Non daude emakumeak?

Ezagutzen ditut emakumeak...

NON DAUDE EMAKUMEAK?

 

 EZAGUTZEN DITUT EMAKUMEAK

Gizonak nagusi izan diren esparruetan emakumeek daukaten presentzia txikia oztopoa da bizitzaren testuinguru eta esfera guztietan berdintasun errealaz hitz egiteko. Bide horretan aurrera egiteko, ezinbestekoa da lanbide-arlo guztiak eta une historiko ezberdinak aintzat hartuko dituen emakumeen historiografia bat egitea.

 

HELBURUA

  • Emakumeak esparru ezberdinetan ikusezin bihurtu izanari buruz gogoeta egitea.
  • Emakumeek presentzia txikiegia duten esparruetan jarduten duten emakumeak ezagutzea. 
  • Lanbideen inguruko ezagutza berriak eskuratzea.
  • Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea. 
  •  Jarrera enpatikoa agertzea.

 

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da  ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko

Hasteko, ikasleekin partekatuko dugu zer helburu dituen jarduerak.

Tradizionalki maskulinizatuta egon diren esparruetan jarduten duten emakumeak ezagutze aldera, ikusgai ez dagoena ikusgai jartzeko ariketatxo bat egingo dugu ikasleekin. Hasteko, borobilean jarriko ditugu haurrak, elkarri aurpegia ikusteko moduan. Ondoren, inguruan dituzten emakumeei buruzko galdera hauek egingo dizkiegu:

  • Ezagutzen al duzue emakume suhiltzailerik?
  • Ezagutzen al duzue emakume futbolaririk?
  • Ezagutzen al duzue emakume astronautarik?
  • Ezagutzen al duzue emakume surflaririk?
  • Ezagutzen duzue emakume zientzialaririk?
  • Ezagutzen duzue emakume politikaririk?
  • Ezagutzen al duzue emakume arkitektorik?

Nahi beste lanbide sar daitezke galderetan: politikariak, primatologoak, tenislariak, asmatzaileak, etab. Baliteke ikasleek arkitekto edo surflari bat zer den galdetzea; hala bada, lanbide horiek azaltzeko aprobetxatuko dugu. Esparru horietan emakume gutxi ezagutzen badituzte edo bat bera ere ez badute aipatzen, lanbide horiek dituzten emakumeei buruzko aurkezpen bat jar diezaiekegu. Besteak beste, emakume hauek sar ditzakegu bertan:

  • Emakume ospetsuak: https://es.calameo.com/read/000953494cef7a8852c91
  • Mª Luisa Cabañero, suhiltzailea.
  • Jenni Hermoso, emakumeen Bartzelona futbol-taldeko jokalaria.
  • Valentina Tereshkova, astronauta.
  • Garazi Sánchez, surfilaria.
  • Margarita Salas, biokimikaria.
  • Bonifacia Blázquez, lehen emakumezko polizietako bat.
  • Zaha Hadid, arkitektoa.

Jarduera honen osagarri gisa, beren inguruan dauden emakumeek zer lanbide duten galde dakieke. Erantzunak arbelean jarriko ditugu, gero lanbide horretan zer egiten den dakiten ala ez egiaztatzeko. Azkenik, gustatzen zaien lanbide bat duen emakume bat marrazteko eskatuko diegu haurrei. Marrazkiak gelan bertan edo ikastetxeko korridoreetan jar daitezke.

Jarduera gehiago osatzeko, tradizionalki maskulinotzat jotako lanbideak dituzten emakumeak gonbida daitezke ikasgelara edo ikastetxera, beren esperientziari buruz hitz egin dezaten eta neskentzako erreferente izan daitezen.

 

IRAUPENA

Jarduera ordubete luza daiteke, ikasleekin landu nahi dugunaren arabera.

 

BALIABIDEAK

  • Ikasle guztiak zirkuluan jartzeko moduko gela bat, denok batzartzeko modukoa.
  • Orriak, arkatzak eta gomak, koloreetako errotuladoreak.
  • Ordenagailua, proiektorea eta arbela.

 

GEHIAGO JAKITEKO:

 

EZAGUTZEN DITUT EMAKUMEAK

Berdintasuna kontatu egiten da

NON DAUDE EMAKUMEAK?

 

  BERDINTASUNA KONTATU EGITEN DA

Haur Hezkuntzan, ikaskuntzarako funtsezko baliabide dira ipuinak eta istorioak. Ipuinen bidez, hamaika gai landu daitezke, eta gai horiekin ipuinek neskatoen eta mutikoen arteko berdintasun-harremanari egiten dizkioten ekarpenen inguruko gogoeta ere egin daiteke.

 

HELBURUA

  • Berdintasuna sustatzen duten kontakizunak partekatzea.
  • Ipuinetan eta istorioetan berdintasuna identifikatzea.
  • Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz lan egitea. 
  • Errespetuz eta elkarrizketarako jarrera irekiaz parte hartzea. 
  • Jarrera enpatikoa agertzea.

 

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da  ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko

Hasteko, jardueraren helburuak azalduko dizkiegu ikasleei.

Kasu gehienetan, Haur Hezkuntzako ikasleek ez dute irakurtzen eta idazten ikasteko prozesua bukatu. Horrexegatik, jarduera honetan kontakizunean jarriko dugu arreta, hau da, istorioak haurren esperientzietatik, jakin-minetatik eta ikaskuntzetatik abiatuta kontatzean.

Hasteko, objektu, pertsona edo animalia bat duen txartel bana emango diegu haurrei. Irakurtzen ez badakite, lagundu egingo diegu eta gainerakoekin partekatuko dugu. Besteak beste, irudi hauek erabil daitezke:

  • Pertsonaiak: egurgilea, basozaina, ile-apaintzailea, patinak daramatzan neskato bat, bizikleta bat daukan mutiko bat, etab.
  • Animaliak: dortoka, lehoia, jirafa, sugea, txakurra, sagua, etab.
  • Objektuak: zuhaitza, loreontzia, platera, platanoa, landarea, artaziak, etab.

Jarraian, haur bakoitzak txartel bana duenean, etxean istoriotxo bat prestatzeko eskatuko diegu, baldintza honekin: txartelean duten irudia izan behar da protagonista. Helburua da familiek tokatu zaien protagonistaren istorioa idazten laguntzea. Ipuina ez da oso luzea izan behar, eskolan aurkezteko denbora nahikoa izan behar dugulako; nahikoa da orrialde bakarra idaztearekin. Jarraibide hauek baino ez dizkiegu emango:

  • Ipuinaren protagonista txartelean tokatu zaiena izan behar da.
  • Istorioa berdintasunean oinarrituta egon behar da.

Ikasleek beren istorioak ikasgelara ekartzen dituztenean, aste horretako zenbait saio bideratuko ditugu istorioak elkarrekin entzutera. Honela antola daitezke istorioen kontakizunak: egun batean objektuak protagonistatzat dituzten istorioak, beste batean pertsonak protagonistatzat dituztenak eta, azkenik, animaliak dituztenak. Horrela, denbora izango dugu istorioak kontatu eta entzuteko, eta ez da egongo gatazkarik egun bakoitzean istorioa nork kontatuko duen erabakitzeko. Haurrek beren istorioa kontatuko dute; ez badakite irakurtzen, ez dute idatzitakoa irakurri behar, nahikoa da kontatzearekin. Horretarako, noski, garrantzitsua da istorioa etxean landu izana gero ondo gogoratzeko.

Irakurketa-saioen ondoren eztabaida egin daiteke ipuinetan dagoen berdintasunaren inguruan. Besteak beste, galdera hauek egin daitezke:

  • Zer iruditu zaizkizue gaur kontatu ditugun istorioak?
  • Zer iruditu zaizue zailena istorioa prestatzean? Eta errazena?
  • Berdintasunean oinarritutako istorioa da? Zergatik?
  • Nola lantzen du istorio bakoitzak berdintasunaren gaia?

 

IRAUPENA

Jarduera honek ordubete har dezake istorioak aurkezteko baliatzen dugun saio bakoitzean.

 

BALIABIDEAK

Dinamika honetarako, borobilean jarri eta ipuinak irakurtzeko aukera ematen duen gela bat behar dugu. Txartelak ere eraman behar dira, ipuinaren protagonista nor den jakiteko (pertsonaia, objektua, animalia).

 

GEHIAGO JAKITEKO:

 

BERDINTASUNA KONTATU EGITEN DA

Margotu beren obrak... emakume pintoreak

NON DAUDE EMAKUMEAK?

 

  MARGOTU BEREN OBRAK... EMAKUME PINTOREAK

Pintura da emakumeak ikusezin bihurtuta egon diren beste esparru bat. Museo handiak gizonen lanez beteta daude. Ildo beretik, gizonen lanak agertzen dira batez ere komunikabideetan eta testuliburuetan. Artearen esparruko desberdinkeria horri aurre egiteko, ezinbestekoa da esparru artistiko ezberdinetako emakumeak berreskuratzea. Kasu honetan, pinturari helduko diogu.

 

HELBURUA

●        Erreferente izandako emakume margolari batzuk eta artearen arloari egin dizkioten ekarpenak ezagutzea. 

●        Emakumeek egindako artelanak baloratzea

 

GARAPENA

Jarduera honi ekin aurretik, komeni da  ariketa egitea, giro lasaia lortzeko eta ikasleak era horretako jardueretara ohitzeko. 

Hasteko, ikasleekin partekatuko dugu zer helburu dituen jarduerak.

Margolarien unibertsoan murgiltzeko, lehenik erreferente diren artista batzuen eta haiek egindako lan baten edo batzuen argazkiak erakutsiko dizkiegu. Besteak beste, hauek berreskura ditzakegu:

  • Sofonisba Anguissola (Italia, 1532-1625).
  • Hilma af Klint (Suedia, 1862-1944).
  • Lempickako Tamara (Polonia, 1898-1980).
  • Maruja Mallo (Galizia  1902-1995).
  • Frida Kahlo (Mexico, 1907-1954).
  • Remedios Varo ( Kataluina1908-1963)
  • Paz Espada (Euskal Herria, 1931-2021)

Ondoren, margolari eta artelan zehatz bat hauta ditzakegu. Adibidez, Hilma af Klint artistaren obrak abstraktuak dira, eta oso emankorrak izan daitezke ikasleekin erabiltzeko; are gehiago, lehen artista abstraktutzat ere jotzen da, Wassily Kandisky baino lehenagokoa delako. Artelan horien artean “Orainaren lurruna” dago. Artelan hori arbel digitalean edo ordenagailuan jar dezakegu eta ikasleei artelana kopiatzeko eskatu. Gero, ikasle bakoitzak bere izena jarriko du orriaren izkinan, autorearen eta obraren izenarekin batera. Bukatuta daudenean, ikasgelan edo korridoreetan jar ditzakegu artelanak.

 

IRAUPENA

Jarduera ordubete luza daiteke, segun eta zer gogoeta egin dezakegun ikasleekin emakumeei eta pinturari buruz.

 

BALIABIDEAK

Lan egiteko espazio nahikoa duen ikasgela bat.

Eranskina: Hilma af Klint-en “Orainaren lurruna” artelana.

 

GEHIAGO JAKITEKO:

 

MARGOTU BEREN OBRAK... EMAKUME PINTOREAK