ESKOLA HEZKIDETZAILEAREN ELEMENTUAK
Hezkidetzako eskolaren bidean aurrera egiteko oinarrizko elementuak
Hezkidetzako eskolaren bidean aurrera egiteko oinarrizko elementua hezkuntza-sistema bera ahalduntzea da, berau aldaketarako motor gisa hartu ahal izateko. Sistema horrek gizarte-arazoei irtenbideak eskaintzeko gaitasuna behar du izan, ikasleak alor akademikoan ez ezik beste alorretan ere prestatu behar ditu, maila pertsonal eta herritarrean esaterako, eta hala izango da hezkuntza-sistema gizarte-eraldaketarako sistema ahaldundua, gaitua. Hezkuntza ez da gizartearen isla soil gisa ulertu behar; hezkuntza-sistema urratsak eman eta gizartearen beharrezko eraldaketetan bere alea ematen saiatu behar da. Behar dugun eskolak ezin du sexista, klasista, arrazista, ezta homofoboa izan, ezin ditu maiz gizartean bizi ditugun egoerak errepikatu; aldiz, gizartean ditugun desparekotasunen inguruko ikuspegi kritikoa sortzen lagundu behar du, horiek desagertzen aurrera egiteko.
Hezkuntza-plangintza gizartearen gehiengo zabal batek partekatzen duenean eta, zehazki, hezkuntza- komunitateak (irakasle, ikasle eta familiek) partekatzen dutenean, hezkidetzako eskolarantz egitea ematea errazagoa da. Gainera, hezkuntza-sisteman bertan gertatzen denaren gaineko ardura beste pertsona edo erakundeei leporatzea ekiditen du. Ildo horretatik, ahaldundutako eskolak ez dio beste inori erantzukizunik es- katuko, bere erantzukizuna gain hartuko du, autokritika egin eta gatazka horretan zein funtzio duen aztertuko du, gai horri ekiteko.
Ahalduntzeaz eta autokritikaz gain, hezkidetzako eskola ezartzeko, beharrezkoa da, aldi berean, norabide honetan urratsak ematea:
- Emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta hezkidetza sustatu, koordinatu eta jarraipena egiteko egitura egonkorrak sortzea: beharrezkoa da hezkuntza-administrazioak eta hezkuntza-sistemak egitura egonkorrak edukitzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eta hezkidetzarako politikak sustatu, koordinatu eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Hala, plan honetan jasotako neurriak ezartzen direla bermatuko da.
- Hezkidetzan prestatutako irakasleak. Honako hau funtsezko elementuetako bat da hezkidetzako eskola abian jartzeko. Beharrezkoa da irakasleek prestakuntza jasotzea; prestakuntza etengabea ez ezik, hasierako prestakuntza ere bai, berdintasunean eta berdintasuneranzko hezkuntza zeharka txertatu duena. Irakasleek desparekotasunekiko sentiberatasuna izan behar dute, horiek nola sortu eta errepikatzen diren kontzientzia hartu behar dute. Halako irakasleek abian jartzeko tresna gehiago izango dituzte, halako prestakuntza jaso ez duten irakasleek baino.
- Familiek eskolan esku hartzea. Hezkidetzako eskola familiei irekia izan behar da, baita eskola kokatzen den ingurunera kokatuta egon ere. Garrantzitsua da familiek hezkidetza beren seme-alaben prestakuntzarako alderdi garrantzitsutzat hartzea, eta hori beren etxeetan praktikan jartzen saiatzea.
- Ikastetxeetara egokitutako Hezkidetza-plana. Dokumentu horrek, egoeraren behar bezalako diagnostikoa abiapuntu hartuta, ikastetxe bakoitzak berdintasunaren alorrean lortu nahi dituen helburu nagusiak bilduko lituzke, horiek lortzeko ekintza zehatzak egikaritu eta, ondoren, ebaluatu ahal izateko. Ez da, inondik inora, hezkidetza jarduera jakin batzuetara eta efemerideak ospatzera mugatzea; berdintasuna ikastetxe osoan hedatzea da helburua.
- Ikasgelan hezkidetza-materialak txertatzea. Testuliburuak, baliabide didaktikoak, ikus-entzunezko materialak, irakurgaiak, ipuinak edota jostailuak ezin dira sexistak, arrazistak, homofoboak edota klasistak izan; materialek berdintasunean eta berdintasunerako hezi behar dute.
Hori guztia lortzeko, ikastetxeetan hezkidetzaren hainbat Zutabe Nagusi garatzea proposatzen dugu, jarraian deskribatuko den moduan.