Ahaldunduak
Emakumeak eta profesionalak
AHALDUNDUAK |
EMAKUMEAK ETA PROFESIONALAK
Oso zaila da zer izan nahi dugun imajinatzea, ez baldin badaukagu erreferenterik. Neskato eta mutikoei esparru ezberdinetako erreferenteak erakusteak beren perspektibak zabaltzen eta aukera-espazio berriak sortzen eta ikusgai jartzen laguntzen du. Jakin badakigu garrantzitsua dela lanbide ezberdinak dituzten emakume eta gizonen ereduak erakustea, baina oraindik ere emakumeak ikusezinak dira esparru batzuetan, eta horregatik, neskatoek erreferenteen gabezia dute. |
HELBURUA
- Tradizionalki maskulinizatutako lanbideak dituzten emakumeak ikusaraztea.
- Etorkizunean lanbide ez-estereotipatuetan ikustea nork bere burua
- Talde-lanean errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea
- Emakumeen lanaren balorazioan laguntzea
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko
Hasteko, jardueraren helburuak azalduko dizkiegu ikasleei.
Emakumeen ikusezintasunari aurre egiteko, binaka landuko ditugu emakumeak eta lanbideak. Zehazki, emakumeak oso ikusgai egon ez diren lanbideei buruzko ikerketa egin beharko dute. Hona hemen lanbideen eta profesionalen adibide batzuk, aurkitzeko zailtasunak badituzte eman dakizkiekeenak:
- Emakume astronautak: Valentina Tereshkova eta Sally Ride.
- Emakume kirolariak: Edurne Pasaban eta Mireia del Monte
- Emakume zientzialariak: Margarita Salas eta María Blasco.
- Emakume arkitektoak: Zaha Hadid eta Charlotte Perriand.
- Emakume artistak: Maruja Mallo eta Yayoi Kusama.
- Emakume idazleak: Arantza Urretabizkaia eta Karmele Jaio
- Emakume suhiltzaileak: María Luisa Cabañero eta Delfina Fonseca.
- Emakume politikariak: Clara Campoamor eta Michelle Bachellet.
- Emakume etologo eta zoologoak: Jane Goodall eta Diane Fossey.
Bikote bakoitzari lanbide bat esleitu eta gero, lanbide horretan aritutako emakumeen inguruan ikertzeko eskatuko diegu. Zehazki, bi emakume aukeratu eta emakume horiek egindako lanak aurkeztu beharko dituzte. Aurkezpenerako euskarriak eskuz (kartulinetan, adibidez) edo digitalki (aurkezpen digitala erabiliz) sor ditzakete.
Gero, ikasitakoaren gaineko eztabaida susta dezakegu, besteak beste, galdera hauek eginda:
- Zein biografia izan da zuentzat interesgarriena?
- Ezagutzen al zenituzten emakume profesional hauek?
- Imajinatzen duzue zeuen burua arlo hauetakoren batean lanean?
Helburua da neskatoek beren burua etorkizunean ikustea, nahi dutena izan daitezkeela sentitzea eta hori berbalizatzea. Horretarako, hautatutako lanbidearekin zerikusia duen zerbait esateko, irudiak egiteko, argazkiak hautatzeko edo bideoak ekartzeko eta lanbide hori zergatik aukeratu duten kontatzeko proposa diezaiekegu. Nolabait, transmititu nahi dugun mezua da nahi dutena izatera iritsi daitezkeela.
Egin duten lan horrekin aurkezpen bat antolatu daiteke, blog bat sortu, ikastetxeko webgunean eskegi... Hau da, lan horri publizitatea eman dakioke ikastetxeko ikasleek, familiek eta ikastetxeko gainerako langileek gaiari buruz hausnar dezaten.
IRAUPENA
Jarduera ordubeteko bi saiotan egin daiteke: batean, letrak landuko dituzte, eta rap letrak entzungo; bestean, letrak eraikitzen amaituko dute, eta kantatzen saiatuko. Klasean kantatu ditzakegu, edo ikastetxeko ekitaldiren batean.
BALIABIDEAK
- Arlo ezberdinetan dabiltzan emakumeei buruzko informazioa bilatzea.
GEHIAGO JAKITEKO:
Esparru ezberdinetan garrantzitsuak izan diren emakumeak hizpide dituzten liburuak balia ditzakegu:
- Emakume kirolariak. https://eu.wikipedia.org/wiki/Kategoria:Emakume_kirolariak
- Emakume idazleak. https://zuzeu.eus/kultura/emakume-idazleak/
- “Cuentos de buenas noches para niñas rebeldes”. Egileak: Elena Favilli eta Francesca Cavallo
- “Cuentos Para Niñas Valientes y Soñadoras”.
- “Las chicas son de ciencias: “25 científicas que cambiaron el mundo”. Egileak: Irene Cívico eta Sergio Parra
- “Científicas: cocinan, limpian y ganan el premio nobel (y nadie se entera)”. Egilea: Valeria Edelsztein.
- “Mi primer libro sobre ellas”. Egilea: Marta Rivera de la Cruz.
- “Las astrónomas, chicas estrella”. Egilea: Sara Gil Casanova.
- “Mujeres en la ciencia: 50 pioneras intrépidas que cambiaron el mundo”. Egilea: Rachel Ignotofsky
- “Supermujeres, superinventoras: Ideas brillantes que transformaron nuestra vida”. Egilea: Sandra Uve
Matilda gehiagorik ez
AHALDUNDUAK |
NMATILDA GEHIAGORIK EZ
Emakumeek zientziaren esparruan pairatu duten sexismoaren gauzatze nabarmenetako bat da “Matilda efektua”. Kontzeptu hori fenomeno hau deskribatzeko erabiltzen da: emakumeen lorpen eta asmakizunak beren lankide diren gizonei egoztea. |
HELBURUA
- Emakume zientzialariek historian zehar gainditu behar izan dituzten zailtasunak eta pairatu dituzten diskriminazioak ezagutzea.
- Ezkutuan edo ahaztuta dauden zientzialari eta asmatzaileen izenak ezagutaraztea.
- Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea.
- Jarrera enpatikoa agertzea.
GARAPENA
Jarduera honi ekin aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko
Hasteko, jardueraren helburuak azalduko dizkiegu ikasleei.
“Matilda efektua”eranskinean azaltzen den kontzeptuari helduko diogu, zientzian sexuagatiko diskriminazioaren inguruko eztabaida sortzeko. Horretarako, galdera batzuk egingo ditugu lehenik:
- Zergatik uste duzue historian zehar zientziara dedikatu diren emakumeak gizonak baino gutxiago izan direla?
- Nola sentituko zinatekete zuen lan bat, asmakizun bat edo esfortzu bat beste pertsona bati egotziko baliote?
Jarraian, “Matilda efektuaren” esanahia azaldu eta zientzialari famatu batzuen izenak berreskuratzeko proposatuko diegu. Horretarako, hiru edo sei talde mistotan banatuko dugu taldea, eta talde bakoitzari esteka honetan dauden hiru zientzialariak lantzeko esango diegu: https://www.nomorematildas.com/libros
- Elsa Einstein
- Annemarie Bertel Schrödinger
- Williamina Fleming
Sei talde baldin badauzkagu, bi taldek zientzialari berbera landu dezakete; edonola ere, orrialde horretan agertzen diren beste emakumeren bat lantzeko aukera ere badago. Webgunean, curriculum-ildo ezberdinetako emakume zientzialariak lantzeko materiala dago eskuragarri, “Nomorematildas”baliabidean
Helburua da taldeak material hori irakurtzea eta emakume horren biografiaren elementu garrantzitsuenak laburtzea, ikaskideen aurrean azaltzeko. Horretarako, galdera hauek erantzun ditzakete:
- Nor da zientzialaria?
- Non eta noiz jaio zen?
- Zertan aritzen den?
- Zein arazo izan zuen bere ibilbide zientifikoan?
- Zein aurkikuntza garrantzitsutan hartu zuen parte?
- Aurkikuntzaren aurkitzailea edo parte-hartzailea zela aitortu zioten? Hala izan ez bazen, nori egotzi zitzaion lorpena?
Azkenik, “Matilda gehiagorik ez “ bideoa jar diezaiekegu: https://youtu.be/M674GHNV1S0
Egin duten lan horrekin aurkezpen bat antolatu daiteke, blog bat sortu, ikastetxeko webgunean eskegi... Hau da, lan horri publizitatea eman dakioke ikastetxeko ikasleek, familiek eta ikastetxeko gainerako langileek gaiari buruz hausnartu dezaten.
IRAUPENA
Dinamikak ordubete inguru iraun dezake; dena den, eztabaidarekin luza daiteke.
BALIABIDEAK
- Matilda efektua. https://eu.wikipedia.org/wiki/Matilda_efektu
- Nomorematildas. https://www.nomorematildas.com/pdf/encartes/Anexo_NoMoreMatildas.pdf
- Matilda gehiagorik ez. https://youtu.be/M674GHNV1S0
●Mateotik Matilda efektura. https://zientziakaiera.eus/2014/10/03/emakumeak-zientzia-eta-diskriminazioa-mateotik-matilda-efektura/
GEHIAGO JAKITEKO:
●Orrialde honetan ikertu dezakegu gehiago emakume zientzialariei buruz: https://mujeresconciencia.com/