HAMABOSTALDIKO ERRONKA

ELKAR ZAINTZEN IKASTEN DUGU

 

HAMABOSTALDIKO ERRONKA

 

Etxeko lanei loturiko ezagutzak baztertu egin izan dira tradizio akademikoan eta eskoletan. Alabaina, eguneroko kontuen gaineko ezagutzak, biziraupenaren funtsak, ezinbestekoak dira emakumeen eta gizonen autonomia pertsonalerako. Historian zehar, emakumeak arduratu dira biziraupen-lan oinarrizkoenez, alegia, elikaduraz, higieneaz, garbiketaz, arropez eta zainketaz. Beraz, egindako lana, besteen zainketan izandako inplikazioa, aintzatetsi eta eskertu behar zaie, baina ezagutza horiek modu orekatuan banatzea ere beharrezkoa da, sexu batera mugatu gabe, edonor izan dadin gai eguneroko biziraupen-lanez arduratzeko.

 

HELBURUA

  • Etxeko erantzukidetasuna lantzea.
  • Etxeko lanetan autonomia pertsonala ikastea.
  • Etxeko lanetan historian zehar egon diren eta gaur egun dauden genero-desberdintasunez ohartzea.
  • Ikasleen gaitasun gakoak lantzea berdintasunaren bitartez.

 

GARAPENA

Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia izateko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko. 

Jarduerari ekitean, irakasleak lortu nahi diren funtzioak eta helburuak azaldu beharko ditu, pertsona bakoitzaren iritzi, gustu eta sentimenduekiko errespetuzko giroaren beharra azpimarratuz; era berean, gogorarazi beharko du parte-hartzaile guztiek askatasun osoa izan behar dutela beren premia, ideia eta proposamenei buruz hitz egiteko.

Jarduera honetan, oinarrizko hainbat gaitasun lantzea proposatzen dugu, eta, aldi berean, etxeko lanak egiten ikastea eta berdintasuna lantzea: hizkuntza-gaitasuna, gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna, gaitasun digitala, ikasten ikasteko gaitasuna eta, jakina, autonomia pertsonalerako gaitasuna.

Ikasleei etxeko lan bat egiteko erronka proposatuko diegu, hurrengo hamabostaldian egin dezaten: otordu erraz bat prestatzea bere ingurukoak zainduta, etxea jasotzea, plantxatzea, entxufe bat konpontzea, etab.

Adinak zein diren, kontuan hartu ahalko dugu etxeko lanei buruzko Montessori taula (1. eranskina):

Jarduera bakoitzarekin batera egin dena frogatzeko argazkiak aurkeztuko dira (argazkiak egingo dizkien norbait bilatu behar da). Etxeko jarduera bukatuta, argazki horiekin diapositiba aurkezpen bat prestatuko da. Horretan oinarrituko da haur bakoitzak gelaren aurrean egingo duen aurkezpena; zer egin zuen, noiz, nola, nork lagunduta eta zer sentitu zuen jarduera egin bitartean.

Jardueraren metodologian sakontzeko materialean, jarduera egin ahal bete beharreko taulak daude, eta proiektuari loturiko ikasgela-esperientziak zehatz batzuk. Garrantzitsua da jardueron helburua azaltzea familiei, eta haurren heziketa berdinzalera batzeko animatzea.

Jarduera amaitzeko, gure ikasleei galdetuko diegu nola eragiten duten estereotipoek pertsonen bizitzan (beren pentsamenduetan, emozioetan, ekintzetan) eta beren bizitzetan, eta helburuak berrikusiko ditugu, jardueran bete diren ala ez ikusteko. Azken zati hori zereginaren ebaluazio txiki bat izango da, eta ikasleek autoebaluazio txiki bat egingo dute honako gai hauei buruz:

  • Zer egin dugu ondo?
  • Zer hobetu behar dugu?
  • Nola sentitu gara jardueran zehar?

 

IRAUPENA

Iraupen luzeko jarduera da; izan ere, erronka hamabostaldi baterako da, etxean egiteko, eta, ondoren, esperientzia gelan aurkeztu behar dute.

BALIABIDEAK

GEHIAGO JAKITEKO:

Zereginen banaketa. Erantzukidetasuna. Mujeres fundazioa. http://www.fundacionmujeres.es/maletincoeducacion/pdf/CUAD4horiz.pdf

BA AL ZENEKIEN…?

ELKAR ZAINTZEN IKASTEN DUGU

 

BA AL ZENEKIEN…?

 

Askotan, testuliburuek eta material didaktikoek emakumeek historian zehar eta gaur egun egindako lana ikusezin bihurtu dute. Ondorioz, gure ikasleek ez dituzte ezagutzen asmakarien egile diren emakumezkoak edo aroan aroko genero-estereotipoak apurtu dituzten emakumezkoak. Orientazio akademikoa eta lan-arlokoa berdinzalea izango bada, aukera guztiak eskaini behar zaizkie neskei eta mutikoei, eta hori hezkuntza-etapa guztietako irakasleen lana da. Erreferenteak ikastea da moduetako bat.

 

HELBURUA

  • Emakume batzuen biografiak ikertzea
  • Emakume aitzindarien biografiak ikusgarri egiteko erakusketa bat diseinatu eta prestatzea

 

GARAPENA

Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia izateko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko.  

Jarduerari ekitean, irakasleak lortu nahi diren funtzioak eta helburuak azaldu beharko ditu, pertsona bakoitzaren iritzi, gustu eta sentimenduekiko errespetuzko giroaren beharra azpimarratuz; era berean, gogorarazi beharko du parte-hartzaile guztiek askatasun osoa izan behar dutela beren premia, ideia eta proposamenei buruz hitz egiteko.

Lehen Hezkuntzako azken zikloko (5. eta 6. mailetako) ikasleei zuzenduta dago, eta Gaztelania eta Literatura ikasgaian sartu daiteke, nahiz eta Gizarte Zientziak, Matematikak, Teknologia, Hezkuntza Plastikoa eta Natura Zientziak ikasgaietako kontzeptuak ere landuko diren.

Izan ere, proposamenaren ardatza gelan gaika lan egitea da, arloak eta ikasgaiak askotan hertsatzaileak izan baitaitezke. Gaitasun hauek landuko dituzte: hizkuntza-gaitasuna (ahozkoa eta idatzizkoa), gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna, gaitasun digitala eta autonomia pertsonalerako gaitasuna eta ikasten ikasteko gaitasuna.

Proposamen didaktiko horrek askotariko helburuak eta gaitasunak hartzen ditu barnean. Beraz, ezinbestekoa da irakasleak ez ahaztea berdintasunerako heztea dela ardatz nagusia, eta emakumeen ekarpena ikusgarri egitea. Horrenbestez, inoiz baino beharrezkoagoa da genero-ikuspegia eta hizkuntzaren erabilera ez sexistan arreta handia jartzea, edukia eta portaera berdintasunera lerratu daitezen.

Gainera, proposamen honetan ikasleak parte-hartze aktiboa izan behar duenez, irakasleek koordinazio-lan handia egin beharko dute, amaierako zereginera bitarteko urratsak emateko; taldea antolatuko dute, eta ikasleei emango diete protagonismo erabatekoa.

Emakumezko asmatzaileen, aitzindarien edo apurtzaileen biografiak ezagutzea da asmoa. Izan ere, gehienek ez dakigu emakume batek asmatu zuela haizetako-garbigailua, emakumezko piratak egon zirela, emakume batek asmatu zuela suaren kontrako arropa, tenis txapeldun handia izan zela beste bat, etab. Gainera, hau ere proposatzen da: ikastetxe osorako erakusketa bat prestatzea, eskuorriak eta gonbidapenak, erakusketa-gidari izatea, etab.

Jardueraren materiala, ikasleentzako dena eta irakasleentzako dena, metodologian sakontzeko materialaren apartatuan dago.

Jarduera amaitzeko, gure ikasleei galdetuko diegu nola eragiten duten estereotipoek pertsonen bizitzan (beren pentsamenduetan, emozioetan, ekintzetan) eta beren bizitzetan, eta helburuak berrikusiko ditugu, jardueran bete diren ala ez ikusteko. Azken zati hori zereginaren ebaluazio txiki bat izango da, eta ikasleek autoebaluazio txiki bat egingo dute honako gai hauei buruz:

  • Zer egin dugu ondo?
  • Zer hobetu behar dugu?
  • Nola sentitu gara jardueran zehar?

 

IRAUPENA

Taldean egiteko jarduera denez, gutxienez, hiru saioko iraupena izango du.

 

GEHIAGO JAKITEKO:

Bazenekien…? Irakasleentzako unitate didaktikoa: http://blog.educastur.es/marianmoreno/files/2014/08/pdprimaria_prof.pdf

Bazenekien…? Ikasleentzako unitate didaktikoa: http://blog.educastur.es/marianmoreno/files/2014/08/pdprimari_alumnado.pdf

Emakumeak historian zehar: https://emakumeak.plentzia.eus/eu/las-mujeres-en-la-historia-eu

Emakume asmatzaileak: https://emakumeasmatzaileak.wordpress.com/

Mujeres en la ciencia: http://www.ehu.eus/~mtwmastm/MC_Dip_Almeria_2015.pdf

Mujeres con ciencia: https://mujeresconciencia.com/

TESTULIBURUKO ARGAZKIAK

ELKAR ZAINTZEN IKASTEN DUGU

 

TESTULIBURUKO ARGAZKIAK

 

Genero-ikuspegiaren arabera aztertzen ikastea funtsezkoa da oraindik orain indarrean diren desparekotasunak eta bazterketak azaleratzeko. Bistan da, aztertzen ez badakigu, ez dugu azterketarik egingo, eta egiten ez badugu, ez dugu sexismorik ikusiko, eta ez badugu ikusten, ez dugu haren aurka egiteko premiarik izango. Agerikoa da, beraz, berdintasunean hezteko gakoetako bat sexismoa aztertzen ikastea dela, eta hori da jarraian proposatzen den jardueraren helburua.

 

HELBURUA

  • Eskolako materialen eta testuliburuen irudietako sexismoa aztertzea.
  • Irudietan ageri diren zeregin edo lanbideetako desparekotasunak ezagutzea.
  • Berdintasunaren alde lan egiteko premiaren kontzientzia hartzea.

 

GARAPENA

Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasaia izateko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko.  

Jarduerari ekitean, irakasleak lortu nahi diren funtzioak eta helburuak azaldu beharko ditu, pertsona bakoitzaren iritzi, gustu eta sentimenduekiko errespetuzko giroaren beharra azpimarratuz; era berean, gogorarazi beharko du parte-hartzaile guztiek askatasun osoa izan behar dutela beren premia, ideia eta proposamenei buruz hitz egiteko.

Testuliburuen eta materialen azterketa ikasleen laguntzaz egin liteke, mezua adierazkorragoa izan dadin. Lauko taldeak egingo ditugu gelan; talde bikoteak antolatuko dira, eta bikote bakoitzak ikasliburu bera aztertuko du.

Bikote horretako talde batek liburu erdia aztertuko du, eta besteak bestea (liburu osoa asko litzateke, eta luze joko luke). Liburuaren irudiak izango dira aztergaia (argazkiak eta ilustrazioak), ez testua.

Talde bakoitzak bi zutabeko orri bat edukiko du: «Gizonak edo mutikoak», «Emakumeak edo neskak» Zutabe horietan irudiko gizona edo mutikoa edo emakumea edo neska zertan ari den idatziko da.

Irudi guztiak aztertu beharko dira. Amaieran, zenbat gizon eta zenbat emakume ageri diren zenbatuko dugu. Analisia egiteko denbora nahikoa emango da.

Jarduera koordinatzen ari den irakaslea taldeen premiez eta zalantzez arduratuko da, irudiren bat nahasgarria delako (ondo ikusten diren gizonak edo emakumeak bakarrik zenbatuko dira; manifestazio baten irudia bada, ez ditugu ageri diren guztiak zenbatuko).

Talde bakoitzak lana egin ondoren, emakumeak eta gizonak zenbatuko dira eta zertan ari diren zerrendatuko da. Gizonik edo emakumerik inoiz ageri ez diren zereginak idatziko dira, baldin badaude. Talde bakoitzak gainerakoei azalduko die zer ikusi duen aztertutako liburuan. Talde osoan, erabiltzen ditugun liburuetan emakumeak eta gizonak berdin ageri diren eztabaidatuko dugu, zertan bai eta zertan ez, eta zer-nola aldatu genezakeen berdinzalea izateko. Ikasleek egindako analisiak bilduko dira, eskola-materialen diagnostiko bat direnez.

Jarduera amaitzeko, gure ikasleei galdetuko diegu nola eragiten duten estereotipoek pertsonen bizitzan (beren pentsamenduetan, emozioetan, ekintzetan) eta beren bizitzetan, eta helburuak berrikusiko ditugu, jardueran bete diren ala ez ikusteko. Azken zati hori zereginaren ebaluazio txiki bat izango da, eta ikasleek autoebaluazio txiki bat egingo dute honako gai hauei buruz:

  • Zer egin dugu ondo?
  • Zer hobetu behar dugu?
  • Nola sentitu gara jardueran zehar?

 

IRAUPENA

Azterketa nahiz eztabaida patxadaz egiteko, gutxienez bi eskola-ordu bideratu beharko dira jarduerara.

 

GEHIAGO JAKITEKO:

Las mujeres, las grandes ausentes de los libros de texto: http://www.pikaramagazine.com/2013/02/las-mujeres-las-grandes-ausentes-de-los-libros-de-texto/