interesgarria da taldean lan egiten ikasteko, taldeko helburuak lortzeko eta erantzunkidetasuna lantzeko.

Ez hori bakarrik, ebaluazio-adierazleak ere esanguratsuak dira, adierazle horiek markatuko baitute zein egoeratan dagoen gure proiektua une bakoitzean. Hori dela eta, argiak, errealistak eta zehatzak izan behar dira. Adibidez: “Ikasleak graffitiak askatasunez egiteko espazio bat dago”, “eskalada egiteko instalazio bat prestatu dugu”, “udalarekin hitz egin dugu balizko dirulaguntza bat jasotzeaz”, eta abar.

Proiektuarekin batera ekintza ere hasiko da: mobilizatu egin behar da planifikatutako erritmoa hartzeko eta jolastokia berdintasun- eta elkarbizitza-espazio bihurtzeko. Ekin lanari.

  • Jarduera amaitutzat eman aurretik, galdera batzuei erantzun diezaiekegu talde gisa:

Nolako erreakzioak izan dituzte familiek eta ikasleek proiektuaren aurrean?

Zein baliabide falta zaizkigu proiektuarekin jarraitzeko?

Zer-nolako aldaketak izan ditu jolastokiak edo zer-nolako aldaketak izan ditzake?

 

IRAUPENA

Proiektua prestatzeko aste pare bat beharko da, agian, hezkuntza-komunitate osoak aukera izan dezan parte hartzeko. Jolastokian edo espazioetan aldaketa errealak lortzeko denbora, ostera, eskuragarri dauden baliabideen eta ekintza zehatzetan inplikatutako pertsonen araberakoa izango da.

 

BALIABIDEAK

 

GEHIAGO JAKITEKO:

 

PROIEKTUAREN ORDUA (Hezkuntza-komunitatea)