Indarkeriarekin bueltaka



Jolastokia ikertzen
INDARKERIA MATXISTAREKIN BUELTAKA |
JOLASTOKIA IKERTZEN
Ikastetxeetako jolastokiak, edo jolas-ordua, sozializatzeko, ondo pasatzeko leku bat izan ohi dira, baina gatazka-leku bat ere izan daitezke, baita edozein motako indarkeriarako leku bat ere. Egoera matxistak, baita indarkeriazkoak ere, identifikatzea ezinbesteko pausoa da neurriak hartzeko halako egoerei azkena ematearren. |
HELBURUA
- Jolastokia genero-ikuspegi batetik aztertzea.
- Ikastetxeetako jolastokietan gerta daitezkeen sexismoa eta indarkeria matxista identifikatzea.
- Alternatibak bilatzea egoera sexisten eta indarkeria matxistaren aurrean.
- Aktiboki parte hartzea eta errespetuzko jarrerarekin.
Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasai bat lortzeko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko.
GARAPENA
Funtsezko alderdi bat, berdintasunean eta hezkidetzan aurrerapausoak emateko, oraindik existitzen diren desberdintasunak identifikatzea eta haietaz jabetzea da. Genero-betaurrekoak jartzeak edo, hobe esanda, larruazala matxismoarekiko sentikor bihur dadin lortzeak ekintza jarraitu eta eguneroko bat izan behar du gure ikastetxeetan.
“Ikusten ez dena, ez da existitzen”, horregatik da garrantzizkoa gure ikasleek desberdintasuna, baita indarkeria matxista ere, ikusten eta detektatzen ikastea. Lehen Hezkuntzako etapan, ikasleak gai dira desberdintasunak detektatzeko eta identifikatzeko, baina egia da, adinean aurrera joan ahala, gehiago jabetzen direla haietaz. Dena den, dagoeneko antzematen ditugu argumentazioak eta salaketak bizitzen dituzten matxismoaren agerpen jakin batzuei buruz; adibidez, “mutilek ez dute gurekin, neskekin, futbolean jolastu nahi”, “neskek gutxiago korrika egiten dute eta horregatik ez dugu haiek gurekin, mutilekin, jolastea nahi”.
Dinamika honetan gorago dauden kurtsoetan oinarrituko gara, zehazki, lehen hezkuntzako hirugarren zikloan; dena den, ikasle txikiagoen zikloetan ere lan egin dezakezue.
Bost azpitalde mistotan banatuko dugu taldea/gela, eta azpitalde bakoitzari “Jolastokia ikertzen” (ikus Eranskina) fitxaren fotokopia bana emango diogu. Eskatu egingo diegu, aste batez, azpitalde bakoitzak idatziz jasotzeko jolastokian antzematen dituzten desberdintasun-modu desberdinak, baita indarkeria matxistarenak ere. Ondoren, gelan, ordu bat hartuko dugu azpitalde bakoitzak identifikatu duena lantzeko, eta talde/gela osoaren zerrenda orokor bat egingo dugu. Ikasleentzat denbora asko baldin bada aste bat, aste batean baino gehiagotan banatu dezakegu, horrela gainerako denbora jolasten eman ahal izan dezaten, eta haientzat astuna izan ez dadin.
Zerrenda amaituta dugunean, irakasleok ziurtatu egingo dugu jolastokian gertatzen ari dela gure ikasleek antzemandakoa, eta guztion artean saiatuko gara egoera horiei alternatibak bilatzen.
Bukatzeko, ikasle bakoitzari “genero-ikertzaile” diploma bana emango diogu, eta beren mahaian jarri ahal izango dute, edo etxera eraman. Diploma hori “betaurreko moreen” itxurakoa ere izan daiteke, ikasle bakoitzaren izenarekin.
IRAUPENA
Dinamikak hogei minutu inguru iraungo lituzke: gelakoak azpitaldetan banatzea, jarduera esplikatzea eta fitxak banatzea.
Astebete edo aste batzuk jolastokian ikertzen eman ondoren eta, azkenik, ikerlanaren sistematizazio-saio bat egin eta gero, Lehen Hezkuntzako mailaren arabera, interesgarria izan daiteke hirugarren saio bat egitea detektatu diren egoerei alternatibak bilatzeko eta ondoren diplomak edo betaurrekoak banatzeko.
BALIABIDEAK
- “Jolastokia ikertzen” fitxaren fotokopia.
- Diplomak edo betaurrekoak ikasle bakoitzarentzat.
GEHIAGO SAKONTZEKO:
- El patio del colegio, donde se empiezan a sembrar las desigualdades de género https://www.eldiario.es/cv/colegio-empieza-sembrar-desigualdad-genero_0_820668173.html
- Resumen del proceso de transformación del patio del colegio La Paloma y el de Santa María. https://www.youtube.com/watch?v=rzj0UOcX5s0&t=7
- Red de Patios inclusivos y sostenibles // Clave 1. Coeducación. https://www.youtube.com/watch?v=TaJ1Ylbf16Y
- Red de Patios inclusivos y sostenibles // Clave 2. Sostenibilidad. https://www.youtube.com/watch?v=mKKqihUnSyw
- Patio hezkidetzaileak:
https://www.youtube.com/watch?v=q7-N0lYRnu4
https://www.youtube.com/watch?v=7BeHpu2UpSE
Esaidazu maite nauzula
INDARKERIA MATXISTAREKIN BUELTAKA |
ESAIDAZU MAITE NAUZULA
Denoi gustatzen zaigu gure ikaskideek guri gauza positiboak esatea. Maitatuak sentitzeak, errespetatu eta maitatzen gaituen talde batekoak izateak ondo sentiarazten gaitu, eta ikasgelara eta ikastetxera joateko gogoarekin. Talde batekoak izatea ez da denok homogeneizatzea; hori baino, gure desberdintasunak edozein izanda ere taldeko kide garela sentitzea da. |
HELBURUA
- Trebetasunak garatzea ikaskideak ondo sentiarazteko.
- Norbere ezaugarri positiboak gogoz aitortzea.
- Aktiboki parte hartzea eta errespetuzko jarrerarekin.
- Enpatiazko jarrera garatzen ikastea.
Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasai bat lortzeko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko.
GARAPENA
Nori ez zaio gustatzen beraz gauza politak entzutea, gure ahotik entzutea maite dugula? Funtsezkoa da gure ikasleak maitatuak sentitzea, zoriontsu izateko ez ezik, hobeto ikasteko ere. Talde bateko kide sentitzen den norbaitek oztopo handiagoak izango ditu taldeari kalte egiteko, taldeko beste kide bati kalte egiteko.
Jarduera honi heltzeko ikasgelan zenbat ikasle ditugun zenbatuko dugu eta irakasleok ere sar gaitezke zenbaketa horretan, dinamika honen barruan. Ondoren, koloretako kartoi meheak hartuko ditugu eta bakoitzean ikasle bakoitzaren izena, baita gurea ere, jarriko dugu goialdean. Gero, zerrendatan banatuko dugu kartoi mehea; ikasle bakoitzeko zerrenda bana, eta beste bat irakasleontzat.
Material guztia prest dugunean, gure gelari esango diogu bakoitzaren gauza positiboak landuko ditugula. Horretarako, kartoi meheak pasatuko dizkiegu izenekin, eta dagokion pertsonaren gauza positibo bat idatzi behar dute. Oso garrantzitsua da azpimarratzea gauza positiboak bakarrik izan behar dutela, eta ahal bada ez errepikatzea, gerta daitekeelako kartoi mehe batzuetan hamar aldiz agertzea “oso pertsona ona da”. Ikasle batena amaitzen dutenean, itxaron egin behar dute hurrengo kartoi mehea iritsi arte, eta horrela hurrenez hurren denek amaitu duten arte.
Lan honetarako musika lasai bat ipin dezakegu ikasgelan, lan-giro on bat sortzeko. Azkenik, gelako guztiek dituztenean beren kartoi meheak beren izenekin, bilera bat egingo dugu guri jarri digutena erakusteko.
Seguruenik egongo da ikasleren bat sentsazio onik edo oso positiborik pizten ez duena, eta zaila izatea berari buruz gauza positiboak esatea. Horrelakoetan, ikasgelan gertatzen diren egoera ugariri buruzko hausnarketa bat egin dezakegu, eta pentsatu zergatik gertatzen diren, eta noiz eta nola sentitzen garen hobeto: tratu txarren aurrean eta tratu onen aurrean, eta guztion artean heldu ahal izateko zer alternatiba ditugun tratu txarren aurrean.
IRAUPENA
Saio bat edo bi, Lehen Hezkuntzako zein mailatan lantzen den, horren arabera.
BALIABIDEAK
- Kartoi meheak
- Errotulagailuak
- Musika lasaigarria
GEHIAGO SAKONTZEKO:
- “Mobile” film laburra. https://vimeo.com/209406817 https://vimeo.com/209406817
- “Lebo M - One by One” film laburra https://www.youtube.com/watch?v=QQCjmI4MW-E
Tratu txarren aurrean, aldatu tratu onera
INDARKERIA MATXISTAREKIN BUELTAKA |
TRATU TXARRAREN AURREAN, ALDATU TRATU ONERA
JDesberdintasunari buruz kontzientzia hartzearekin eta sentsibilizatzearekin batera, enpatia lantzea funtsezko elementu bihurtzen da indarkeria matxistak prebenitzeko, bereziki mutilen kasuan. Hedabideetan, bideojokoetan, ipuinetan ageri den indarkeriaren eraginpean egoteak gutxitu egiten du mutilen enpatia-maila indarkeriaren aurrean, normaldu egiten baitituzte “normalak" ez diren egoerak. |
HELBURUA
- Mostrar Enpatiazko jarrera erakustea.
- Trebetasunak garatzea ikaskideak ondo sentiarazteko.
- Alternatibak bilatzea tratu txarrari.
- Aktiboki parte hartzea eta errespetuzko jarrerarekin.
Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasai bat lortzeko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko.
GARAPENA
Sexismoa eta tratu txarra, zoritxarrez, gero eta sarriago gertatzen dira edo gero eta gehiago detektatzen ditugu Bigarren Hezkuntzaren aurreko etapetan. Oker gabiltza pentsatzen badugu gure ikasleek ez dutela ulertzen zer den indarkeria matxista, ondo dakigunez, matxismoa jaio aurretik ere hasten baita sozializatzen.
Zenbaitetan, haur batzuk errealitatearen ikuspegi sexista bat garatzen hasten dira; are gehiago, mutil izateak nesken gainetik eta neskekiko abantailak eta pribilegioak ekar ditzakeela ikasten hasten dira. Gainera, adin horietan dagoeneko antzeman ditzakegu sexuen arteko funtsezko desberdintasun-esperientziak, landu ahal izango ditugunak. Eta horretarako, berebiziko garrantzia du enpatia lantzeak.
Enpatia beste pertsonaren lekuan jartzeko dugun gaitasuna edo asmoa da, haren sentimenduak eta emozioak edozein egoeratan ulertzeko, eta oinarria da beste pertsona batzuk zaintzeko, tratu txarraren aurrean tratu onera aldatzeko. Enpatia sustatuz lor dezakegu gure ikasleak beren errealitatetik irteteko gai izatea beren inguruko gainerako pertsonei zer gertatzen zaien uler dezaten. Gainera, enpatikoa den batek ez dio egingo berari egitea gustatzen ez zaiona beste bati.
Enpatiari heltzeko, eskatu egingo diegu gure ikasleei, norbere kasa, fitxa hau lantzeko: “Enpatizatu tratu txarraren aurrean, aldatu tratu onera”. 15 minutu inguru utziko diegu bakoitzak bere fitxa lantzeko. Bitartean, musika lasaia ipin dezakegu ikasgelan giro erlaxatu bat sortzeko.
Amaitu dutenean, lau kideko talde mistoak eratuko ditugu, eta eskatu egingo diegu beren fitxetan idatziz jasotzeko taldeko gainerako kideekin zertan datozen bat eta zertan ez datozen bat.
Gero, arbelera joango gara eta bi zatitan banatuko dugu, eman dizkiegun kontsigna berekin: batean “Besteek niri egitea gustatzen zaizkidan gauzak”, eta bestean “Besteek niri egitea gustatzen ez zaizkidan gauzak”. Talde bakoitzak bozeramaile bat izango du bere taldean zertan datozen bat eta zertan ez datozen bat esan dezan, eta idatziz jasoko dugu guztia.
Arbelean dena jasota dagoenean, ados dauden gauzak eta ados ez dauden gauzak aztertu ahal izango ditugu gure ikasleekin, eta azpimarratu egingo dugu nola gauden zerbaitek gaizki sentiarazten gaituenean, ikasgelako norbaiten aldetik tratu txarren bat jasotzen dugunean, eta nola sentiaraz ditzakegun besteak gure jarrerekin.
Debatearen eta hausnarketaren amaieran, denon artean idatziko ditugu gure gelako ideiak bertan gauden guztiak ondo sentiarazteko eta guztion artean tratu txarraren aurrean alternatibak bilatzeko.
IRAUPENA
Jarduerak saio bat iraun dezake gutxi gorabehera, baina pixka bat gehiago luzatu ahal izango dugu landutakoa sistematizatu beharko balitz.
BALIABIDEAK
- Anexo: Eranskina: “Tratu txarraren aurrean, aldatu tratu onera”
GEHIAGO SAKONTZEKO:
- “Txoriak” film laburra. https://www.youtube.com/watch?v=BLxx59JLCCY
- “Lorenzoren lapikoa” film laburra. https://www.youtube.com/watch?v=P9MisBNZqHk
- Laukitxoren istorioa https://www.youtube.com/watch?v=7ajy-2deswc&t=36
Emoziotegia
INDARKERIA MATXISTAREKIN BUELTAKA |
EMOZIOTEGIA
Emozioak modu berdinzale eta konstruktibo batean kudeatzen heztea funtsezko lerroa da indarkeria matxistak prebenitzeko. Lehen Hezkuntzan oso beharrezkotzat jotzen da ‒bereziki lehen zikloan‒ hezkuntza emozionalari genero-ikuspegi batetik heltzea. .
HELBURUA
- Emozioak autorregulatzeko trebetasunak garatzea, genero-estereotipoak alde batera utzita.
- Aktiboki parte hartzea eta errespetuzko jarrerarekin.
- Enpatiazko jarrera garatzea.
Jarduera honekin hasi aurretik, komeni da ariketa egitea, giro lasai bat lortzeko eta ikasleak horrelako jardueretara ohitzeko.
GARAPENA
Genero-indarkeria adin goiztiarretatik prebenitu nahi badugu, zeharkakotasunez landu behar dugu berdintasuna ikastetxean. Kontua ez da genero-indarkeria zer den aztertzea, berau prebenitzeko heztea baizik. Dakigun bezala, matxismoari eta indarkeria matxistari azkena emateko modu bakarra berdintasunean oinarritutako eta berdintasunera bideratutako hezkuntza da, labur esanda: hezkidetza.
Indarkeria matxista hori prebenitzeko moduetako bat emozioak genero-ikuspegi batetik kudeatzea eta aintzat hartzea da, azpimarratuta neskak ez direla emozio batzuekin erlazionatzen eta mutilak beste batzuekin. Hau da, neskak ez direla afektiboagoak edo enpatikoagoak eta mutilak zakarragoak edo bortitzagoak.
Jarduera hau ez da ekintza zehatz bat, tresna didaktiko bat bilakatu baitaiteke, ikasturtean zehar eta hezkuntza-etapa desberdinetan landu ahal izango duguna. “Emoziotegia” materialaz ari gara. Material horrek, emozio desberdinak esplikatzen dituen testu bat biltzeaz gain, web-orriak ditu hainbat dinamika jasotzen dituztenak emozio horien lanketa sendotzeko.
Komenigarria litzateke aztertzea zer egoeratan gauden emozio desberdinen aurrean, eta alternatibak aurkitzea sentitzen dugunaren edo gugan izan duten eragin negatiboaren arabera.
Ondoko estekan testuari erantsitako material guztia aurkituko duzue, hezkuntza-etapen arabera sailkatua:
https://www.palabrasaladas.com/emocionario.html
Web-orriak, gainera, irakurketa-gida bat eskaintzen du xedetzat hartutako metodologian eta emozio horietako bakoitza lantzeak duen garrantzian sakondu ahal izateko. Hau da esteka:
https://www.palabrasaladas.com/emocionario.html#c6
https://www.palabrasaladas.com/f/emo_euskera/irakurketa_gida.pdf
Testuak 42 emozio biltzen ditu, eta modu zabal batean tratatzen dira, maitasunetik hasita eta esker onarekin amaituta. Web-orrian hainbat fitxa eskaintzen dira ikasleekin esku hartzeko, eta ondoko estekan deskargatu ditzakezue:
https://www.palabrasaladas.com/f/emo_eus.html
Asmoa da emozio horiek antolatzea ikasturtean zehar dagozkien fitxekin lantzeko. Horrela, ikasturtea amaitzen denean, sakonagotik ezagutuko dituzte beren emozioak eta handiagoa izango da haien konpetentzia emozionala.
Gainera, Lehen Hezkuntzako kurtso bakoitzeko antolatu ditzakegu. Adibidez, 7 emozio lantzea ikasturte bakoitzeko; horrela, ikasleek hezkuntza-etapa hau amaitzen dutenerako, 42 emozio izango dituzte sakontasunez landuak.
IRAUPENA
Jarduerak ikasturte osoa iraun dezake, nahiz eta emozio bakoitzari lan-saio bat eskaini ahal izango diogun ikasgelan.
BALIABIDEAK
Emoziotegia. Palabras Aladas argitaletxea.
https://www.palabrasaladas.com/f/emo_euskera/irakurketa_gida.pdf
Fotokopiatzeko diren lan-fitxak ondoko estekan:
https://www.palabrasaladas.com/f/emo_eus.html
GEHIAGO SAKONTZEKO:
- Emoziotegia: https://www.youtube.com/watch?v=Oc6tN9eH-OQ
- Emocionario: https://www.youtube.com/watch?v=w_Nx2p6rqxo
- Emocionario (I. parte): https://www.youtube.com/watch?v=n4d6sT-aL8I
- Emocionario (2. parte): https://www.youtube.com/watch?v=sa2hPRqyCZc