EMOZIOEN PHOTOCALL-A

ALTERNATIBAK AURKITZEN INDARKERIA MATXISTARI

 

 EMOZIOEN PHOTOCALL-A

Hezkuntza emozionala funtsezko tresna bat da genero-indarkeria prebenitzeko. Emozioetako bakoitza antzematea eta haiek egokiro kudeatzea oso ikasbide baliagarria da bai neskentzat bai mutilentzat, adin goiztiarretan bereziki.

 

HELBURUA

 

  • Ikaskideen emozioak errespetatzea.
  • Emozioak adieraztea genero-joerarik gabe.  
  • Aktiboki parte hartzea eta errespetuzko jarrerarekin.
  • Enpatia erakustea.

Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasai bat lortzeko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko.

GARAPENA

Zenbat aldiz ikusi dugu mutil bat edo neska bat negarrez triste dagoelako? Zenbat aldiz ikusi dugu neska bat edo mutil bat dantzan pozik dagoelako? Zenbat aldiz esan digute gure ikasleek haserre daudela? Zenbat aldiz izan dira emozioak protagonista ikasgelan, gure eguneroko bizitzan, jolastokian? Emozioak gurekin ekartzen dugun, gure parte diren, guk adierazten ditugun zerbait dira. Hala ere, ez dugu hezkuntza emozional egokirik jaso, are gutxiago aurreiritzirik eta estereotipo sexistetarik gabea.

Oraindik ere zenbaitetan ikusten dugu neskak eta mutilak eremu emozionalean desberdin hezten, pentsatuz nolakoak izan behar duten, nola jokatu behar duten neskek eta mutilek. Horrekin lotuta, neskei adierazteko sustatu ohi zaizkien emozioen artean daude tristezia, enpatia edo beldurra; mutilei, aitzitik, adierazteko gehiago sustatu ohi zaizkie haserrea edo euforia. Horrek ez du esan nahi neskek eta mutilek gauza bera sentitzen ez dutenik; esan nahi duena da haurtzarotik ikasten dutela emozio batzuk adierazten eta beste batzuk ezkutatzen, generoaren arabera.

Hezkuntza emozional desberdin horri heltzeko, emozioen photocall bat diseinatuko dugu. Marko handi bat da eta bere atzean jar gaitezke ondoren. Lehenik eraiki egingo dugu kartoiekin, kartoi mehekin, koloreztatuta eta abar. Haurren neurrira eraikiko dugu, gero atzean jarri ahal izan daitezen beren emozioa adierazteko eta kontatzeko.

Markoa eraikita dugunean, ikasgelako izkina batean ipiniko dugu eta hori izango da gure ikasleen emozioak adierazteko txokoa, eta baita gure irakasleenak ere. Ondoren, haur bakoitzak folio-tamainako kartoi mehe bat izango du bere izenarekin, baina argazki bat edo nahi duen marrazki bat ere jar diezaioke izkina batean. Kartoi mehe hori baliagarria izango zaigu idatziz jasotzen joateko ikasturtean zehar adierazi dituzten emozioak. .

Honetan datza jarduera: egunero, ikasle bat (ikasgelako zerrenda kontuan hartuta) photocall-ean ipiniko da eta une horretan sentitzen duen emozioa adieraziko du, eta horren arrazoia, emozio hori sorrarazi dion egoera esplikatuko du.

Irakaslea ikasle bakoitzaren kartoi mehean joango da apuntatzen haren emozioa eta photocall-ean emozio hori adierazi zuen eguna. Emozioak, emozioak sorrarazten dituzten egoerak, bereziki deserosoak eta desatseginak direnak, aztertzen joango gara, eta egoera horiei alternatiba batzuk bilatzen saiatuko gara.

Gainera, taldearekin azter dezakegu sentitu ote dituzten emozio desberdinak edo beti bera. Horrek aldi berean balioko digu aztertzeko egon daitezkeen desberdintasunak generoari eta emozioak adierazteari dagokienez: zer emozio adierazten dituzten gehiago neskek, zer emozio adierazten dituzten gehiago mutilek, berdin adierazten dituzten emozioak, zer emozio adierazten dituzten genero-desberdintasunik gabe eta abar.

Gainera adostasunak bilatzen saiatuko gara guztion artean zer egin dezakegun erabakitzeko gehien errepikatzen diren eta neskengan edo mutilengan ondoeza sorrarazten duten emozioei dagokienez. Hala, horren inguruan erabaki batzuk hartuko ditugu:

  • Irakaslearengana jotzea laguntza eske gatazkak gertatzen badira.
  • Mutilen eta nesken arteko mahai-jokoak sustatzea.
  • Joko ez sexistak eta indarkeriarik gabeak sustatzea.
  • Hamaiketakoa edo merienda neskekin eta mutilekin hartzea.

Informazio hori hurrengo ikasturterako erabil dezakegu talde berarekin, berdintasunean oinarritutako hezkuntza emozional baten alde lan egiten jarraitzeko.

 

IRAUPENA

Jarduerak ez du iraupen zehatzik. Photocall-a ikasgelan gera daiteke ikasturte osoan.

 

BALIABIDEAK

Photocall bat eraikitzeko materialak: kartoi handi bat izan daiteke, eta ondoren nahi dugun bezala margotu eta dekoratu dezakegu.

 

GEHIAGO SAKONTZEKO:

  • “Emoziotegia. Esan zer sentitzen duzun”, Cristina Núñez Pereira eta Rafael Romero. Palabras Aladas argitaletxea.
  • Emoziotegia. Fitxak euskaraz. https://www.youtube.com/watch?v=GBsQQ5fxyDY
  • “Koloretako Munstroa”. Anna Llenas. Flamboyant argitaletxea. https://www.palabrasaladas.com/f/emo_eus.html
  •  “Cuando me siento solo”.  Tracey Moroney. SM argitaletxea.
  • “El arte de emocionarte”, Cristina Núñez Pereira eta Rafael R. Valcárcel. Nube de tinta argitaletxea.
  • “Las emociones de Nacho”. Liesbet Slegers. Edelvives.

TRATU ONERAKO MEZUAK

ALTERNATIBAK AURKITZEN INDARKERIA MATXISTARI

 

TRATU ONERAKO MEZUAK

Azaroaren 25a Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Ikastetxe gehienetan hezkuntza-etapa guztietarako ekintzak eta jarduerak egiten dira egun horretan. Haur-hezkuntzan garrantzizkoa da egun hori tratu onean oinarritzea, tratu onerako mezuetara bideratzea.

 

HELBURUA

  • Tratu onarekin konpromisoa hartzea.
  • Aktiboki parte hartzea eta errespetuzko jarrerarekin.
  • Enpatiazko jarrera garatzea.

Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da   ariketa egitea, giro lasai bat lortzeko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko.  

 

GARAPENA

Azaroaren 25a “Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna” da. Egun horretan ikastetxe guztiek egin ohi dute jarduera bat, hezkuntza-etapa desberdinetara egokitua. Haur-hezkuntzan ez da egokia genero-indarkeria zuzenean lantzea, ezta indarkeriagatik hildako emakumeen kopurua adieraztea ere; hau da, ez dira eman behar indarkeria matxistak benetan zer adierazten duen erakusten duten datuak. Aitzitik, ikasleen adinagatik garrantzizkoa da egun horretako mezuak positiboak izatea, tratu txarraren kontrakoak baino tratu onean oinarrituak izatea.

Jarduera hori prestatzeko, ados jarri behar dugu haur-hezkuntzako etapa osoarekin, baita lehen hezkuntzako etaparekin ere, modu berdinean lan egiteko.

Ikasle bakoitzari folio-tamainako tximeleta bana emango diogu egina, edo bat egiteko eskatuko diegu koloretako kartoi meheekin. Ondoren moztu egingo ditugu tximeleta-itxura hartzen duten arte.

Ondoren, hizketan jardungo dugu ikasgelan jakiteko zer ulertzen duten elkarri tratu ona emateaz, tratu onaren esanahiaz, adibidez:

  • Adeitsua izatea nire ikaskideekin.
  • Gauzak mesedez eskatzea.
  • Hitza hartzeko txanda errespetatzea.

Ideia-jasa egiten dugunean, guztia joango gara jasotzen arbelean eta ondoren ikasle bakoitza tratu onaren mezuak jartzen joango da bere tximeletan, kontuan hartuta adinaren arabera guk lagundu ahal izango diegula.

Tximeleta bakoitzak hauek bezalako esaldiak izango ditu idatzita:

  • “Tratu ona desberdinak garela errespetatzea da”
  • “Tratu ona adeitsua izatea da”
  • “Tratu ona haserretu gabe jolastea da”

 

Tximeleta guztiak amaituta ditugunean ikastetxeko sabaitik zintzilikatu ditzakegu, eta pankarta handi bat jar dezakegu sarreran mezu hauekin: “Gure ikastetxean tratu ona eramaten da” edo “Tratu Onaren Mezuak” edo “Tratu onaren aldeko tximeletak”.

Amaitzeko, konpromiso-adierazpen bat egingo dugu, tratu onaren alde eta ikasgelan landu ditugun mezu horiekin lotuta. Ondoren eskaintzen den txantiloi honen antzeko zerbait izan daiteke; kartoi mehe batean edo paper jarraituan egin daiteke, beti ikusmenean egoteko ikasgelan.

 

IRAUPENA

Tximeletak egiteko jarduera honek bi ordu inguru iraun ditzake. Orduak bi edo hiru egun desberdinetan banatu ditzakegu, saioek ezingo baitute oso luzeak izan. Gero, azaroaren 25eko Egunerako zintzilikatuko genituzke.

 

BALIABIDEAK

  • Kartoi mehea, guraizeak, errotulagailuak, soka edo haria tximeletak zintzilikatzeko, zelofana.
  • Konpromisoa” eranskina.

 

GEHIAGO SAKONTZEKO: