Alternatibak aurkitzen sexismoari



Mozorroen txokoa
ALTERNATIBAK AURKITZEN SEXISMOARI |
MOZORROEN TXOKOA
Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasai bat lortzeko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko.
HELBURUAK
- Genero-estereotiporik gabeko adierazpen libreari bide ematea.
- Ikasle guztien erabakiak errespetatzea
- Errespetua sustatzea, genero-estereotipoetatik kanpo jokatzen duen inor epaitu gabe.
GARAPENA
Ikasleei proposatuko zaie, asanbladan, ikasgelan mozorroen txoko bat sortzea. Asmoa da txoko horretan mozorroekin aske jolasteko materiala gordetzea: txapelak, kapak, trapu solteak, makillajea, zapiak, boak, lepokoak, diademak, zapatak eta abar. Noizean behin, mozorrotzeko ekintza gelditu eta zertaz jantzi diren galdetuko diegu, eta beti estereotipatuta eta generoagatik bereizita daudenean (mutilek ez dute inoiz arrosa erabiltze, neskak dira lepokoak janzten dituztenak, mutilek kapak superheroiak izateko baino ez dituzte janzten…) beste alternatiba batzuk bilatzea proposatuko diegu.
Helburua da inork inor ez epaitzea, aukeratzen duen mozorroa edozein delarik ere.
Txoko hori balia dezakegu, baita ere, ikasleekin inauterien inguruan hitz egiteko, eta egun horietan jantziko dugunari buruz solasteko. Garrantzitsua da adieraztea mozorroan ezin dela bereizi neska eta mutilen artean eta, beraz, genero-estereotipoak sustatzen ez dituzten mozorroak bilatu beharko dituzte.
Haur Hezkuntzako hainbat adinetan, ikus daiteke mutilek ez dutela arrosa nahi, neskentzako dela uste dutelako eta, beraz, norbera libreki mozorrotu ostean, soinean jantzi duten mozorroa marrazteko eskatuko diegu, baina arrosa koloreko tonu ezberdinetan baino ezingo dute marraztu. Ondoren, marrazki arrosa horiek erakuts ditzakegu, eta ikasgelan eduki epe batez.
Jolas askeari eta marrazkien jolasari esker, irakasleak beha ditzake ikasleen erreakzioak, aurretik ikasitako sexismo-jarrerak antzemateko eta, hala, hori bideratzeko jardueraren bat proposatu ahal izateko.
Jardueran amaieran, autoebaluazioa egingo dugu, eta honako hau galdetu:
- Zer da gehien gustatu zaizuna?
- Zer da gutxien gustatu zaizuna?
- Nahi al duzu jarduera hau beste egun batean errepikatzea?
IRAUPENA
Bizpahiru saio, marrazkiaren jarduera txertatzen bada. Iraupena taldearen araberakoa izango da, baita irakasleak jorratu nahi duenaren araberakoa ere.
GEHIAGO SAKONTZEKO
- “Egungo neskak, etorkizuneko emakumeak”. Emakunde: https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_jornadas/eu_emakunde/adjuntos/sare2005_eu.pdf
- “Mozorroak agerian uzten duena: https://www.berria.eus/paperekoa/1829/038/001/2017-02-18/mozorroak_agerian_uzten_duena.htm
- “EL bulo de los colores”: https://www.realkiddys.com/estereotipos-en-los-colores/
- “Aprendiendo a ser iguales”: https://www.zaragoza.es/cont/paginas/noticias/aprendiendoaseriguales.pdf
- ¿Nos disfrazamos?”: https://www.aulaplaneta.com/2018/02/01/recursos-tic/nos-disfrazamos-ideas-celebrar-carnaval-didactico-educativo/
- “Niñas son, mujeres serán” Emakunde: https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_jornadas/es_emakunde/adjuntos/sare2005_es.pdf
Eranskinak:
Genero esterotiporik gabeko familiak
ALTERNATIBAK AURKITZEN SEXISMOARI |
GENERO ESTEROTIPORIK GABEKO FAMILIAK
Familiak dira haurren sozializaziorako oinarri garrantzitsuenetakoa. Hori dela eta, familietan estereotipoekin haustea funtsezkoa da sexismorik gabeko hezkuntza askea garatzeko. Familian eta ikastetxean erreferente berdinzaleak bateratzeari esker, pertsonak sozializatzeko beste eremuetan gertatzen denari aurre egin daiteke, eremu horietan dagoen sexismoa ezin baitugu kontrolatu. |
Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasai bat lortzeko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko.
HELBURUAK
- Hezkuntza ez sexista lortzeko familiak tartean sartzea.
- Familia berdinzaleak ikusaraztea.
- Haurren berdintasuna sustatzen dituzten erreferenteak sortzea.
GARAPENA
Jarduerari ekin baino lehen, gomendagarria da familiekin bilera bat egitea, eta bertan azaltzea zeintzuk diren ekintzaren helburuak. Beren laguntza ere eskatuko zaie. Bilera hori egitea posible ez bada, eskutitza igor daiteke jarduera eta horren helburuak argi eta garbi azaltzeko.
Bilera horretan, edo eskutitzean, argazki batzuk egitea eskatuko diegu, familiako emakumeak eta gizonak generoagatik estereotipatu gabeko ekintzak egiten ari direla: emakumeak brikolajea egiten, gidatzen, edo egunkaria irakurtzen, edo lan-bilera batean, edo lan-uniformea erabiltzen; gizonak adineko pertsona bat edo haur bat zaintzen, gizonak janaria prestatzen, etxean garbitzen, bainua garbitzen, erosketak egiten eta abar.
Argazkiak paperean eramango dira ikastetxera. Hala ere, hori ezin bada egin, euskarri digitalean daudenak proiekta daitezke. Haur bakoitzak azaldu egingo du ikasgelara eraman duen argazkian erakusten dena: nor agertzen den argazkian, eta zer den egiten ari dena.
Ondoren, argazki guztiak horma-irudi batean ipiniko dira, eta “Nire familia berdinzalea” izan daiteke horren izena. Ikastetxean eduki daiteke apaingarri modura.
Jarduera honi behar bezalako amaiera emateko, gomendagarria litzateke genero-estereotipoak hautsi dituen gurasoren bat ikasgelara joatea egin duenari buruz hitz egiteko, zergatik egin duen hori azaltzeko, adibidez: zaintzaile lanetan ari den aita, etxeko lanak egin dituen aita, soldatapeko ama, emakumezko motorzalea, emakumezko suhiltzailea, emakumezko kirolaria, teknologian aritzen den ama, etab.
Jarduerari amaiera emateko, ikasleei galdetuko diegu zer iruditu zaien jarduera, zein den gehien gustatu zaien argazkia eta zergatik, baita honako honi buruzko autoebaluazio txiki bat ere:
- Zer da gehien gustatu zaizuna?
- Ba al dago emakumeen zereginik eta gizonen zereginik familian?
- Nola sentitu gara jarduera egitean?
IRAUPENA
Bizpahiru saio, ikasgelan esperientzia ez sexista azaltzeko norbait aurkitu dugunaren arabera.